Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Dantza Cuadernos de Etnologia y Etnografia de Navarra aldizkarian

Dokumentuaren akzioak

Dantza Cuadernos de Etnologia y Etnografia de Navarra aldizkarian

2014/01/30 10:55
Dantza Cuadernos de Etnologia y Etnografia de Navarra aldizkarian

Zaraitzu, 1920 inguruan. Baionako Euskal Museoa.

Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra (CEEN) aldizkariak Nafarroaren ohiturekin, kulturarekin, artisautzarekin, sinismenekin eta abarrekin zer ikusia daukaten gaien inguruko lanak biltzen ditu. 1969. urtean argitaratu zen lehenengoz eta 2013koa da argitaratutako azken zenbakia. Honako sarrera honetan CEEN-en dantzarekin harremana duten idatzien zerrenda eta laburpenak prestatu ditugu. Honetarako aurretik, 1998an argitaratutako Invitación al estudio de la Danza tradicional en el País Vasco (koord. Kepa Fdez. de Larrinoa) liburuan Unai Martiartu Tapiz-ek egindako hustuketa abiapuntutzat hartu dugu, harrez gero argitaratu diren lan berriak zerrendatu ditugu eta artikuluen laburpenak egin ditugu.

Otsagabia 1930 dantzariak eta musikariak
Otsagabia 1930 dantzariak eta musikariak. Baionako Euskal Museoa.
Cesar Borgia dokumentazio zentroak CEEN aldizkari guztiek digitalizazioa, sailkapena eta sareratzea burutu du, eta horri esker, dantzari buruz aritzen diren artikulu guztien pdf-etara loturak eskaintzeko moduan gaude zerrenda honetan. CEEN-en aurki daitezkeen dantzari buruzko artikuluen berri ematen duen zerrendaren ondoren, testu horien laburpenak edo sintesiak jaso ditugu, egileen hurrenkeran antolatuta. 

Antxon Aguirre Sorondo "Notas sobre la evolución de las fiestas en Guipúzcoa", "Identidad y Fiestas", "Interpretación de las fiestas: propiciación y protección" eta "Palos, bastones y makilas" titulua daukaten idatzien autorea da. Lehengoa Gipuzkoan ematen diren hainbat jai, festa eta erromeria, handi zein txikiren bilketa da. Lana bost esparrutan zatitua dago: musika eta dantza, arropak, janari eta edariak, jarduerak eta azkenik jokabideak. Bigarren artikuluaren

Lizartzako dantzariak 1928
Lizartzako dantzariak, 1928.
muina festaren gertakaria da eta bere inbestigazioek emandako fruitua ekartzen du agerira. Hirugarrena aurreko bien sakontzea da, hau da, aurrekoetan deskribatu fenomenoetan sakontzen du festen klasifikazio bat eginez (astroen edota sasoien araberako festak), berriz ere Gipuzkoako kasua modu zehatzean aztertzen du eta azkenik konklusio bat garatzen du lanari bukaera bat emateko eta bere iritziak eta azaldu datuak uztartzeko. Azkeneko idatziak makila-ren sorrerari, erabilpenari eta garrantziari hurbiltzea du helburu. Horretarako bere sinbologiaz, erabilgarritasunaz, arma izaeraz, auzietan izandako agerpenaz eta beste hainbat gauzez mintzo da Aguirre.

Nicolás Arbizu Gabirondok "Ermitas de Iturmendi" artikuluan Sakana bailarako Burunda zonaldean aurkitzen den Iturmendi herriak dauzkan 4 ermitak aztertzen ditu eta hauetako batzuetan eman ohi ziren erromeriak edota jaiak izendatzen eta deskribatzen ditu. Tomas Alonso "Un ejemplo iconográfico de la danza social en Navarra" idatziaren autorea da. Bertan Nafarroako dantzek, sozialek zein erritualek, ikonografian duten papera jorratzen da, eta horretarako geografian zehar ermitetan eta abarretan topatzen diren irudiak aztertu eta azaltzen ditu Alonsok.

