Dokumentuaren akzioak
Ballet asteburua Biarritzen
Gipuzkoako Dantzagunearen webgunean irakurri dugunez, asteburu honetan, uztailaren 5ean eta 6an, Biarritzen Malandain Ballet Biarritz-ek, Okzitaniako Tolosako Capitolio Balletak eta Bordeleko Opera nazionalaren Balleta harrera egingo die eta elkarrekin zenbait ekimen burutuko dituzte. Hiru koreografo frantsez, Kader Belarbi, Thierry Malandain eta Charles Jude izango dira buru, eta aipatutako hiru balleten artean dituzten 90 dantzariak balletaren gorputz. Gaur egungo dantza klasikoaren ikusmira eskaini nahi dute hiruren artean.
Emanaldi nagusiak, uztailaren 5ean larunbatean, eta uztailaren 6an, igandean izango dira. Hiru ballet konpainiek batera eskainiko dute ikuskizuna Biarritzeko Gare du Midin: On Kixote, Minkus, Vivaldi edo Carmina Burana besteak beste.
Horrez gain, larunbatean arratsaldeko 19.00etan, Gare du Midiko Gamaritz gelan, hiru koreografoekin, Charles Jude, Kader Belarbi eta Thierry Malandain-ekin mahai-ingurua egingo da, beraien gogoetak, kezka eta ikuspegiak ezagutzeko aukera emango duena. Igandean, goizeko 11.00etan, Gare du Midin bertan, Bordeleko Opera Balletak publikoari irekia izango den dantza klasea egingo du, dantzarien eguneroko lana ezagutzeko aukera emango duena.
Donostiako BalletT programak autobusak antolatu ditu asteburuko ekimen hauetaz gozatzera Biarritzera joan ahal izateko.
Informazioa: Ballet-eko asteburua (Dantzagunea)
Dokumentuaren akzioak