Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak BAD-en XII. edizioak, gaur egungo eszenako proposamen berritzaileenak eramango ditu gure hiriko hamabi eszenatoki ingurura

Dokumentuaren akzioak

BAD-en XII. edizioak, gaur egungo eszenako proposamen berritzaileenak eramango ditu gure hiriko hamabi eszenatoki ingurura

Jaialdiaren hamabigarren edizioak hiriari gainetik begiratuko dio eta eszenatoki berrietara zabalduko da, Campos Antzokira, Kale Nagusiko BBK aretora, Zawp pabilioira, Haceriara, edizio honetako laguntzaile berezia eta “Itineris Apur BAD”-en egoitza izango den  Meliá hotelera edo Rekalde aretora, beste batzuen artean.

Jaialdiaren diziplina aniztasuna agerian jartzen da arte eszenikoak eta ikus-entzunezko teknologia berriak eta baita musika, bideo-dantza, arte plastikoak edo sukaldaritza bera, konbinatzen dituzten proposamenen ugaritasunean.

Urriaren 25etik aurrera, Pre-BADeko zenbait jarduera programatu dira “Eszenako Sorkuntzaren eta Ikerketaren” inguruan. Horien artean BilbaoEszenak antolatutako eszenako sorkuntzari laguntzeko “Artistak egoitzan” programatik sortutako bost proiektuen aurkezpena azpimarratu behar da.

  • BAD INFORMAZIO PUNTUA: BBK Aretoa (Kale Nagusia, 19), GAURTIK, urriaren 18tik, aurrera, goizeko 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 17:00etatik 21:00etara.
  • SARREREN SALMENTA: jaialdiko informazio bulegoan, egoitzetako txarteldegietan eta ohiko salmenta kanalen bitartez.
  • INFORMAZIO GUZTIA: www.badbilbao.com web gunean, 010 telefono zenbakian eta BAD-en informazio zenbakian, 902 264 902.


Urriaren 29tik azaroaren 7ra bitartean, Bizkaiko hiriburuak arte eszenikoen abangoardia hartuko du berriro ere, BAD-en, Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdiaren hamabigarren edizioa dela eta. Gainera, aurreko astean iragarri zen bezala, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatzen duen jaialdiak, aperitibo bat eskainiko du datorren urriaren 25etik aurrera, “Eszenako Sorkuntzari eta Ikerketari” buruzko Pre-BADeko lau egun eskainiz. 

24 konpainiak hartuko dute parte BAD-en edizio berrian. Bertan aurkeztuko diren ikuskizunen artean, 8 erabateko estreinaldiak izango dira, eta beste 12, ikus-entzuleek Euskadin edo Estatuan lehen aldiz ikusi ahal izango dituzten ikuskizunak. Ohikoa denez, BAD-ek gune garrantzitsua eskainiko dio Euskadin arte eszeniko garaikideen eremuan burutzen den lanari, Estatuko gainerako lekuetako edo Argentina eta Frantzia bezalako herrialdeetatik etorriko diren izen handiko konpainien abangoardiako proposamen berritzaileenekin batera.

Horrela, BAD-en diziplina aniztasuna agerian geratzen da programatutako proposamenen kopuruan eta ugaritasunean. Beraz, arte eszenikoak eta ikus-entzunezko eta interneteko teknologia berriak eta baita musika, argazkia bideo-dantza, performanceak arte plastikoak edo sukaldaritza bera, konbinatzen dituzten proposamenak izango ditugu ikusgai.

BAD-en programazio osoa gaur goizean aurkeztu dute Bilbon Ibone Bengoetxeak, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Zinegotziak eta Alicia Otxandategik, BAD 2010-eko programatzaileak. Horrez gain, beraiekin egon da Organik euskal konpainia zuzentzen duen Natalia Monge. Natalia Mongek, BAD-en barruan, urriaren 31n, La Merced ikastetxean, ikusi ahal izango den Maniatic@s ikuskizunaren zati bat eskaini du.

ESZENATOKIAK
BAD-en hamabigarren edizio hau eszenatoki berrietara zabalduko da eta hiriari gainetik begiratuko dio, gure hiriko arte eszenikoetan erreferentziazkoak diren leku berrietara heltzeko, Campos Antzokira edo Kale Nagusiko BBK aretora, besteak beste. Horrez gain, aurten beste zenbait eszenatoki ere sartuko dira,  Zawp (Zorrozaurre Art Working Progress)  pabilioia, Haceriako espazio berria, Haceria bera, Muelle 3 edo Sala Pakidermo Aretoa eta Rekalde Aretoa, beste batzuen artean. Horrela, BAD pixka bat gehiago zabaltzen da, ikus-entzule berriek eszena garaikideko lan berritzaileenez gozatzera hurbil daitezen.

