Dokumentuaren akzioak
Beurko Bagatzako inauteriak: Inude eta artzaien konparsa Bizkaian
Datorren otsailaren 16an, larunbata, Ibarra-kaldu Elkarteak berriro ere hartuko ditu Barakaldoko Beurko-Bagatza auzoko kaleak Euskal Herriko inauteriak ezagutarazteko. Aurten, INUDE ETA ARTZAIEN KONPARTSA erakutsiko dugu. Aurrekoak ez bezala, hiriko inauteria dugu hau, Donostiakoa, hain zuzen ere. Hala ere, gaur egun, Donostiaren inguruetara zabaldu eta hango herri askotan ere ematen da: Irun, Hondarribia, Pasaia, Errenteria.
Aurreneko aldiz, Donostian bertan plazaratu zen, 1885ean. Ezin aipatu gabe utzi Raimundo Sarriegik berariaz sortu zuela konpartsari laguntzen dion musika, konpositorearen heriotzaren mendeurrena aurten betetzen denean. Kandelaria Egunean antzesten zen, otsailaren 2an, baina 1912an jai-eguna lan-egun bihurtzean, eta ondorengo urte gorabeheratsuetako inguruabarrengatik, ia galtzera iritsi zen, unea-uneko salbuespen batzuekin, baina. Hala ere, 1977. urtean, Kresala elkarteak berpiztu egin zuen, eta horri esker, hortxe dugu berriro ere kaleetan arnasa eta indarrak berriturik.
Inude eta artzaien egunak gogora ekarri nahi dizkigu inudeen eta aztzainen arteko gorteiatzeak, artzainak hirira jaisten ziren egunetan. Pertsonaia bi horiekin batera, badira beste batzuk ere konpartsan, XIX. mendeko Donostiako gizartearen isla. Azpimarratzekoak dira Alkatea eta Udal Idazkaria, Apaiza eta Gotzaina, Medikua eta Erizainak. Hala ere, pertsonaia gehiagoko ere ematen diote kolorea konpartsari: hala hirira jaitsi diren baserritarrak eta hiriko burgesiako bikoteak dotore jantzirik, nola barkillo, puxika, piruleta eta ogi saltzaileak ere, eta ahaztu barik garai hartako argazkilaria, margolaria, algoazila, suhiltzaileak, kale-garbitzaileak, kedar-kentzaileak, alargunak dolu-jantzietan, etab.
Emankizuna Santa Teresa plazan izango da, otsailaren 16an, 18:00etan.
Animatu: zuen zain gaude!
Dokumentuaren akzioak