Dokumentuaren akzioak
Baionako Euskal Museoaren argazkiak sarean
Gure herria duela 150-80 urte inguru nolakoa zen irudikatzeko aukera ederra eskaini digu Baionako Euskal Museoak. Izan ere, euskal herrialde guztietako 5.000 argazki inguru sareratu dituzte berriki. Argazki zaharrak, XIX. mende bukaera eta XX. mende hasiera bitartekoak, hain zuzen.
Argazkiak ederki daude kodifikatuta eta gaika bilatzeko aukera eskaintzen digu museoaren webguneak. Argazki ezin interesgarriagoak, esan bezala, duela 100 urteko Euskal Herriaren hainbat alor erakusten dizkigutenak: eguneroko bizitza, lana, familia, aisialdia... eta dantza.
Horietatik batzuk ekarriko ditugu hona.
Zuberoan eginen dugu lehen geldiunea. Pierre Gelly argazkilariak 1925. urtean ateratakoa da lehenbiziko hau. Maskaradako aitzindariak eta txirularia agertzen dira bertan.
Gipuzkoako dantzen argazkirik ere bada. Esaterako 1934. urtean Donibane Lohitzunen dantzari gipuzkoar hauei ateratakoa, muriska bete-betean. Bikaina!
Jauzia eman eta Nafarroako ekialdera, Otsagabira helduko gara. Bertako danzanteak agertzen zaizkigu beste argazkietako batean. Pasa den mendeko 20-30. hamarkadetako tartean, orduko Iruñeko gaitarien doinupean dantzan azaltzen dira honako honetan.
Nafarroa garaitik Nafarroa Beherera, Irisarrira hain zuzen. 1937. urtean egindako Kabalkadakoa da ondorengo argazkia.
Dantzarako jantzien aberastasunari erreparatzeko aukera ere eskaintzen digute argazkiok. Hurrengo bi hauek horren lekuko. Lehenbizikoa, Lapurdiko Kotilungorriarena. 1920. urte inguruan egina.
Edo Nafarroa Behereko Bolanta edo Karakotxarena. 1925 inguruko argazkia honakoa.
Dokumentuaren akzioak
Mundialak!!!