Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Atzo eta gaurko inauteriak Iruñeko Donibane auzoan

Dokumentuaren akzioak

Atzo eta gaurko inauteriak Iruñeko Donibane auzoan

2009/02/17 09:22

Eguraldiak ez zuen askorik lagundu, baina giro onean ospatu ziren Iruñeko Donibane auzoko inauteriak. Ahari kultur taldeak antolatzen ditu azkenaldian, baina azken 32 urtetan ospatu izan dira. Aurten modu berezian ospatu nahi izan dituzten gainera, haien pertsonaiak karrikaratzeaz gain kanpoko gonbidatuak ekarriz: Kantabriako Silio herriko Zarramaco, Trapajero, Trapajon eta enparauak alde batetik, eta bestetik, Ourenseko Verin herriko Cigarrons-ak. Elur eta euri artean egin zuten haien ibilbidea auzoko kaleetan barna.

Silio-ko inauteria Iruñean

Igandeko egitaraua bertan behera utzi behar izan zuten elurra tarteko, baina inauteriek izan zuten bestelako interes punturik hurrengo egunean. Izan ere, Aitzpea Leizaola antropologoak "Euskal Herriko inauteriak, atzo eta gaur" izeneko hitzaldia eman baitzuen astelehenean, Donibaneko inauterien harira.

Inauteriaren ezaugarriak

Autore ezberdinek esandakoetan oinarrituz, inauterien ezaugarri orokor batzuk emanez hasi zuen hitzaldia Leizaolak: Eguneroko ordenaren iraultza, anabasa, gizarte antolaketaren subersioa izaten dira inauteriak. Aitzinaroan, greziar eta erromatarren garaian kokatu zuen hauen jatorria, demaseko jan-edanak eta sexu gehiegikeriak egiten ziren ospakizunetan.

Kristautasunarekiko lotura ere azpimarratu zuen hizlariak, Garizumak goitik behera baldintzatzen baitu horren aurreko garaia.

Akaso tarterik interesgarriena inaute denboraren kudeaketari buruzko izan zen. Izan ere, inauterien data ilargi zikloen arabera zehazten da. Udaberriko lehen ilargi betearen ondorengo igandean kokatzen da bazko igandea. 47 egun atzera eginda zehaztu egiten da austerre eguna eta horren aurreko bost egunak dira inauteri, modu zorrotz batean ulertuta.

Aitzpea LeizaolaBaina badago inauteria modu laxo batean ulertzea (hala gertatzen da egiazki), eta hori azaldu zuen Aitzpea Leizaolak. Kasu horretan eguberrien ondotik hasiko litzateke inauteri garaia eta aste santuan bukatu. Horrela uler daiteke esaterako, gurean mugarri diren bi inauteri - Zuberoako Maskaradak eta Luzaideko bolantak - urtarrilean eta bazko igandean ospatzea, esaterako.

Atzoko eta gaurko inauteriak

Iragan hurbileko inauteriei erreparatu nahi izan zien gero Aitzpea Leizaolak, gaurko inauterien baldintzatzaile izan direlakoan. Julio Caro Barojak 1965. urtean idatzitako "El Carnaval" liburuan dio: hil dira inauteriak. Izan ere, garai bateko sinismenek garrantzia galduta, gizarte modernoaren baloreak gailenduta, inauteriek haien funtsa galtzen omen dute Barojaren arabera.

Baina Barojak ez zuen sumatzen 10 urte ondoren gertatuko zena. Leizaolak azaldu zuen inauteriak berriz ere kalera atera zirela 70. hamarkadan, behin frankismo garaiko debekuak atzean utzita. Berrindartze prozesu handi bat gertatu zen, hainbat ikerlari, kultur talde, auzo elkarteren eskutik. Inauteriek garrantzi handia hartu zuten identitate ikur gisa. 

Gaur egungo inauteriak horien ondorengo dira. Inauteri berriak sortu dira. Inauteriak berpiztu, berrinterpretatu eta hedatu egin dira. Inauteriek zuten esanahia aldatu egin da, akaso, baina Leizaolaren ustez, Barojak zioena ukatuz, inauteria ez da hil, kontrakoa baizik.

Aitzpea Leizaola, hitzaldia - entzuleak

 

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.