Dokumentuaren akzioak
Angels Margarit, dantza sari nazionala BAD-en izango da
Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatutako BAD-ek Bilboko Institutu Frantsesaren laguntza izan du aurten, Salia Nï Seydou konpainia ekarri ahal izateko. Konpainiak “Le tango du cheval” dantza ikuskizuna eskainiko du Bilbon, lehen aldiz Espainia osoan.
Jaialdiak hamabi eszenatoki izango ditu, eta horiei beste batzuk gehituko zaizkie aurten, Alondegia, EHU-ko paraninfoa, 6. Pabilioia, Euskalduna Ontziolaren lurrak izandakoak, Vista Alegre Zezen plaza, “Itineris Apur BAD” ikuskizunaren egoitza izango dena, eta aurtengo edizioan laguntzaile berezia izango den Miro Hotela, Angels Margarit dantzari eta koreografo katalanaren emanaldiaren eszenatoki izango dena
Urriaren 24tik aurrera, "Sorkuntza lanak abian eta sorkuntza prozesuak" gaiaren inguruko zenbait jarduera programatu dira, eta sorkuntza eszenikoari laguntzeko BilbaoEszenaren "Artistak Egoitzan" programatik sortutako egitasmoetako batzuk aurkeztuko dira.
- BAD informazioa puntua: Expogela BilbaoHistoriko (San Frantzisko, 32). Urriaren 10etik aurrera. Goizeko 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 17:00etatik 21:00etara.
- Sarreren salmenta: jaialdiko informazio bulegoan, egoitzetako txarteldegietan eta ohiko salmenta kanalen bitartez.
- Informazio guztia: www.badbilbao.com web gunean, 010 telefono zenbakian eta BAD-en informazio zenbakian, 94 6793379.
Urriaren 28tik azaroaren 6ra bitartean, Bizkaiko hiriburuak arte eszenikoen abangoardia hartuko du berriro ere, BAD-en, Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiaren hamahirugarren edizioa dela eta. Gainera, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatzen duen jaialdiak, aperitibo bat eskainiko du datorren urriaren 24tik aurrera, “Sorkuntza lanak abian eta sorkuntza prozesuak” gaiari buruzko Pre-BADeko lau egun eskainiz
21 konpainiak hartuko dute parte BAD-en edizio berrian. Bertan aurkeztuko diren ikuskizunen artean, hamabi, erabateko estreinaldiak izango dira, eta beste bost, ikus-entzuleek Euskadin lehen aldiz ikusi ahal izango dituzten ikuskizunak. Horrez gain, bi dantza ikuskizun lehenengoz ikusi ahal izango dira Estatuan: israeldarren eta palestinarren arteko gatazkaz hitz egiten duen Arkadi Zaidesen “Quiet”, eta Henrik Kaalunden “Dreame”. Horrez gain, BAD-ek Bilboko Institutu Frantsesaren laguntza izan du, egoitza Frantzian duen Salia Nï Seydou, dantza garaikideko konpainia afrikar ezaguna gure jaialdian egon dadin. Estatu osoan lehen aldiz aurkeztuko du bere “Le tango du cheval” lana.
Ohikoa denez, BAD-ek gune garrantzitsua eskainiko dio bertako konpainiek eta artistek, Horman Posterrek, Olatz de Andrések, Tearto Teatrok edo Leire Ituartek, arte eszeniko garaikideen alorrean burutzen duten lanari.
Aurten, BAD-ek eszenatokiak zabaldu eta hiri guztiari gainetik begiratuko dio, Hiribilduan kultur erreferentzia diren leku berrietara heltzeko, Alondegira, Euskalduna Ontziolek hartzen zituzten lurretara eta EHU-ko Paraninfora, ikus-entzule berriak eszena garaikideko lan berritzaileenez gozatzera hurbil daitezen. Edizio honetan zenbait gune berezi ere sartuko dira. Horrela, Vista Alegre Zezen Plazan “Itineris Apur BAD” ikuskizuna jarraitu ahal izango da, eta jaialdiaren laguntzaile berezi izango den Miro Hotelean, Angels Margarit dantzari eta koreografo katalanak, 2010eko Dantza Sari Nazionalak, bere ikuskizuna eskainiko du.
