Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Basaurik Euskal Herriko Dantza Agerketaren 38. edizioa burutuko du irailaren 17tik 19ra bitartean

Dokumentuaren akzioak

Basaurik Euskal Herriko Dantza Agerketaren 38. edizioa burutuko du irailaren 17tik 19ra bitartean

Euskal Herriko Dantza Agerketa duela 38 urte sortu zen euskal folklorea bere horretan mantentzen duten taldeak suspertzeko eta ezagutarazteko asmoz. Horrela, beroriek ezagutzeko aukera izan daiteke, egun horietan euren herrietara joan beharrik gabe. 
 
Ikuskizuna aire zabalean izan ohi da, jatorriz ere dantzak plazetan, kaleetan eta elizpeetan egiten baitziren. Euskal Herriko Dantza Agerketak ohitura horiek beren inguruan kokatzen laguntzen du, tradiziozko erritu eta dantzen antzezpena argiz eta dantzarien herrietako argazkiz hornituz, era horretara ikuskizun koloretsu paregabea eskainiz.

2010eko edizio honek, gainera, badu beste berri erakargarri bat ere: 25 bat minutu dirauen dokumental bat aurkeztuko da. Omer Oke zuzendari eta ekoizleak (SocialProd) egindako dokumental horretan Euskal Herriko Dantza Agerketaren ia berrogei urteetako historia kontatzen da, zer den eta zein zentzu duen azalduz. Dokumentala larunbateko ekitaldia bukatu ondoren proiektatuko da lehenengoz. Gero, Basauriko Kultur Etxetako liburutegian prestatuta hartzeko eskuragarri egongo da eta asteburuko ekintzetan eta Basauriko Biok liburudendan erosteko aukera izango da ere. YouTube-n Laburpen txiki bat ikusi ahal da:


Euskal Herriko Dantza Agerketaren XXXVIII. edizio hau 2010ko irailaren 17tik 19ra bitartean burutuko da. Emanaldi nagusia larunbat arratsaldean izango da Basauriko Bizkotxalde parkean (euria izanez gero, Artunduagako Kiroldegira eramango litzateke). Edonola ere, ekitaldi guztiak doan dira.

Honako hau da aurtengo edizioaren emanaldi nagusiaren egitaraua:
18:00    Kalejira. Parte hartuko duten talde guztiek kalejira egingo dute Bizkotxalde parketik Bizkotxalde parkeraino, hirigunearen erdialdean dantza-saio laburrak eginez.
19:30    Dantza-ikuskizunaren hasiera, Bizkotxalde parkean jarritako agertokian, ondorengo talde autoktonoekin:

Deustuko Andrak (Deustua, Bilbao). Deustuko andre hauek dantza-talde batekoak ez badira ere, urtero elkartzen dira euren soka-dantza prestatzeko eta martxoaren 19an, mezatik irteeran, agintarien aurrean dantzatzeko. Galdutako ohitura zen, baina orain dela urte batzuk berreskuratu egin da.

Untzueta (Areta, Araba). Kuartangoko Trinitatearen Dantza aurkeztuko dute, egun Gorpuzti Egunetik hurbilen dagoen igandean dantzatzen dena. Neska-mutilen dantzez gain, giza-dorre edo “gaztelu” bat ere egingo dute, Kataluniako “castellets”-en antzera.

Goizaldi (Donostia, Gipuzkoa).  Ikusleei diosala egiteko Agurra dantzatuko dute, maiz ohoreak eta harrera egiteko egin ohi den antzera. Halaber, Ezpata-dantza eta Gipuzkoan egiten den dantza-sortarik ezagunena ere egingo dute: Brokel Dantza. Dantza horietan trebezia handia erakutsi behar dute dantzariek zenbait tresna erabiliz. Horrez gain, neskek zortzikoren bat eskainiko digute, hala nola Neskatxena.

Oinak arin (Beskoitze, Lapurdi). Bizardantza jostagarria eginen dute, baita, fanfarrearen erritmoan, bertako dantza bereziak ere: Kaskarot Martxa, Makil ttiki, hango Jauziak eta Sokadantza.

Barde-Ribera (Fustiñana, Nafarroa). Dantza-talde honek Fustiñanan abuztuaren 6an antzezpena egiten duten pertsonaiek beraiek egindako bertsoen bidez, hango Paloteadoaren sei dantzak ekarriko dizkigute. Makil dantza berezi hau 1900 urtearen inguruan galdu zen, 19790an berreskuratu eta 1994an utzi zitzaion egiteari. Iaz, 2009an,  taldeak lehengo ohiturari ekin zion berriz ere, dantzarien taldean neskak ere sartuz. Orobat, Fustiñanako Jota-Eskolako ikasleek hartuko dute parte. Emakume horiek Nafarroako Erriberako jotak kantatuko dituzte –lehenbiziko aldiz Dantza Agerketaren historian–, era horretara –beste zenbaitetan bezala- dantza osatzen duten folklorearen beste alde batzuk erakutsiz.

Bestelako ekintzak


Irailaren 17an, ostirala:
Euskal Herriko Dantza Agerketa beste zenbait ekintzaz osatzen da urtero, horrela herritarrek gure folklorea hobeto ezagutzeko aukera izan dezaten. Irailaren 17an, ostirala, herri erromeria izango da 20:00etatik aurrera. Antzinako erromerietako izpirituari jarraitu nahian, “parte har dezakezu, nahiz eta dantzan jakin ez” lemapean, San Migelen aspaldian egiten ziren erromeriak ekarri nahi ditugu gogora. Herriko dantza-taldeetako musikari eta laguntzaileek hartuko dute parte eta, Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren laguntzaz, herri-dantzak erakutsiko dituzte. Zenbait dantza bereziki prestatuak izango dira ikusleek ere parte har dezaten. Ekitaldi hori Solabarria plazan izango da.

Aurretiaz, (19:00etan hasita), umeentzako tailerrak izango dira jai giroa pizteko (birziklatutako objektuez egindako musika-tresnen eraikuntza, txapa-prestaketa, dantzaren hasi-masiak…), baita dastatzeko sagardo eta txorizoa ere. Kamisetak ere salduko ditugu 10 euroan.

Irailaren 19a, igandea:
Basauriko bertako dantzarik ezagutzen ez denez, herriko dantza-taldeek ezin dute parte hartu Euskal Herriko Dantza Agerketa ikuskizun nagusian. Hala ere, larunbateko jaialdiaren osagarri gisa, biharamunean (igandean, hilak 19) Agintzari, Basauritar eta Edurre dantza-taldeek beraien errepertorioko zenbait dantza erakutsiko dituzte Bizkotxalde parkean bertan.

Antolakuntzari buruzko datuak
Euskal Herriko Dantza Agerketa Basauriko dantza-taldeek antolatzen dute Basauriko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babes eta diru-laguntzaz. Horrez gain, BBKren eta herriko zenbait erakunderen laguntza ere jasotzen da: txokoak, Herriko Taldeak, Danbolin Txistulari Elkartea, Sustraiak eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarra. Aurtengo ekitaldiaren antolakuntza-lanetan, orotara, 100 pertsona baino gehiago ari dira.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.