Mikel Aranburu Urtasunek hainbat lan ditu, 1986 eta 1997 bitartean argitaratutakoak CEENen, eta dantza aztergai dutenak. Idatzitako lehen artikulua, 1986. urtean, "El dance o paloteado en la Ribera Meridional de Navarra" da. Bertan Ortzadar taldeak paloteadoekin egin lana (iturri idatzi zein ahozkoetara jo, prestakuntza, eta abar) azaltzen du. Fustiñana, Murchante, Monteagudo, Cortes eta Ribaforadako paloteadoak zehaztasunez azaltzen ditu eta beste hainbat aipatu, hala nola, Cabanillas, Cintruenigo eta Ablitas. Azkenik, Aragoiko hainbat herrien zerrenda aurkezten da eta bakoitzaren paloteadoen azalpen txiki bat egiten da.

1987an bi artikulu argitaratu zituen, "El baile en las fiestas patronales de los pueblos de Erroibar y Artzibar" eta "Contribución al estudio del paloteado: Dances próximos de Borja, Ainzón y Tauste". Lehena Erroibar eta Artzibarren ematen diren herriko jaien eta dantzen ingurukoa da. Herri baten patroi-jaiak zer diren azaldu eta gero giza-dantza edo dantza sozialaren inguruan mintzo da: definitu, eremu horietan ematen diren dantza ezberdinak aztertu eta azaltzen ditu, bai eta elizak herri-dantzetan eduki eraginak ere. Bestetik, bigarren idatzia aurretik paloteadoen inguruan aurkeztutako lanari erreferentzia egiten hasten da. Ondotik, berezko testuari ekiten dio; “Contribución al estudio del paloteado”. Lehenik inbestigazioa zertan dantzan azaltzen du, eta hortik Aragoira egiten du jauzi du Borjako San Bartolomé-ren dancea bai eta honen atalak ere aztertzeko (pertsonaiak, arropa eta testuak beste batzuen artean). Beste horrenbeste eginen du Ainzón-go San Cristoren eta azkenik Tausteko Santxo Abarkaren Amabirjinaren paloteadoekin.

Erronkari bikotea 1922
Erronkari bikotea 1922. Baionako Euskal Museoa.
1988-an "Consideraciones acerca de la música de danza en Euskal Herria" idatzi zuen Aranburuk. Honakoan euskal musika tradizionalaren ezaugarriak batetik eta honen jatorria, garapena eta dantzarako musikaren transmisioa bestetik. 1989-ko bi artikulu ditugu irakurgarri; "El grupo folklorico: exponente de la cultura tradicional en el medio urbano" eta "Folklore festivo del valle de Arce". Dantza-taldearen inguruko testuak hauen nondik norakoak (kontzeptua, jarduerak, antolakuntza sozioekonomikoa eta abarren azalpena), abertzaletasuna eta folklorearen arteko harremana deskribatzen du eta kultura tradizional eta popularraren arteko dikotomia azaltzen du. Bigarren publikazioa Ortzadarrek Artzibarren jai tradizionalaren inguruan egindako inkesta etnografikoaren azalpenean datza: inkestan zeintzuk parte hartu duten ekartzen digu, bai eta jai-egun berezien zerrendatze bat: errege-festak, San Anton, Kandelaria, Aste Santua, Inauteriak… Maiordomoen irudia eta papera zertan datzan azaltzen du (hautaketa, betebeharrak…), irudiaren desagertzea, gazte-antolakuntza, bertako zein kanpoko dantzak behatzen ditu, janzkera, musikariak eta jai garrantzitsuak diren hainbat egun eta hainbeste ezaugarri ere aipatzen ditu.

1991ko "Innovación en la tradición: Aspectos organizativos y financieros de la actividad cultural" artikuluaren bidez, Mikel Aranburuk kultura tradizionalaren definizio bat ematen du, hau da, zeintzuk diren bere elementurik adierazgarrienak. Azalpen hori eskuan hartuta kultura tradizionalaren berriztatzearen inguruan arituko da. Urte horretan "Glosario de instrumentos de música tradicionales vascos" ere argitaratu zuen. Honakoan Euskal Herrian topa ditzakegun soinu-tresnen zerrendatzeaz gain, bakoitzaren zehaztasunak ere emanen dizkigu. 1997ean "Zortziko de Arruazu. Apuntes para su reconstrucción" argitaratu zuen. Testu honetan dantza baten berreskuratze lanetarako beharrezkoak diren urratsez (melodiez, oinarri koreografikoez) eta Arruazuko zortzikoa bersortzeko proposatzen den ziklo koreografikoaz mintzo zaigu Mikel Aranburu.