Espazio berri horiez gain, BAD-en ohikoak diren beste batzuekin jarraituko da, Baliabide Eszenikoen Udal Zentroa - BilbaoEszena, La Fundición, Hacería, Bilborock, La Merced ikastetxea, Hika Ateneo, Zawp Pabilioia eta Muelle 3, besteak beste, gehienak, urte osoan programazio egonkorra eskaintzen dutenak, zirkuitu komertzialagoetatik kanpo eta, horrez gain, ikerlariak, artistak eta koreografoak elkartzeko ohiko leku direnak. BAD, Campos Antzokian eta BBK Aretoan ere egongo da beste urte batez, eta edizio honetan 6 zk.-ko Pabilioia gehituko zaio. 6. Pabilioia, ateak abuztuan zabaldu zituen eta Arte Eszenikoekin lotutako sortzaile talde batek bultzatzen duen ekimena da.
BAD-eko programazio osoa gaur goizean aurkeztu dute Bilbon Ibone Bengoetxeak, Kultura eta Hezkuntza Zinegotziak eta Alicia Otxandategik, BAD 2011ko zuzendariak. Eurekin egon da, baita ere, Juanjo Otero eszena zuzendaria, Itziar Barrio artista euskaldunarekin batera jaialdiaren karteleko irudiaren arduraduna dena. Horrez gain, biek bideo-instalazio bat estreinatuko dute jaialdian, BAD-en aurreko edizioan aurrera eraman zuten “Los peligros de la obediencia” lanaren jarraipena.
Estreinaldiak eta konpainiak
Urriaren 28tik azaroaren 6ra, La Merced ikastetxeak bost ikuskizun eskainiko ditu, horietako lau erabateko estreinaldiak izango dira, hiru, euskal konpainien eskutik. Horrela, Horman Poster talde bilbotarrak, BAD-ek ko-ekoiztu duen eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntza jaso duen “Pasado Perfecto” performancea eskainiko du; Olatz de Andrés dantzariak “Privolva” estreinatuko du, espazio definitu gabean, dimentsio-anitzean eta poetikoan kokatzen den eta ukitu erretro-futurista duen lana; Tearto Teatro konpainiak bere azken lana aurkeztuko du, “Autoestigma”. La Merced ikastetxeko azken estreinaldia, “Ya llegan los personajes”, Juan Domínguez antzezle, koreografo eta eszena zuzendariaren eta Rafael Lamataren eta Jaime Vallaureren performancea da, multimedia elementuak dituena, “Los Torreznos”. Bilaketa eta esperimentazio espresibora bideratzen da, keinua, hizkuntza eta presentzia bezalako forma xumeen bitartez.
Campos Antzokiak, programazio osoko ikuskizunik garrantzitsuenetakoa jasoko du azaroaren 1ean (19:30etan). Salia Nï Seydou konpainia afrikarrak “Le tango du cheval” dantza ikuskizuna estreinatuko du, lehen aldiz Estatu osoan. Ouagadougoun, Burkina Fasoko hiriburuan, Salia Sanou eta Seydou Boro koreografoek ikastetxe bat zuzentzen dute eta ikastetxe hori, gainera, euren konpainiaren eta Dialoges de corps jaialdiaren egoitza da. Bertara, dantza garaikideko atzerriko konpainiak heltzen dira. Bi sortzaileek Frantzian ezagutu zuten elkar, Montpellierreko Zentro Koreografikoan lanean ari zirela, Mathilde Monnierren aginduetara. Gaur egun, Boro, zortzi dantzarirentzat eta zuzenean joko duten musikarientzat egin den eta zaldiengan inspiratuta dagoen “Le tango du cheval” lanaren azken xehetasunak lantzen ari da. Mundu mailako estreinaldia urri honetan izango da Bordelen, eta azaroan Bilbora helduko da. Bertan emanaldi bakarra izango du, Espainian egingo duten birarekin jarraitu aurretik.
