Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Dantzaren protagonismoa Donostiako Antzerki Ferian

Dokumentuaren akzioak

Dantzaren protagonismoa Donostiako Antzerki Ferian

2007/07/04 12:21

Dantza izango da Donostiako XIII. Antzerki Feriaren protagonista, kaleko eta aretoko bederatzi dantza ikuskizun handi barne hartu baititu bere programan. Dantza arloan diren nazioarteko bi irudi gailenek, Carolyn Carlsonek eta Heddy Maalenek, beren koreografiak aurkeztuko dituzte duela gutxi birmoldatutako Victoria Eugenia Antzokian. Gainera, uztailaren 10etik 14ra bitartean, inguruko beste artista eta talde batzuk ere etorriko dira Donostiara. Horietatik lau Eusko Jaurlaritzaren Dantza Plataformaren babesean etorriko dira feriara aretoko eta kaleko ikuskizunak aurkeztera. Bestalde, Ballet Biarritz JR2ko dantzariek ere beren artea eta trebetasuna erakutsiko digute eszenatokiaren gainean, eta LMNO konpainia frantsesak eta Kukai Logela euskaldunak azkeneko lanak aurkeztuko dizkigute kalean. Izan ere, euskal taldeak “Taupadak” aurkeztuko du, Donostiako Antzerki Feriak eta Valladolideko TAC jaialdiak batera ekoiztua.

Uztailaren 10ean eta 11n, Carolyn Carlson koreografo estatubatuar handiak “Inanna” obra aurkeztuko du Victoria Eugenia Antzokian. Zazpi dantzarirentzat sortutako muntaia da, eta naturaren eta emankortasunaren jainkosa sumertarraren irudia berreskuratu du, sentsualtasunagatik ez ezik borrokan erakutsitako kemenagatik ere nabarmendu zelarik. Obra hau bi egunez egongo da Donostian eta feriaren funtzio handietakoa izango da zalantzarik gabe. Carolyn Carlsonek, Frantzian bizitzen eta lanean urteak daramatzan koreografoak, ibilbide luzea egin du Carolyn Carlson Inannadantzaren arloan: 80 koreografia baino gehiago sortu ditu, nazioartean sari ugari ekarri dizkiotenak. Horien artean nabarmentzekoak dira Frantziako sari gorenak, Ohorezko Legioaren eta Arte eta Letren Zaldun tituluak, alegia.

Carolyn Carlsonen ondoren Heddy Maalen koreografo frantses/aljeriarra iritsiko zaigu Victoria Eugenia Antzokira, Nigeria eta Senegaleko hamalau dantzarik osatutako bere konpainiarekin batera. XX. mendeko musika klasikoaren obra iraultzaileenetakotzat hartu ohi den Stravinskiren “Udaberriaren sagaratzea”-ren bertsio bat eskainiko digu talde honek, Frantzian eta Holandan arrakasta izugarria izan duena. Aita aljeriarra eta ama frantsesa dituen koreografo hau boxeoa eta aikido praktikatzen hasi zen lehenik, baina ondoren dantzaren munduan sartu eta bere konpainia sortu zuen. Bere koreografiak doitasunagatik eta ideien argitasunagatik nabarmentzen dira. Dantza ikuskizun hau uztailaren 12an ikusi ahal izango dugu eskainiko den saio bakarrean.

Eusko Jaurlaritzaren Dantza Plataforma

Bestalde, aretoko eta kaleko lau taldek parte hartuko dute Donostiako Antzerki Ferian Eusko Jaurlaritzaren Dantza Plataformaren babesari esker, diziplina hau lurralde osoan bultzatzea baita bere helburua. Dantzak Egia Kultur Etxean – Gazteszena aretoan izango du bere beste erreferentzi gunea, lau dantza muntaia aurkeztuko baitira bertan, horietatik hiru Plataforma honetakoak.

Uztailaren 10ean, Blanca Arrietaren Ciento Cincuenta Cuerdas konpainiak “Rest” estreinatuko du areto horretan bertan. Ikuskizun honetan, taldeko hiru dantzariek ausentziari eta heriotza inguratzen duen guztiari buruz gogoeta egingo dute, baina baita sentsualtasunari, koloreari eta barreari buruz ere. Matxalen Bilbaok, bere aldetik, idazteko tresna bihurtuko ditu bere dantzariak “Haiku 4” lanean, uztailaren 11n Egia Kultur Etxean ere ikusi ahal izango dugun bere azkeneko muntaian. Eusko Jaurlaritzaren Dantza Plataformak Feria honetan babestuko duen aretoko azkeneko obra “Ostrukaren zuloa” da, Ertza taldearena, uztailaren 14an aurkeztuko dutena. Asier Zabaletaren konpainiak zoriontsu izatearen beldurrari aurre egin behar zaiola aditzera emango digu bere koreografia honetan.

Organik +ES3Bestalde, Dantza Plataformak kaleko antzezlan bat aurkeztuko du Ferian. Organik taldearen azkeneko lana da, “+ES3”, urduritasuna eta presa nagusi diren oraingo mundu honi buruzko umorezko ikuspegia. Obra hau uztailaren 14an ikusi ahal izango dugu Konstituzio plazan.

Beste muntaia batzuk

Ballet Biarritz JR2 konpainiaren “Gari Beltza” lanean hiru koreografia eskainiko zaizkio publikoari: “Gnossiennes”-en dantzako barra bat besterik ez dugu ikusiko eszenatokiaren erdian, eta bertan gizaki hegodunak bailiran agertuko zaizkigu dantzariak; “Blé noir” ezkongabe dagoen neska gazte bati buruzko ipuina da, ezkongaiak hilobira erakartzen dituena; “Danses Qu´on Croise” koreografiak, berriz, dantza areto handi bateko giro alaia eta bizitasun handikoa islatzen du. “Gari Beltza” uztailaren 13an ikusi ahal izango dugu Egia Kultur Etxeko Gazteszena aretoan.

Bestalde, dantza kalera irtengo da LMNO eta Kukai Logela konpainien eskutik. “Bihotz Erreginak” lanean LMNO talde frantsesak historian izan diren garrantzizko zortzi emakumeren irudiak birsortzen ditu: Kleopatra, Coco Chanel, Joana Arkekoa edo Mata Hari, besteren artean. Muntaia hau kaian emango dute uztailaren 12an, eta Gipuzkoa plazan uztailaren 13an. Aldi berean, uztailaren 12an eta 13an, Kukai Logela taldeak Boulevardean aurkeztuko du “Taupadak” ikuskizuna, Donostiako Antzerki Feriak eta Valladolideko Kaleko Antzerki eta Arteen Nazioarteko Jaialdiak batera ekoiztutakoa.


Donostiako Antzerki Feria


Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.