Otsagabia 1900 inguruan emakumeak korroan
Otsagabia 1900 inguruan emakumeak korroan. Baionako Euskal Museoa.
Francisco Arraras Sotoren hiru idatzi ditugu eskuragarri CEEN-en. Lehenak "Danzas de Navarra" du izenburua eta honek agertzen duen moduan Nafarroako hainbat dantzari errepaso egiten die, hala nola erlijioarekin lotutako dantzak (Berako bandera-dantza), Kalejirak edo Kortejoak (Baztango Eztei-taldea), Joku-dantzak (Antzara joku), gudu-dantzak (Lesakako ezpata-dantzak) eta abar luze bat. Bigarrena “Bodas de antaño” da. Honakoak Nafarroako bailara ezberdinetako eta batez ere Baztango ezteiak nola ospatzen ziren kontatzen du zehaztasun osoz. Azaltzen du ezkontza aurreko egunetan zer protokolo bete behar ziren, zer melodia jotzen zituzten ttun-ttuneroek, zer dantza dantzatzen ziren, eta abar. Azken idazkiak, "Artesanía salacenca en el siglo XIX (la construcción de remos en Ochagavía)"-k, Otsagabiko batel-lantegiaz mintzo da, jabeaz, familiaz eta hainbat detaile batzuez.

Enrique Jordak euskal-dantzek dantza klasikoan eduki influentzia aztertzen du "Lo vasco y la danza clásica (resumen)" idatzian. Eraginaren beste plano batekin lotuta, Jesus Chueca Intxustak idatzitako "Euskal Nazionalismoak herri nortasunaren eraikuntzan folkloreari emandako zeregina (1931-1939)" artikuloa alderdi politikoek guerra-aurretik egindako folklorearen erabilpen sozio-politikoaz mintzo da eta horren inguruan agertu hainbat ekimenez edo erakundez ere, hau da dantza eta abertzaletasunaren arteko elkarrekiko eraginaz.

Jon Bagüsek idatzitako "La enseñanza de la danza académica en el Real Seminario Patriótico Bascongado de Vergara en el siglo XVIII" testuan aurkezten dena lan zabalago baten introdukzioa edo presentazioa da. Honakoak bi zatiz osatua dago: lehenik tituluak azaltzen duen gaiaren azterketa zehatza egiten du eta bigarren parteak musika akademikoa eta herrikoiaren arteko harremanen hainbat ohar ematen ditu.

Dantzariak Zarauzko Narros jauregian
Aurreskua Zarautzen, Narros Jauregiaren aurrean.
Gaizka Barandiaranen "Iztueta en la encrucijada de la tradición guipuzcoana" eta "La jota y el vals de Cortes" ditugu irakurgai. Lehenengo artikuluan Joan Ignazio Iztuetaren tradizioaren inguruko ikuspuntua ematen du, hau da, Iztuetarentzat tradizioa aldakorra ala estatikoa ote den aztertzen da. Bigarrenak Cortes herriko dantzen nondik norako zehatzak ematen dizkigu Barandiaranek: noiz, non, nork eta non jaso ziren batetik eta dantzen koreografien azalpen zehatzak, hitzez zein marrazkiz.

Joxemiel Bidadoren hainbat idatzi aurki daitezke CEEN-en. Lehenengoa "Materiales para una bibliografía sobre danza vasca" da. Bertan, dantzaren inguruko bibliografiaren analisi historiko bat egiten du batetik eta bestetik zerrenda bibliografiko luze bat garatzen du. Bigarren idatziak "Pedro Antonio Añibarro Aitaren Misionari euscalduna liburuan dantzei buruz dakartzan 66. eta 67. doktrineak bere adibideekin" du izenburu. Honakoak bost zati ditu: Pedro Antonio Añibarroren bizitza, Añibarroren lanak, apaiza misioetan, zer zen dantza misioneroarentzat eta 66. eta 67. doktrinak eta adibideak.