Halaber, azpimarratzekoa da edizio honetan oso eszenatoki berezia izango dugula, Meliá Bilbao Hotela. Aurten jaialdiaren laguntzailea eta “Itineris Apur BAD” burutuko den gunea izango da.

Eszenatoki horiez gain, ohiko beste batzuek jarraituko dute, BilbaoEszenak – Baliabide Eszenikoen Udal Zentroak, La Fundiciónek, Bilborockek, La Merced ikastetxeko instalazioak, edo Hika Ateneoak. Gehien bat, urte osoan, zirkuitu komertzialagoen programazio egonkor alternatiboa eskaintzen duten espazioak dira, eta, horrez gain, artistak eta koreografoak elkartzen diren ohiko lekuak dira. Beste batzuk, berriz, gure Hiriko leku bereziak dira, jaialdiaren inaugurazioa eta bideo-dantza erakusketa jasoko dituen Berreginen Museoa, adibidez.

Izan ere, Bilboko Berreginen Museoan (urriaren 29an, goizeko 11:00etan) burutuko den BAD-en irekierak, espazio eta jaialdi horietarako beren beregi sortutako instalazioaren estreinaldia eskainiko du. Bertan, Alberto Etxebarrieta diseinatzaile bilbotarraren modaren artea, “Aeternitas”-en bideo-dantza muntaia kilikagarriarekin konbinatuko da.

ESTREINALDIAK ETA KONPAINIAK
Campos Antzokiak BAD-eko edizio honetako estreinaldi azpimarragarrienetako batzuk jasoko ditu urriaren 30etik azaroaren 5era bitartean. Larunbatean, urriaren 30ean, Cambaleo Teatro konpainia madrildarrak, antzerki independentearen aldeko bere apustu berria, “El mapa no es el territorio” estreinatuko du Euskadin. Horrez gain, Estatuko beste leku batzuetako eszenatokietan antzeztu ondoren, astelehenean, azaroaren 1ean, Histrión Teatro granadarrek “Del maravilloso mundo de los animales: los corderos” lana aurkeztuko dute. Daniel Veronese dramaturgile argentinar ezagunak zuzendutako gizartearen parodia honek, irailean burututako Huescako Antzerki eta Dantza Jaialdiko Birako Antzerki Ikuskizun Hoberenaren saria jaso berri du. 

Campos Antzokiak bi dantza ikuskizun jasoko ditu azaroaren 3an eta 5ean. Carla Fernándezek  “Bárbara, humana con cola” estreinatuko du, eta Gustavo Gorositok, Jesús María Lezametak eta Nuria Pérezek euren ikuskizunak aurkeztuko dituzte. Saio guztiak arratsaldeko 19:30etan hasiko dira.

La Fundiciónen lau estreinaldi aurkeztuko dira: Radhouan El Meddeb tunisiarraren “Je dance et je vous en donne à bouffer” eta “Quelqu’um va danser” (urriaren 29an eta 31n). Lehenengoa “balada kulinarioa” da. Artistak couscous bat prestatzen du eszenatoki gainean, eta dantza egiten du, bi arte horiek eskaintzen duten handitasun, eskuzabaltasun eta poesia guztiarekin. Horrez gain, Fred Bendongue koreografi frantziar handiak, Lyongo azken dantza biurtekoan aurkeztu den “Instant” lana ekarriko du (azaroaren 3an eta 4an). Lan horretan, performance bikote batek dantza-eskultura eta musika elkarrizketa burutuko du, Jimi Hendrix-en elektro-esferaren barruan. La Fundición aretoak, Pako Revueltas euskal artista buru duen La Cocina taldearen “Calla y come” lanaren erabateko estreinaldia jasoko du (azaroaren 1ean eta 2an).

Kale Nagusian dagoen BBK Aretoari dagokionez, Los Corderos konpainia katalanaren “El mal menor” lanaren Euskadiko estreinaldia jasoko du azaroaren 5ean eta Hierba Roja taldearen “Hasiera (el principio de la incertidumbre” azaroaren 6an. Azken lan horretan dantza eta Bernardo Atxagaren poesia uztartzen dira, azken belaunaldiko komunikazio poetikoa bilatuz.

