Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Bilbaoeszenak aukeratu ditu "artistak egoitzan" egitasmoko bost lanak

Dokumentuaren akzioak

Bilbaoeszenak aukeratu ditu "artistak egoitzan" egitasmoko bost lanak

2011/05/26 12:36
Bilbaoeszenak aukeratu ditu "artistak egoitzan" egitasmoko bost lanak

Marco Parente CC BY-NC-ND 2.0

“Artistak egoitzan” Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren programa berritzailea da, eta bere helburua hiriko arte eszenikoak bultzatzea da, euren sorkuntza proiektua garatu ahal izateko beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak zein instalazioak, baliabide teknikoak eta laguntza artistikoa aukeratutako artisten edo ikerlarien esku jarriz.

Bilbon, 2011ko maiatzaren 25ean. Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, Bilbaoeszenaren, Bilboko Baliabide Eszenikoen Zentroaren, bitartez, sorkuntza artistikoa bultzatzeko “ARTISTAK EGOITZAN” programaren hirugarren edizioan parte hartzeko aukeratu diren bost egitasmoak ezagutarazi ditu. Taldean aurkeztutako hiru proposamen eta banaka aurkeztutako bi dira. Dantzak presentzia handia du, eta Bizkaitik, Madrildik, Sevillatik eta Nafarroatik etorritako artista gazteek bultzatutako proposamenak dira.

Aukeratutako proiektu bakoitzak 4.000 euro jasoko ditu, eta, ondoren, BilbaoEszenak lekua eta laguntza teknikoa eskainiko dio, bere sorkuntza proiektua edo ikerketa eszenikoa aurrera eraman ahal izateko. Horrez gain, sorkuntza prozesua ikusleen eta sektoreko profesionalen aurrean aurkezteko aukera izango dute, urriaren 28tik azaroaren 6ra bitartean burutuko den Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdiaren, BAD-ren hurrengo edizioaren barruan.

Bilbaoeszenaren “Artistak Egoitzan” programaren helburu nagusia artistei eta artista taldeei laguntzea da, arlo eszenikoetan sorkuntza edo ikerketa prozesuak garatzeko baliabideak eskainiz (ekonomikoak, teknikoak, prestakuntzakoak edo laguntzakoak, etab.) eta batik bat, eszena berriekin zerikusia duten, interes zehatz bat sortu eta izaera anitza duten arloetan, ardatz nagusia antzerkia eta dantza izanik.

Programa honetan, Bilboko Udalak, Bilbaoeszenaren bidez, proposamen eszenikoen arte sorkuntza bultzatzera bideratutako ekimenak lagundu eta sustatu nahi ditu, eta, horrez gain, arlo eszenikoak eta, batez ere, dramaturgia berriak ardatz nagusi dituzten garapen eta ikerketa prozesuak bultzatu nahi ditu. Halaber, hirugarren helburua ere aipatu behar da, sorkuntzako talentua aurkitzera eta erakartzera bideratua, ekoizpen eta garapen prozesurako sarrera erraztuz.

Parte hartze altua
Guztira, Kultura eta Hezkuntza Sailak 80 eskari jaso ditu, iaz jasotako 44ak ia bikoiztu egiten dituen kopurua. Guztien artetik, proposamenak aukeratzeko batzordeak, kanpoko adituen aholkularitzarekin, honako hauek aukeratu ditu: Sopelako Sara Paniagua artista gaztea buru duen eta Estela Llovesen, Mónica Valencianoren eta Raquel Sánchezen partaidetza duen “Canción Laverinto” egitasmoa garatzeko proposamena; Eleonore Valereren eta Jorge Jauregiren “La Región” egitasmoa; Roberto Martínez artista errioxarraren eta Alberto Etxebarrieta bilbotarraren “I´m so excited” proposamena; Madrilen bizi diren Lisa Parra eta Silvia Zayas artisten “About Ana” eta, azkenik, Laida Azkona dantzari nafarra buru duen “Mu-to” egitasmoa.

Epaimahaiaren aholkulariak honako hauek izan dira: Cristina Redondo Alonso, ARTIUM-eko jardueren arduraduna; Igor de Quadra, psikologian lizentziatuta dagoen eta hezkuntzarako lan artistikoan aritzen den gorputz-antzezlea; Filgi Claverie Luhusoko Kaleko Arte Eszenikoen Lantegiko zuzendaria eta “Dantzaz” euskal dantza konpainiaren zuzendari artistikoa eta Maral Kekejian, Artearen Historian lizentziatua eta Madrilgo La Casa Encendidako arte eszenikoen saileko arduraduna. Epaimahaiak, ekimen horiek aukeratzeko orduan, beraien diziplina anitzeko izaera, ikerketara egiten duten hurbilketa berritzailea eta eremu eszeniko berrien garapena izan ditu kontuan.