La Fundiciónen, Israelen bizi den Arkadi Zaides koreografo sobietarraren “Quiet” dantza ikuskizuna aurkeztuko da, Espainian lehen aldiz (azaroaren 5ean eta 6an). Joan den urtean, artista horrek Kurt Jooss sari garrantzitsua jaso zuen, “Solo Colores” koreografiarengatik, eta sari hori, nazio eta nazioarte mailako beste batzuei gehitu zaie.”Quiet” lanak israeldarren eta palestinarren arteko gatazkaz hitz egiten du. Sorkuntza prozesua interpreteen gizarte errealitateetan eta prestakuntza artistikoan dauden desberdintasunetan inspiratu da. Lanean agertzen diren lau pertsonaiek erasoz, errukiz, nahasketaz eta nahiez betetako paisaia erakusten dute. Intentsitate horren erdian, gatazkan dauden maila guztiak biltzeko gai izango den leku bat bilatzen da etengabe, leku lasai bat.
La Fundiciónek jasoko du, baita ere, Henrik Kaalund dantzari eta koreografo independentearen “Dreame” lanaren Estatuko estreinaldia. Horrez gain, leku berean ikusi ahal izango dira Euskadin lehen aldiz, Bea Fernándezen “Tres personas, todos los cuerpos” lana eta Marco Canale antzerkigile eta zuzendari argentinarraren “La puta y el gigante” lana (Artezblai argitaletxeak argitaratua). Lan horretan, eszenatokira lehen aldiz igoko den zuzendariak, Uribe agintean egon den bitartean Kolonbiak bizi izan duen historiari buruzko gogoeta egingo du, ikuspegi kritikotik (urriaren 29an eta 30ean).
Kale Nagusiko BBK aretoak, Mal Pelo konpainia beteranoak aurkeztuko duen “Todos los nombres” lanaren Euskadi mailako estreinaldia jasoko du azaroaren 4an. Lan horretan, María Muñozek, eszenako bakarlari formatuan antzezle gisa burutzen ari den ikerketa lanarekin jarraitzen du. BBK aretoan, baita ere, “Errautsak” antzezlana programatu da, euskaraz, Le Petit Theatre de Pain Artedrama taldearen eskutik (urriaren 27an, 28an eta 29an). Izan ere, jaialdiaren helburuetako bat, euskaraz egiten den antzerkiaren garapenari laguntzea baita.
Ikus-entzule berriak
Aurten, BAD-ek eszenatoki gehiago izango ditu, eta gure hiriko kultur bizitzan erreferentziazkoak diren lekuak sartzen ditu programazioan, Alondegia, besteak beste, beharbada eszena garaikidera hain ohituta ez dauden ikus-entzule berriak lan berritzaileenez eta abangoardiakoez gozatzera hurbil daitezen. Horrela, Bastida Aretoak, Carla Fernández artista mexikar independentearen “Bárbara, humana con cola” izeneko dantza ikuskizuna jasoko du (urriaren 29an). Proposamen eszeniko hori, zientzia fikzioaren tradizioan errotutako dantza pieza batek eta pieza hori eraikitzeko prozesuari buruzko pieza dokumental batek osatzen dute, obra osoaren dramaturgiaren barruan sartuta. Azaroaren 1ean, Alondegiko auditorioak, L`Alakran-en “Estoy en misa vuelvo enseguida” lanaren Euskadiko estreinaldia jasoko du.
Beste alde batetik, La Haceríak bi proposamen interesgarri jasoko ditu. Lehena, Legaleón-T konpainia gipuzkoarraren “Ella y él. Ficciones” azken lanaren erabateko estreinaldia (azaroaren 2an) eta bestetik, aurtengo BilboEszenako egoitzetako baten aurre-estreinaldia, Laida Azkona dantzari nafarraren “Mu-to” (azaroaren 5ean). Bilborock aretoari dagokionez, Plataforma Multimediaren “Orbe” dantza ikuskizunaren erabateko estreinaldia jasoko du.
ZAWP pabilioia izango da, aurten Bilbaoeszenaren beka jaso duten “Colectivo File 0019” artisten erabateko estreinaldia burutuko den lekua. Taldea Sara Paniaguak, Mónica Valencianok, Raquel Sánchezek eta Estella Llovesek osatzen dute, eta aurkeztuko duten lana “Canción Laberinto” izango da.
