Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Auritzeko dantzak larunbatean Galdakaon

Dokumentuaren akzioak

Auritzeko dantzak larunbatean Galdakaon

Auritzeko dantzak larunbatean Galdakaon

Andra Mari dantzari taldea Auritzeko dantzak egiten Galdakaon 1979. urtean. Argazkia: Andra Mari dantzari taldea.

Larunbatean, Galdakaoko Santi Brouard enparantzan eta Portugaleteko Elai Alai Dantza Taldearekin batera, arrastiko 8etan egingo dan saioan dantzatuko dogu Auritzeko Dantzak.

Badira urte batzuk Auritzeko dantzak berrikusten aritu garena eta ikerketa honen ondorio dantzotan aldaketa batzuk egitea erabaki dogu. Dokumentu honetan egindako ikerketa lana eta ondorengo erabakiak labur azaltzen dira:

Auritzeko dantzak

«El baile público: El típico baile de los “pañuelos” solía tener lugar en la plaza por la tarde; pero antes de comenzarlo ejecutaban los mozos cierta parodia, no exenta de su nota cómica […].Omitimos en gracia a la brevedad, el dar detalle sobre las distintas partes de que se compone el baile: “pañolo-dantza”, “andre-dantza” etc. Solo diremos que al final de la tarde el ultimo baile era la “karrika-dantza”, o sea el mismo baile de los pañuelos o “ingurutxo” correteado por la calle, que terminaba como todo espectáculo público de la montaña, al “toque de oraciones”».
Iturria: Agustín Irigaray. Estampas del Pirineo (1930 ingurukoa)

Auritzeko ingurutxoari buruzko honelako xehetasunetatik eta Aita Donostiak “Cancionero Popular Vasco” kantutegian bildutako partituretatik abiatu zen Andra Mari dantza taldea Aezkoa bailarako dantzak ikertzera eta berreskuratzera 70. hamarkadan.

Horiek eta, ozta-ozta bizirik zirauten zenbait Aezkoarren oroitzapenak ziren dantza hauen testigantza bakarrak; izan ere, urte asko zen herriko plazan hutsunea utzia zutela.

Denbora baten ondoren, Andra Marik, Leitzako ingurutxoan oinarriturik, Auritzeko ingurutxoari “bizkar-hazurra” zehaztu zion. Arima bilatzeko, berriz, Aezkoa bailarara bertara joaten hasi ziren Andra Marikoak eta, horretarako, Andra Maritik kanpokoen laguntza ere izan genuen: Juan Antonio Urbeltz, José Ángel Irigaray eta haren loba Orreaga; Aria herriko Amos eta haren familiakoak, Orbaitzetako Goikoa baserriko Almirantearena jauna eta bere emaztea, Garraldako Txorrota, Rota anaiak eta familia,…. Aezkoako txoko eta bazter guztiak miatu eta gero (azpimarragarria Kepa Artetxe, Mikel Zamalloa, Jon Zamalloa, Javi Aio edota Josu Arrunbarrenak egindako esfortzua) aipatutako “arima” berpizten hasi zen.

Auritzeko dantzei buruz bildu zitekeena bilduta, eztabaida luzeak eman ziren Andra Mariko lokaletan dantzak birsortzen eta nortasunez janzten. Ia erabat osaturik, zenbait zalantzek oraindik bazirauten doinu eta pausuen uztartzeari zegokionean. Eta bi-hiru urteko ikerketa eta bilketa lanen ostean, Aezkoako dantzak –batzuk behintzat- berpiztuak eta plazaratzeko prest zeuden.

Hainbat hamarkadatan Aezkoan dantzatu barik izan ondoren, 1977. urtean, ekainaren 26an plazaratu ziren berriz Aezkoa bailarako dantzak Andra Mari taldearen eskutik lehen aldiz (Altsasuko ihauteriagaz eta Arratiako jota-porruekaz batera) Sestaon goizean eta Tolosako zezen plazan arratsaldean. Bigarren saio honetara José María Satrustegi, Juan Antonio Urbeltz, Benito Lertxundi, José Ángel Irigaray eta beste hainbat kultura eragile zein aditu joan ziren burututako ikerketaren azken emaitza ikustera.

Bestalde, ez zen 1980. urtera arte Aezkoa bailarako dantzak, garai zaharreko doinu zein dantza berpiztuak, berriro “etxean” ikusteko aukera suertatu; orduan, Garralda herrian izan zen zehazki. Egun hartan, Auritz edo Burgeteko dantzez gozatzeko beta izan zuten Aezkoarrek eta bertara hurbildutako guztiek. Ordutik aurrera gure dantza taldea hainbat aldiz itzuli izan da Aezkoa bailarara Auritzeko dantzak -eta beste batzuk- egitera. Hara hemen 1991. urtean, irailaren 8an Orbarako programan idatzitako aurkezpena: “Eguneko gauza guzien artean Galdakaoko bizkaino batzu dantzatuko dira. Talde honek, Andra Mari taldeak, Aezkoako dantza partikulariak eginen ditu. Bizkaino hauen lanari esker guardatu dira gure dantzak...”.

Aezkoako dantzak Andra Mariko errepertorioaren zati izatera igaro dira eta, han-hemenka, Euskal Herriko anitzasun kulturalaren barruan lagin eder hau harrotasunez agertzen eta zabaltzen dihardu taldeak.

Dantza eta doinu orok bezala, Auritzeko dantzek ere garapena izan dute Andra Mari taldean, azken bi urteetan batez ere, doinuak eta urratsak uztartzeko zalantzek oraindik ere bazirautelako gure artean. Eta gure arteko hausnarketen ostean, aidanez, aldaketa batzuk burutzea erabaki dugu 1977. urtean plazaratutako Auritzeko ingurutxoan; beti ere, Auritzeko ingurutxoa aspaldi batean (XX. mendearen hasieran-edo) izango zen dantza-sorta horretarantza gehiago hurbiltzeko asmoz. Laburbilduta, Auritzeko ingurutxoan hauxe ikusiko duzue:

  • Pañolo dantza (zubia eta berriz ere pañolo dantza)
  • Lehenego andre dantza
  • Bigarren andre dantza
  • Jota (“Aire de jota 2º” bakarrik, “Aire de jota 1º” ez egitea erabaki baitugu)
  • Arin-arina
  • Karrika-dantza (honen aurretik egiten zen “Txakur-dantza”, oraingoan ere 1977an bezala, ez egitea erabaki baitugu)


Azkenik esan, Auritzeko ingurutxoa berriz ere plazaratzeko sasoi hau egokia iruditu zaigula, San Juanetako jaietan dantzatzen zutelako han, Auritzen.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.