Laguntza horien onuradunek, BilbaoEszenako eta Udalaren esku dauden beste lokal batzuetako instalazioak, azpiegiturak eta ekipamenduak erabili ahal izango dituzte, ekainetik urrira, 35 egunez gehienez ere (bakoitzaren lanaren beharren arabera). Horrez gain, behar baldin badute, laguntza teknikoa eta artistikoa ere jasoko dute.

Proposamenak:

  • “CANCIÓN LAVERINTO”, Estela Lloves, Raquel Sánchez, Mónica Valenciano eta Sara Paniagua dantzari eta diziplina anitzeko artisten artean eratutako elkarlan eta trukaketa egitasmoa da. Dantza eta antzerkia uztartzen dituen lana, hizkuntzan zentratzen da batez ere, bere lege organikoen behaketan, bere formaren esparrua zalantzan jarriz, eta, horrez gain, gorputza, pentsatzen duen sentimena kanporatzen duen tresna gisa integratzeko zirkuitu berriak aztertzen ditu.
  • “LA REGIÓN” egitasmoak jakin-minez beteta hurbildu nahi du Bilboko eszenara. Eleonore Valerek eta Jorge Jauregik (Plentzia) Bruselan egiten dute lan gehienetan, eta Bilbora heltzen dira errealitateak kontrastatzeko eta bertako eszenako profesionalekin lotura berriak ezartzeko asmoz. Ideia, bikote harremana sentimenetan oinarrituz landuko duen pieza da, arrazoiari egin beharreko bidea markatzeko aukerarik eman gabe. Hainbat hilabetez, zenbait urtez, elkarrekin bizi diren bi gorputz; ezinbestean arazo biologiko bati aurre egin behar diotenak. Zer gertatzen da hurbiltasunak gure desioa baldintzatzen duenean. 
  • “I´M SO EXCITED”, Roberto Martínez, dantzari eta koreografo errioxarraren, Sevillako MOPA dantza konpainia ezagunaren laguntzailearen eta Alberto Etxebarrietaren, Bilboko moda diseinatzailearen arteko ikerketa eta sorkuntza egitasmo baten barruan dago, dantzaren eta jantzien arteko loturan sakontzeko. Ikerketa honek, maila guztietan exzitazioa eta ahitzea sortzen duen isla fisikoan sakondu nahi du. Proposatzen den sorkuntza, jantzien presentzia handia eta artelanaren apainketa sortzeko orduan ehunen tratamendu zorrotza duen bakarkako dantza da.
  • “ABOUT ANA”, Lisa Parra dantzari eta koreografo madrildarra buru duen egitasmoa, banakotasunaren ideia eta arte eta genero jardunbideak lantzen dituen dantza lana da. Prozesua, artista bakoitzak artearen inguruan duen ikuspuntuaren zirriborroa egiten duenean hasten da, bakoitzak bere hizkuntzan, internetek eskaintzen duen espazio birtualaren bitartez. Elkarrizketak, artista horietako batek idatzitako testua lantzen du, eta bertan teknologia berriak dantzara, antzezpenera, gorputzaren irudira, nortasunera, aldaketara eta artean akatsak duen tokira aplikatzearen esperientzia lantzen da. 
  • Laida Azkonaren eta Verónica Eguarasen “MU-TO” egitasmoa hibridoa da, eta hainbat diziplinez hornitzen da. Gorputza eta arte eszenikoen ekintza iragankorra; arte plastikoen eta ikerketa teorikoaren ikuspegi estetikoa eta ikus-entzunezko azterketa. Dantzaren inguruko egitasmo gisa gauzatzen da, denborarekin eta espazioarekin duen erlazioan ekintzaren kudeaketari ematen dion balioa dela eta. Baina, era horizontalean, literaturako gidoi gisa eratzen da, talde sorkuntzako autobiografia gisa, sorkuntza prozesuaren bitakora koaderno, dokumental, ikus-poema eta mugitzen ari den gorputzaren azterketa gisa. Egitasmo hori, jende aurreko zenbait erakusketaren bitartez gauzatzen da; beti ere eraikuntza prozesuan dagoen performance nomada.

BILBAOESZENA Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren esku dagoen ekipamendua da, eta Arte Eszenikoen alorrean sorkuntza prozesuak bultzatzeko eta hobetzeko baliabideak eskaintzen ditu. Horrela, gogoeta, prestakuntza, sorkuntza eta ekoizpena errazten duten antolakuntza eta espazioak jartzen ditu antzerki taldeen eta dantza konpainien esku. Horrez gain, jende guztiari zuzendutako hainbat antzerki tailer antolatzen ditu.

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.