Logela batean
Eszenatoki horiez gain, azpimarratu behar da, berrikuntza gisa, aurten, Miro Hotelak –BAD-en laguntzaile bereziak–, Angels Margarit dantzari eta koreografo katalanaren, 2010eko Dantza Sari Nazionalaren, emanaldia jasoko duela. “Miro 83. Solo para habitación”, Miro Hotelaren 83 zenbakiko logelan eskainiko den dantza ikuskizuna da, eta hamabi ikusle baino ez ditu izango. Bakarrean ikusteko ikuskizuna da, ikuslea ezusteko voyeur gisa dago hotel baten logelaren barruan gertatzen den eszena batean, ikusleentzat aktuatzen ez duen pertsonaia baten intimitatea aurkituz, bere pentsamenduen, bere itxarotearen, bere bakardadearen isiltasunean harrapatuta dagoen pertsonaiarena. Angels Margarit-ek sei emanaldi eskainiko ditu, urriaren 29an eta 30ean, 19:30etatik 22:00etara bitartean, hainbat kontinentetan egon den egitasmo honen Euskadiko estreinaldira joateko sarrera lor dezakeen pribilegiatu talde txikiarentzat bakarrik.
Eta hotel bat arte eszenikoez gozatzeko ohiko lekua ez bada, are eta bitxiagoa izango da, inolako zalantzarik gabe, “Itineris Apur BAD” ikuskizuna eskainiko den lekua. Bost artistaren begiradapean, Itziar Madariaga, Pako Revueltas, Rafa Aceves, Irene Bau eta Bego Crego, “Itineris Apur BAD” Bilboko Vista Alegre Zezen Plazaren instalazioetan burutuko da aurten. Aurtengo Itinerisek, handitasunaren barruan gutxiengoak egiten duen lana aztertuko du. Artelan txikiak gutxi batzuentzat, talde handientzako ikuskizunak jasotzen dituzten espazioetan. Azaroaren 3an izango da, hiru emanalditan, 18.00etan, 19.00etan eta 20.00etan.
Edizio honetan estreinatzen diren ikuskizunen artean, azpimarragarria da, bere berezitasuna dela eta, Mike Brooks (Ingalaterra, 1965) eta Rosa Casado (Madril, 1971) artistek bultzatutako “Tan sólo un trozo de historia que se repite” lana. Lan horrek Kultura eta Hezkuntza Sailaren laguntza du, BilbaoEszenaren bitartez, izan ere, joan den urtean, duela urtebete garatzen hasi zen proiektu hori aurrera eraman ahal izateko “Artistak Egoitzan” programako beka bat jaso baitzuen. Performance multimediaren “Tan sólo un trozo de historia que se repite” espazio publikorako lan artistikoa da. Bere medio nagusia aurkitutako audio materiala da; bere estrategia nagusia jende aurrean aurkeztea da, eta bere poetikak oroitzapen pertsonalak eta giza nortasuna biltzen ditu.
Bilboko azken urteetako historiari buruzko soinu eta bideo artxibo asko eta asko bildu ondoren –Bizkaiko zenbait komunikabideren laguntzari esker– aire libreko “Tan sólo un trozo de historia que se repite” ikuskizuna Euskalduna kaian estreinatuko da, ontziolaren lurrak zeuden lekuan, azaroaren 5ean eta 6an.
Beste alde batetik, BAD-en aurreko edizioan eta jaialdiarekin batera ekoiztuta, Itziar Barrioren eta Juanjo Oteroren “Los peligros de la obediencia” egitasmoa garatzen hasi zen, bere formatu eszenikoan. 4 egun, 4 antzezle, 8 ordu eta 3 bideo-kamara, lau antzezleek egunero ezagutzen zituzten zenbait jarraibideren araberako eszena bakarra eratzeko helburuz. Egun horietan lortutako material bideografikoa, lanaren emaitza den ikus-entzunezko piezaren parte izango da. BAD-en edizio honetan, esperientzia eszenikoan oinarrituz lortutako ikus-entzunezko materiala bideo-instalazio formatuan erakutsiko da (Alondegiko Atarian). Horrez gain, BAD-ek, Jaume Marcoren jatorrizko diseinua eta Maria Mur Deanen, Consonniren Zuzendariaren eta Blanca de la Torreren, Gasteizko Artium Museoko Kontserbatzailearen, testuak dituen katalogoa ere argitaratuko du. Katalogoa, joan den urtean burututako lan guztiari buruzkoa izango da.
