Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Afrika eta Euskal Herriaren arteko Begirunea

Dokumentuaren akzioak

Afrika eta Euskal Herriaren arteko Begirunea

Jakina da helduek isilpean pentsatzen dutena, haurrek naturaltasun osoz oihukatzen dutela. Jakina da ere Iparra eta Hegoaren arteko harremanak ez direla beti paketsuak izan. Eta bukatzeko, jakina da nortasun harrotasun soberak, ezberdintasuna gaitzestea bultzatzen duela. Aurreiritzi guzi hauetatik abiatuz, Begirunea konpainiak dantza, antzerkia eta perkusioak nahasten dituen sorkuntza sortu du.

Begirunea konpainia, sei kidez osatua da, bi dantzari (Eneko, Carole), hiru musikari (Gotzon, Alex, Yaya) eta teknikari bat. Hiru afrikar munduan ibili dira txikitatik eta beste biak euskal dantzaren munduan. Batzuek Makil Haundi dantza ikasten zuten bitartean, besteek Sabaar dantza ikasten zuten. Batzuek txalaparta jotzen zuten bitartean, besteek djembearen larrua oihuarazten zuten. Bi ibilbide ezberdin hauek gurutzatu egin dira eta hor sortu da bi kulturak nahasteko proiektua.

Bederatzi hilabete entsaioak egiten pasa dituzte taldeko kideek. Dantzak ikasi, mezua zorroztu, musika idatzi, argiak osatu, antzerkia landu... eta 2005eko azaroan, lehen aldiz publiko aintzinean erakutsi dute heien lanaren fruitua. Hogeitahamar minutuko agerraldi intimista, hezitzailea, humoristikoa eta aldarrikatzailea. Ipuinak, bi haur “ezberdinen“ arteko topaketa modu sinplean kondatzen du. Bakoitzaren harrotasuna dela eta, hasiera batean ez dute elgar ulertu nahi. Baina laister komunikatzeko tresna berri bat atxemanen dute: dantza.

Musika aldetik, Euskal Herriko atabala eta txalaparta, Afrika Mendebaldeko Serouba, Krin edota Agogo-ekin nahasten da. Dantza mailan, adituek bizkaiako zortzinangoa eta uztai dantza, lapurdiko makil txiki dantza eta xiberoko urrats batzu somatuko dituzte mugimendu guzien artean. Afrikar tribuetako dantzak ere agertzen dira, baina ikusgarrienak Gum Boots dantzak dira. Apartheid garaian, Hego Afrikako mintegietako langileeri komunikatzea debekatzen zitzaienez, eskuak zapetetan joz mezuak pasarazten zituzten heien artean. Geroztik, langile hauen omenez, Gum Boots dantza ikusgarri bat bilakatu da eta konpainiak modu hortan amaitzen du bere agerraldia.

Konpainiak hedatzeko xedea dauka eta data batzuen bila dabil une hauetan. Euskal Herri osoan ibiltzea nahi lukete “ezagutzen ez dugun herria baita“ onartzen du Alex bordalesak, “baina haratago ere“ aitortzen du Gotzonek. Horrez gain, eskoletan ibili nahi lukete. “Nahi genituzke ordu erdiko formakuntzak eskaini eskoletan: ordu erdiz afrikar dantza ikasi, ordu erdiz euskal dantza, ordu erdiz perkusioa... Eta bukaeran gure sorkuntza emanen genuke haurren aintzinean. Biziki hezitzailea litzateke haientzat eta guretzat. Baina horrek prestaketa on bat suposatzen du, baina lortuko dugu“ dio Yayak, optimismoz beterik.

Proiektu sendo horrek behar duen sustengua lor dezala espero dezagun.

http://begirunea.canalblog.com

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.