Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Brnoko Antzoki Nazionaleko Balletak Raymonda aurkeztuko du Victoria Eugenian

Dokumentuaren akzioak

Brnoko Antzoki Nazionaleko Balletak Raymonda aurkeztuko du Victoria Eugenian

Brnoko Antzoki Nazionaleko Balleta, Pragakoarekin batera, Txekiar Errepublikako garrantzizkoena da, eta aurki mendeurrena ospatuko du. Dantza-taldearen maila garaiari esker, titulu klasiko eta gaur egungoen errepertorio aberatsa eskain dezake. Brnoko Antzoki Nazionaleko Orkestra Erdialdeko Europako talde sinfonikorik hoberenetako bat da. Raymonda ballet ezaguna aurkezten dute elkarrekin.

Ballet erromantikoa bi ekitalditan, Lydia Paskovová-ren libretoarekin eta Marius Petiparen koreografia-zatiekin.

Raymonda 

Alexander Glazunov-en musikan oinarrituta

Brnoko Antzoki Nazionaleko Ballet eta Orkestra

  • Victoria Eugenia Antzokia
  • Apirila 20 -  20:00
  • 36 € / 30 € / 24 €
  • Babeslea: Telefónica
Sarrerak 36, 30 eta 24 eurotan daude salgai Victoria Eugenia Antzokian eta Antzoki Zaharreko leihatiletan, baita Kutxaren ohiko kanaletan ere (Telekutxan, Servikutxan eta kutxa.net

webgunean).

 

  • Koreografia, zuzendaritza eta libretoaren konponketa: Jaroslav Slavicky
  • Dantzari bakarlari nagusiak: Raymonda Ivona Jeličová / Andrea Smejkalová
  • Jean de Brienne: Jan Fousek / Michal Pimek
  • Abderramán: Ludĕk Mrkos / Marek Svobodník
  • Dama Blanca: Jana Přibylová / Andrea Smejkalová / Eriko Wakizono
  • Koreografia-laguntzaileak: Kateřina Slavická, Nelly Danko
  • Dekoratuak eta jantziak: Josef Jelinek
  • Koreografia-laguntzaileak: Jana Ruggieri, Petr Přibyl
  • Musika-zuzendaria: Jan Štych
  • Musika-lankidetza: Petr Duchalík
  • Teknika-burua: Martin Brečka
  • Argiztapen-burua: Petr Kozumplik
  • Dekoratuak, jantziak eta osagarriak Brnoko Antzoki Nazionaleko tailerretan egin dira

 

Brnoko Janacek Antzokian estreinatua 2008ko otsailaren 22, 23 eta 26an, Raymondaren estreinaldiaren 110. urteurrenaren harira

Ikuskizunaren iraupena: 145’.

 

Brnoko Antzoki Nazionaleko balletak 140 emanalditik gora eskaini ditu atzerrian. Haren errepertorioan, besteak beste, Beltxargen aintzira, Intxaur-hauskailua, Don Kijote, Giselle, Nôtre Dame de Paris, Romeo eta Julieta, Maria Estuardo eta Ivan Izugarria sartzen dira. Brnoko Antzoki Nazionaleko Orkestrak txekiar musika sinfonikoko obrarik oinarrizkoenak (Smetana, Dvorak, Janacek eta Martinu), opera klasikoa (Mozart, Verdi, Puccini, Wagner), eta XX. mendeko lanik interesgarrienak (Prokofiev, Stravinski, Berg, Strauss) interpretatu ditu bere ibilbidean.

 

Brnoko Balleta - Raymonda1893an, Tsar-aren antzokien zuzendariak, Ivan Vsevolozskik, P. I. Txaikovskiren ordezko bat bilatu zuen, eta 30 urteko gazte bat gonbidatu zuen ballet berri bat idatz zezan: Alexander Glazunov. Hark Raymonda sortu zuen, eta Petrogradoko Balleteko zuzendariak, Marius Petipak, koreografiaren maisu-lan bihurtu zuen. Lan horrekin ixten da erromantizismo berriaren aldia balletean.

 

Raymonda San Petersburgoko Marinsky Antzokian estreinatu zen, 1898ko urtarrilaren 19an. Lanaren kontakizunak —Gurutzadetako printze bat eta sarrazeno gogaikarri bat Raymondaren maitasuna lortzeko borrokatzen dira— Errusia Inperialak Asian hedatzeko egindako ahaleginen kultura-adierazpen bat dirudi, Inperioa hedapen betean ari baitzen balleta estreinatu zen garaian.

 

Ekintza Erdi Aroko Frantzian gertatzen da. Raymonda Jean de Brienne lerdenarekin ezkontzekotan da, baina mutilak Gurutzadetara joan behar du, halaxe agindu baitzion bere anaia Andres, Hungariako erregeari. Orduan, Abderraman xekea agertzen da, Kordobako kalifa, Raymondaren edertasunaren berriak hain urrunetik erakarrita. Nahiz eta Sibylla kondesa, Raymondaren izeba, neska xekeaz maitemindu ez dadin saiatu, Raymondak sentipen nahasiak ditu. Jean presaka itzuli eta dueluan borrokatzen da Abderramanen kontra. Raymondaren familiaren babesle Dama Zuriaren laguntzaz, azkenean Raymondaren eta Jeanen arteko maitasuna aterako da garaile.

 

1945ean Moskun eman zen bertsioan, Maia Plisetskaiak dantzatu zuen Raymondarena. Raymondak hain entzute handia har zezan merezimendu handi bat Rudolf Nureiev-ek izan zuen, zenbait aldiz dantzatu baitzuen Jean de Brienne-rena eginez, eta huraxe izan zen Parisko Operako Balleteko zuzendari gisa aurkezteko baliatu zuen titulua.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.