DENBORA ERREALEAN
Zawp (Zorrozaurre Art Working Progress) pabilioiak, Haceriako espazio berriak, “Los peligros de la obediencia” hartuko du lau egunez (azaroaren 2tik 5era). Elkarrizketan eta zineko eta eszenako-antzerkiko hizkuntzan oinarrituta dagoen eta izaera esperimental eta prozesual nabarmena duen ikus-entzunezko sorkuntza proiektua da. Itziar Barrio artistaren proiektuak zineko hizkuntzan, talde dinamikan eta Strasberg-ek antzezleak zuzentzeko duen metodoan du bere oinarri teorikoa.
Lau egunez, lau antzezlerekin, aurrera eramandako zenbait jarraibidetan oinarrituz, helburu nagusitzat eszena bakarra sortzea bilatzen da. Hiru bideo-kamerez grabatuko dira lau egunetan taldea elkartuta dauden une guztiak, une horiek eszenako sorkuntza uneak edo atseden uneak badira ere.
Barriok Bilbon, BAD-en, estreinatzen duen proiektua New Yorkera joango da ondoren. Eszena bat eraikitzeko prozesua aztertzen du, denbora errealean eta zuzenean, izan ere, lan saioetakoren batean ikus-entzuleak egongo dira, azaroaren 3an eta 5ean, hain zuzen ere, eta BAD-en web gunearen bitartez zuzenean jarraitu ahal izango da. Horrez gain, zenbait arte diziplinaren fusioaren alorreko ikerketa lana izango da.

Haceríari dagokionez, Euskadin estreinatuko diren bi proposamen interesgarri jasoko ditu. Proposamen horietan arte eszenikoak gastronomiarekin elkartuko dira Ponten Pie konpainiaren “Copacabana”  lanean (urriaren 30ean) eta La Quadra Mágica taldearen “Pau?” lanean (azaroaren 6an).

La Merced ikastetxeak zazpi ikuskizun hartuko ditu urriaren 29tik azaroaren 6ra. Ikuskizun horietako hiru erabateko estreinaldiak izango dira. Estreinaldietako bat, Ion Munduate koreografoak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren diru-laguntzaz eta jaialdiak lagunduta burutu duen “Sin título, en colores” ikuskizuna izango da; jatorri poloniarra duen eta eszena independentearen aspaldiko ezaguna den Helena Golab dantzari eta koreografoak, “Black diamond” muntaia berria aurkeztuko du; eta Euskadiko Khea Ziater antzerki konpainiak “La canción de Gloria” estreinatuko du BAD-en.

Horrez gain, La Merced ikastetxea izango da, baita ere, Ertzaren ”Zoo” eta Organik dantza taldearen “Maniati@s” lanak aurkeztuko diren eszenatokia. Bertan eskainiko dira Euskadin lehen aldiz ikusi ahal izango ditugun beste bi lan: La Tristuraren “Actos de juventud” eta Societat Doctor Alonsoren “Club Fernando Pessoa”. Ukitu komikoak dituen “Club Fernando Pessoa” muntaiako antzezleak Sofía Asencio, Mia Esteve eta Ramón Giró dira, Luis Carlos Viejoren off-eko ahotsarekin eta Tomás Aragayren zuzendaritzapean. Ekintza eszenatoki ia eskematikoan gertatzen da. Bertan, Fernando Pessoarengan espezializatutako irakurketa talde bateko hiru pertsonaiak, “Libro del desasosiego” laneko esaldi bat aztertuko dute, hitzez hitz.

Urriaren 30etik aurrera, Bilborock aretoak, gure inguruko konpainia gazteen zenbait ikuskizun jasoko ditu. Y la casa sin barrer taldeak bere azken muntaiak aurkeztuko ditu, “C/ Calvario nº 13” eta “El cubo”, Sandra Cuestak eta Larraitz Torresek“Colombinas” estreinatuko dute, eta Simulacro Teatrok “Paren el mundo” lana eskainiko die ikus-entzuleei.

BAD GEHIAGO
Eszenatoki horiez gain, beste eszenatoki batzuk, Berreginen Museoak, Guggenheim Museoko Zero Aretoak edo BilbaoEszenak, erakusketak eta bideo-dantza eskainiko dute etengabe jaialdiak irauten duen denbora guztian. Azpimarratzekoa da, berrikuntza gisa, aurten Meliá Bilbao hotelak, –jaialdiaren laguntzaile bereziak– bere higiezineko hainbat gunetan “Itineris Apur BAD” jasoko duela, hotelean eta hotelerako sortutako bost piezak osatua. Espazio berezi horretarako neurrira egindako sorkuntza jantzi bat. Bi ordutan ikus-entzuleak tranbian eramango ditu Atxuritik Melia Hoteleraino, piezak eskainiko diren lekuraino. Azaroaren 4an izango da, 18:00etan, 19:00etan eta 20:00etan eskainiko diren hiru emanalditan.

Horrez gain, BAD, abangoardiako arte eszenikoen alorreko artisten, ekoizleen, sustatzaileen eta programatzaileen arteko elkargunerako, prestakuntzarako, gogoetarako eta eztabaidarako hitzordua ere bada. Topaketak, hitzaldiak, tailerrak eta aurkezpenak programa barruan egongo dira, eta antzezleek, egileek edo ikerlariek hartuko dute parte. Horiek guztiak Hika Ateneoan elkartuko dira jardunaldi bakoitzaren amaieran, Show Gela izenekoen barruan.