"Un edicto contra las danzas del Obispo de Pamplona Juan Lorenzo Irigoyen Dutari (1769)" da hirugarren irakurgaiaren izenburua. Izenburuak agerira testuaren ardatza agerira dakarren arren, Joxemielek apezpikuaren bizitzaren hainbat ideia ematen dizkigu eta ondotik haren ediktoa azaldu eta kritikatzen du. Laugarrenak "El misionero dominico fray Antonio Garcés a su paso por Euskal Herria y su opinión sobre la danza" du izenburutzat. Testua fraide honen bizitzaren ingurukoa da eta baita honek dantzaren kontrako idatzitakoaren ingurukoa ere. Aztergai dugun azkeneko idatzia "Azpiazu y su descripción de las diversiones públicas de Guipúzcoa (1858)" da.

Barranka emakume urketaria 1910
Barranka emakume urketaria 1910. Baionako Euskal Museoa.
Jesús Azcona Mauleon-en bi datzi ditugu eskuragarri CEEN-en. 1987-ko "De culturas populares" eta 1989-ko "Sociedad urbana". Lehenengoak kultura popularra eta kultura tradizionala terminoak definitu eta deskribatzen eta kontrajartzen ditu gogoeta pertsonal bat egiteko. Bigarrenak aldiz, Ortzadarrek antolatu 1988ko IV. Folklore jardunaldietan izandako mahai-inguruan “Sociedad urbana: Comunidad y tradición” mintzagaia du ardatz. Hau da, bertan txostengileek, Ander Gurrutxagak, Jesús Arpalek eta Jesús Azconak, hitz egindakoa biltzen da. Azcona jaunak Nafarroako landa eta hiri eremuen arteko kontrajartzeak kritikatzen da eta dikotomia horrek sortu hainbat konflikto aztertzen ditu.

Francisco Eraso Alduncin da "Bailes típicos y otras costumbres de Santesteban" idatziaren autorea eta Doneztebe herriko dantzen garapena eta 1979ko hauen egoera kontatzen digu. Doneztebeko dantzez gain Nafarroa osoko beste hainbat dantza ikertzen dira Antonio Goya-k idatzitako "Dantzas navarras" testuan: Berako makil-dantzak, Arrarasko zozo-dantza, Olagueko esku-dantza, Baztango ipurdi-dantza eta Doneztebeko mutil-dantza. Hauen azterketa melodiko, koreografiko eta historikoak agertzen dira.

Jose María Jimeno Jurio-k Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra-n dantzarekin lotura zuzen duten hiru lan argitaratu zituen, 1973an lehena eta 1993an azkenekoa. "Paloteado de Monteagudo, La fiesta del Corpus en Tierra Estella" eta "Paloteado de moros y cristianos" dira haien izenburuak. Lehen idatzian Monteagudoko paloteadoaren edo dancearen deskribapen zehatza egiten du Jimeno Juríok, batez ere 1894.ean egindako paloteadoaren testuetan arreta jartzen. Bigarren testuari hasiera emateko Corpus Christi edo Besta Berriaren inguruko informazioa ematen digu Nafarroa mailan eta ondotik Estellerri edo Tierra Estella-n zentratuta hainbat eginkizun edo festaren zatien zehaztasunak kontatzen dizkigu (prozesioak, dantzak eta abar) eta bukatzeko Oktaban (Octava), Besta Berri egunaren ondoko astean, burutzen ziren ospakizunak azaltzen ditu autoreak. Bere azken idatzian, Ebro ibaiaren harroan topatzen diren herri batzuen antzerki mota konkretu bat azaltzen digu, kristauen eta mairuen paloteadoa edo pastorala, eta “dialogo”-ak edo testuak argira ekartzen ditu. Azalpenean pertsonaien, dantzarako erreminten, testuaren izaera popularraren edo herrikoiaren eta abarren nondik norakoak ematen dizkigu.