BAD-en kartela
Itziar Barrio eta Juanjo Otero dira BAD 2011ko kartelaren irudiaren sortzaileak, eta proposamena, hasiera-hasieratik, berez arte proiektu gisa hartu dute, arte garaikidetik publizitate kanpainatik baino gertuago dauden kodeetatik. Horrela, kartel-aurrearen irudiak zein azken irudiak pieza bakarra osatzen dute, diptikoa, batak esanahia ematen dio besteari.
Aurtengo BAD-en irudia, 1595ean Caravaggio margolariak egindako “Karta jokalariak” margolanaren berrirakurketa da. Jatorrizko margolanean agertzen den elementu bakoitza eta bere pertsonaiak, kode garaikideetatik berrinterpretatzen dira. Jatorrizko irudiak jarraitzen duen Barroko estiloarekin eta garai hartan modan zegoen argiluna teknikarekin kontrajarrita, irudia kolore hotzekin eta lauekin lantzea aukeratu dute, itzalak eta, ondorioz, eszenaren dramatizazioa, saihestuz. Naturalizatuz.
Profesionalentzat
BAD, abangoardiako arte eszenikoen alorreko artisten, ekoizleen, sustatzaileen eta programatzaileen elkarketarako, prestakuntzarako, elkarren arteko gogoetarako eta eztabaidarako hitzordua ere bada. Programaren barruan topaketak, hitzaldiak, tailerrak eta liburuen aurkezpenak ere izango ditugu, eta ekitaldi horietan antzezleek, egileek edo ikerlariek hartuko dute parte, Hika Ateneoan burutuko diren Show Gelatan.
Horrez gain, “Hitzorduak Eszenarekin” izenekoak ere izango ditugu, eszena garaikidea egituratzen duten zenbait gairen inguruko gogoetarako eta eztabaidarako leku gisa. Aurtengo izenburua “Arte eszenikoetako ikerketa eta sorkuntza” izango da, eta ikerketa akademikoaren eta ikerketa sortzailearen artean dagoen ezinbesteko erlazioa landuko du. Parte hartzaileen artean Amalia Fernandez, Espe López, Txubio Fernández de Jauregui, Victoria Pérez Royo eta Pablo Fidalgo egongo dira, besteak beste, eta EHU-ko paraninfoan (Baroja Aretoan) burutuko dira, azaroaren 2an eta 3an.
Gainera, jaialdia hasi aurretik, urriaren 24tik aurrera, Pre-BADeko lau jardunaldi daude programatuta. Jardunaldi horien xedea Arte Eszenikoen alorreko sorkuntza prozesuak eta artisten ikerketak ikus-entzuleei eta profesionalei hurbiltzea da. PRE-BAD-en programazioaren elementu nagusia, beste behin, BilbaoEszenak – Bilboko Baliabide Eszenikoen Zentroak, antolatutako eszenako sorkuntzari laguntzeko “Artistak egoitzan” programatik sortutako proiektuen aurkezpena izango da.
Sarrerak
Ikuskizun guztiek 10 euroko prezioa izango dute txarteldegian erostean, eta 8 euro aurretiko salmentan, eta dohainik izango dira Kultura eta Hezkuntza Sailaren Kultura 18 txartela dutenentzat, eta eurekin doanak erdia baino ez du ordainduko. Aurreko edizioetan bezala, badago KREDIBAD eskuratzeko aukera, 5 edo 10 ikuskizun merkeago ikusi ahal izateko. BAD-eko bulegoan dago salgai. Berrikuntza gisa, esan behar da aurten KREDIBAD-en barruan jaialdiko ikuskizun guztiak sartzen direla.
Prezioei, aurretiko salmentari eta erreserbei buruzko informazio guztia Jaialdiko Bulegoan (EXPOGELA BilbaoHistoriko-San Frantzisko, 32), informazio telefono zenbakian (94 6793379) eta www.badbilbao.com web gunean lor daiteke.
- BAD 2011-ko programazioa jasotzen duen katalogo osoa urriaren 10etik aurrera jaitsi ahal izango da jaialdiaren webgunetik: www.bad-bilbao.com
Dokumentuaren akzioak