Dokumentuaren akzioak
Asparrenen esnatu dira inauteriak berriz
Egino, Andoin eta Ilarduia herriek osatzen dute Arabako Asparren bailara, besteak beste. Bertan, 1927 urte ingururarte herri inauteri aberatsa ospatu zuten, baina beste hainbat herrietan bezala, ospakizun hau galdu egin zen. Lozorroan mantendu ziren inauteriak harik eta 2007. urtean bizilagun talde batek berpiztu zituen arte. Ahalik eta informazio handiena pilatu (idatzizkoa zein ahozkoa) eta pertsonaiak eta egitekoak berreskuratzeko lanari ekin zioten.
Herri hauetako inauteriek larunbatetik inauteri astearteraino irauten zuten. Egunik aipagarrienak igandea eta asteartea bera izaten ziren. Igande eguerdian gazteak "porrero"z mozorroturik kaleratzen ziren etxez etxe herri eskean danbor, kitarra eta akordeoi soinupean. Gauean afariaz gozatzen ziren gau musikarekin batera. Asteartean "lastozko gizona" prestatzen zuten. Mendiraino joanda ulagak edo oteak hartzen zituzten sua egiteko. Arratsaldean herriko gaitz guztiak leporatzen zizkioten lastozko gizon horri eta azkenik sua ematen zioten. Egun, inaute larunbateko aurreko larunbatean ospatzen dituzte.
Hauek dira Asparrengo inauterietako pertsonaiak:
Lasto gizona: jaka, alkondara eta praka urdin zaharrez jantzita, lastoz edota belar lehorrez betetako panpina da. Asto baten gainean ezartzen zuten oinetatik lotuta zutik iraun zezan. Inauteri asteartean, apaiz jantzitako lagun batek sermoia egiten zion zenbait gaitz leporaturik eta erre egiten zuten. Porreroak: mozorraturik doan edonori deitzen diote porrero. Mozorro ezberdinak daude:- Idi-parea
- Gizenak (zaku zaharrez egindakoak, arto ostoz edo belarrez betetakoak zenbaitetan)
- Zamarrakoak
- Hautsariak
- Koloretakoak (kolore biziko arropekin egindakoak)
- Farfailetakoak
- Atsoa
- Latorrigilea
- Apaiza
Egun, esan bezala, inauteriak ez dira aspaldian bezain luze eta egun bakarrean ospatzen dira. Herririk herri ibiltzen dira, musikaz lagunduta eta afari oparo batekin ematen diote bukaera inauteriari.
Berreskuraketa lan honen nondik norakoen dokumentazioa sortu dute inauterien antolatzaileek. Idatzizko eta ahozko lekukotasunetan oinarrituz, antzinako inauteriak dokumentatu eta oraingoak deskribatu dituzte horietan. Albiste honetan ikusgai dituzue bestalde, ETB 1eko Posdata saioan emandako Asparrengo inauteriei buruzko erreportaia (Berriro ere inaute), Youtuben topatutako bideoa eta Emilio xabier Dueñas-ek aurten ateratako argazkiak.
- Asparrengo herri inauteriak (euskaraz) [pdf]
- Carnaval rural de Aspárrena (gazteleraz) [pdf]
- 2007ko berreskuratzeari buruzkoak [pdf]
Dokumentuaren akzioak