Angel Irigaray Imazek aldiz "Danzas euskarianas que se interpretaban en Auritz (Burguete)" idatzian bertako dantzen historia kontatzen du eta bildutako melodiak eta dantzak azaltzen ditu. Juan Cruz Labeaga Mendiola-k Zangotza herriaren inguruan idatzitako "Danzantes y Gaiteros en Sangüesa" 5 partetan zatitua dago: Besta Berri eta errege ekitaldiak XVI. mendean, XVII eta XVIII mendeetako hainbat berri, Socorro Amabirjinaren eta San Lambertoren kofradia, San Romanen kofradia eta Gaiteroak Iraileko San Sebastian jaietan. Bertan dantzarien eta gaitarien papera aztertzen da Zangotzako jai egunetan. Nafarroako beste eremu baten eduki kulturala aztertzeko intentzioz "Música y danza en Las Améscoas. Su incidencia en la vida social" Luciano Lapuente-ren artikulura jo dezakegu. Izenburuak dion bezala Ameskoako herri-festetako musika eta dantzak jorratzen dira baita dantza hauek herrian edukitako influentzia ere. Ondotik XIX eta XX. Mendeetatik ibilbide historiko bat egiten du.

Izaba 1910 emakume taldea
Izaba 1910 emakume taldea. Baionako Euskal Museoa.
María del Sol Otermin Elcano "Folklore roncalés" artikuluaren autorea da. Erronkariko janzkera, dantza, koplak eta ohiturak aztertzen ditu modu oso zehatz batean. Erronkaritik Iruñera salto eginda, Jesus Ramos Martínez-ek Nafarroako hiriburuan egondako dantza eta musikaren inguruko debekuez idatzi zuen "Ordenaciones para la música y la danza en la Pamplona del siglo XVIII" artikuluan.

Miguel Angel Sagasetak Luzaideko dantzak aztertu zituen bere garaian, baita haien azalpena eta musikak bildu ere. Lan luze horren sintesia edo laburpena dugu "Estudio de los bailes de Valcarlos". Luzaidetik alde egin gabe, Patxi Laborda Larrea-ren "Folklore satírico de Valcarlos. La Karroxa" artikuluak bertako Karroxaren nondik norakoak aztertzen ditu modu zehatzean, hau da, pertsonaiak, izenaren inguruko aipamenak, haren elementu folklorikoak eta egiten duen satira edo humorezko kritika.

Karlos Sanchez Equizak idatzitako "Dos polémicas sobre la música tradicional en Navarra" dugu batetik, zeinek Iruritan (Baztan) eta Iruñean egondako bi arazoez azaltzen dizkigun, eta "En torno al zortziko" bigarrenik, zortzikoaren ikerketa zehatz bat egiten duen idatzia. Lehenengoak Iruritara gaiteroak txistularien ordez eraman izanaren eta Iruñean 2 txistulari plaza publikoen sorkuntzaren inpaktu mediatikoez mintzo da, Diario de Navarrak eta La Voz de Navarrak egindako argitalpenak hain zuzen ere. Bigarren testuak, aldiz, zortzikoaren erritmo bereziaren nondik norako zehatzak ematen ditu: kontzeptua eta erritmoa, digresio pare bat egiten ditu hainbat afera azaltzeko (kantuarekin lotutako bat eta Kaxarrankari eta Bizkaiari lotutakoa bestea).

Dokumentuaren akzioak

2014/01/30 11:16
Lan ederra Julen. Bejondeizula!
2014/01/31 09:09
Lan txukuna, Julen! Artikulo horiek guztiak orain oso modu praktikoan ditugu eskura. Mila esker!
2014/02/03 11:24
Eskerrik aunitz, bikote. Lan interesgarria izan da, doike. Erabilgarria izanen da egin dugun lana. Mila esker aunitz, berriz ere.
2014/02/05 10:25
Zuzenketa bat egin beharra dago web gunean, bat behintzat ziur. Hauxe: "Irigaray Imaz, Angel - 1977 - Danzas euskarianas que se interpretan en Auritz" lerroko esteka oker dago "Paloteado de moros y cristianos" fitxategiari apuntatzen diolako.
2014/02/05 11:06
Mila esker abixua emateagatik, zinez. Konponduta dago jada. Eskerrik asko berriz ere.
2017/07/12 17:43
Ze ondo!JULEN!
Errefereziatako lan sakona!

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.