Dokumentuaren akzioak
Argira ikusgarria estreinatuko du Verdinik Errenterian
Argira psikodantza lantzen duen talde donostiarraren seigarren ikuskizun da eta pasa den martxoan estreinatu zen Zinea eta Giza Eskubideak V. Biltzarrean. Verdini Dantza Taldea proiektua 1992. urtean sortu zen, adimen urritasuna dantzaren bidez integratzeko asmoz. Bere lehen emanaldia 2000. urtean izan zen, Atzegi-ren 40. urteurrenean eta bertan aurkezte zen bere lehen lana, Gure indarra.
Seigarren ikuskizuna
Argira, Verdini Dantza Taldearen seigarren
ikuskizuna, dagoeneko, Ilunpetik lanari jarraibidea eman nahi dion hau. Argirak
jendarte moderno eta berri baten ametsa dakarkigu. Jendarte horretan, ahalmen
urriko pertsonek beren burua erabateko askatasunez garatzeko aukera daukate.
Lana osatzeko, Isabel
Verdini koreografoak ipuin bat hartu du oinarri: agure batek
txolarre bat jaso du kaletik, arriskuz betetako hirian bizirik irauterik izango
ez duelakoan. Lagundu eta babesteko asmoz, agureak etxera eraman du txoria, eta
goxo-goxo kaiolan sartu, kanpoko arriskuetatik urrun. Jatekoa eman dio, arretaz
zaindu du… egun batean harengana hurbildu eta hilik aurkitu arte.
Verdini Dantza Taldea
Verdini Dantza Taldearen sorrera Isabel Verdini beraren ibilbidearekin zilbor-estez
lotuta dago. Bartzelonako Institut del Teatren Koreografia eta Interpretazioa
Lizentziatura ikasketak egiten ari zela jaio zen Down sindromearekin bere
hiloba. Gertaera horrek bere ibilbide profesionala minusbaliotasun
intelektualren bat duten pertsonekin lan fisikoa eta artistikoa garatzera
bultzatu zuen.
Lizentziatu berritan heldu zion Isabel Verdinik abentura honi. 1992 urtea zen eta bost ikasle baino ez zituen. Hamarkada bat beranduago, 30 ikaslek parte hartzen dute Verdini Dantza Taldearen hiru ikasketa mailetan. 2002an elkarte bezala antolatu zen taldea.
1994-95 ikasturtean izan zuten lehen kontaktua eskenatokiarekin gutxitasun intelektuala duten dantzariek. Bost urte beranduago iritsi zen beste data garrantzitsu bat, Atzegiren 40. urteurrena ospatu baitzen 2000. urtean Kursaalen. Ondoren, Nazioarteko Egunaren jaialdiak (2001, 2002 eta 2003) eta Dantzaren I. Sariak (2003), Gipuzkoako Dantza Profesionalen elkarteak antolatutako ekitaldiek, Verdini Dantza Taldearen parte hartzea izan zuten, gonbidatutako talde profesionala bezala.
Urratsez urrats aurrera doa konpaina, horixe baita Verdini Dantza Taldearen proiektuaren azken emaitza. 2003an Miarritzeko Gare du Midi aretoan, Minusbaliotuaren Europako Urtea zela eta, taldearen 30 minutuko ikuskizuna eskaini zen, bi koreografiak osatutakoa: "Gure indarra" eta "Bihotzetik". New York-Burgos II. Jardunaldi Koreografikoaren inaugurazio ekitaldian eskaini zuen emanaldia Verdini Dantza Taldeak.
Donostian bertan hainbat emanaldi eskaini ditu. Amarako Ernest Lluch kultur etxean hitzaldia eta emanaldia 2003an, Kursaaleko auditoriumean UNICEFen aldeko emanaldian,....
Barañaingo entzutegian aurkeztu zen 2004an Bihotzetik II ikuskizuna, eta urrats garrantzitsua eman zuen horrekin Verdini Taldeak, emanaldia borobildu baitzuen lehen aldiz.
Koreografien kronologia- "Gure indarra". 2000ko abenduaren 24an Donostiako Kursaal aretoan estreinatutakoa, Atzegiren 40. urteurreneko emanaldian.
- "Nahi nuena". 2002ko apirilaren 29an, Tolosako Leidor antzokian estreinatu zen, Dantzaren Nazioarteko Egunaren VI. Jaialdian.
- "Bihotzetik". 2003ko apirilaren 13an estreinatu zen, Tolosako Leidor antzokian, Dantzaren Nazioarteko Egunaren VII. Jaialdian.
- "Bihotzetik II". 2004ko irailaren 25ean estreinatu zen Barañaingo entzutegian.
- "Ilunpetik", 2006ko martxoaren 26an estreinatu zen, Donostiako Antzoki Zaharrean.
- “Argira”, 2007ko martxoaren 18an preestreinatu zen, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian.
Datuak
- Ekitaldia: “Argira”.
- Taldea: Verdini Dantza Taldea.
- Koreografia eta zuzendaritza: Isabel Verdini.
- Dantzariak: Olaia Goikoetxea, Nerea Astarbe, Marta Garmendia, Nora Azaldegui, Nekane Prieto, Haizea Sendón, María San Sebastián, Ainhoa Andrés, Iker Leizaola, María Herrero, Irati Alonso, Ana Álvarez eta Isabel Verdini.
- Tokia eta data: “Errenteria Hiria” Kultur Etxea, urriak 7, igandea, 20:00etan.
- Sarrerak: 8 €.
Dokumentuaren akzioak