Horrez gain, “Hitzorduak Eszenarekin” izenekoak izango ditugu, eszenatoki garaikidea egituratzen duten zenbait gairi buruzko gogoeta eta eztabaida leku gisa. Hitzorduen aurtengo helburua, jaialdian parte hartuko duten zenbait artistaren lanean sakontzea izango da, jende aurreko elkarrizketen bitartez. Bertan hartuko dute parte, beste batzuen artean, Juanjo Oterok eta Itziar Barriok, Sergi Faustinok, Oscar Cornagok eta Pako Revueltasek.

PRE-BAD 
Gogoratu, baita ere, bere egunean jakinarazi zen bezala, jaialdiaren aurretik, urriaren 25etik aurrera, “Eszenako sorkuntzan eta ikerketan” zentratutako Pre-BADeko lau jardunaldi daudela programatuta. Jardunaldi horien xedea Arte Eszenikoen alorreko sorkuntza prozesuak eta artisten ikerketak ikus-entzuleei eta profesionalei hurbiltzea da. Izan ere, gero eta gehiago, sarri askotan ikus-entzuleekin elkarrekintza eskatzen duten amaitu gabeko prozesu esperimental horiek, ikus-entzuleen aurrean aurkeztea merezi duen ikuskizuna izaten baitira berez.

Pre-BADen programazioaren elementu nagusia, BilbaoEszenak – Bilboko Baliabide Eszenikoen Zentroak antolatutako eszenako sorkuntzari laguntzeko “Artistak egoitzan” programatik sortutako bost proiektuen aurkezpena da. Proiektu horietako bakoitzak 4.000 euroko laguntza jaso du eta, horrez gain, BilbaoEszenak leku bat eta laguntza teknikoa eskaini die eszenako sorkuntza edo ikerketa proiektua aurrera eraman ahal izateko. Orain, sorkuntza prozesu hori ikus-entzuleen eta sektoreko profesionalen aurrean aurkezteko eta kontrastatzeko aukera dute.

Pre-BADen barruan, beste leku batzuen artean La Fundición aretoan, Rekalde aretoan edo BilbaoEszenan, urriaren 26tik 29ra bitartean aurkeztuko diren proiektuak honako hauek dira: Mike Brooks (Ingalaterra, 1965) eta Rosa Casado (Madril, 1971) “Just a little bit of history repeating”; “Soniris” izeneko Simona Ferraren (Geneva, Suitza, 1971) proiektua; Itsaso Iribarrenen (Iruñea, 1981, Bilbon bizi da) “Trío Audiovisual” proposamena; “Tú estás aquí”, Cristina Núñezena (Bartzelona, 1981) eta, azkenik, Miriam Martxante (Bilbo, 1975) buru duen “Make up” proiektua. 

BAD-KONTZERTUA
Ohikoa denez, BAD-ek musikari ere lekua utziko dio. Oraingo honetan, ikusmenaren aldetik “oso eszenikoa” izango den proposamenarekin, “Don Simón y Telefunken” taldeak eskainiko duen kontzertua, Bilboko Kafe Antzokian, urriaren 28an, gaueko 22:00etan.

Taldearen estiloa musika esperimentaleko soinu arraroenen eta Disneyren saioetako melodia alaienen arteko bat egitetik sortzen da. Bugi-bugi erako istripu ikusgarriak  herdoildutako errobotentzat, manboak, apokalipsirako kalipsoak eta rock and rollak. Taldearen musika tresnen artean rock talde batean ohikoak direnak eta edozein jostailu dendatik edo zakarrontzi batetik ateratako soinudun objektuak daude.

SARRERAK
Ikuskizun guztiek 10 euroko prezioa izango dute (8 euro aurretiko salmentan eta dohainik Kultura eta Hezkuntza Sailaren Kultura 18 txartela dutenentzat), Berreginen Museoan, BilbaoEszenan, Rekalde Aretoan eta Guggenheim Museoko Zero Aretoan programatutako ikuskizunak izan ezik, horiek doakoak izango dira eta. Horrez gain, tailer profesionalek ere beste matrikula prezio batzuk izango dituzte. Aurreko edizioetan bezala, badago KREDIBAD eskuratzeko aukera, 5 edo 10 ikuskizun merkeago ikusi ahal izateko. BAD-eko bulegoan dago salgai.

Prezioei, aurretiko salmentari eta erreserbei buruzko informazio guztia Jaialdiko Bulegoan (BBK aretoa-Kale Nagusia), informazio telefono zenbakian (902 264 902) eta www.badbilbao.com web gunean lor daiteke.

Informazioa: BAD


Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.