Dokumentuaren akzioak
Alurr Dantza Taldearen 'Sua' Villabonan
Alurr Dantza Taldeak 2008ko azaroaren 16an estreinatu zuen ‘Sua’ ikuskizuna Tolosako Leidor antzokian (Gipuzkoa). Bigarren emanaldia Ibarrako (Gipuzkoa) kiroldegian egin zuen aurtengo urtarrilaren 30ean. Hirugarren emanaldia Balmasedan (Bizkaia) izan da, iragan ekainaren 6an, eta Villabonakoa laugarren emanaldia izango da.
Edu Muruamendiaraz, Katixa Perea eta Alurr Taldeko dantzari gazteak dira ‘Sua’ ikuskizuneko koreografien egileak.
Jantziak: Ramon Garcia.
Ekipo teknikoa: SEI.
Efektu bereziak eta argiak: Asier Izagirre.
Sua’ izenburuko filmean oinarrituta dago Alurr Dantza Taldearen ‘Sua’ ikuskizuna. ‘Eneko Haritza’ film laburra egin zuen talde berak osatu du ‘Sua’ filma. Lagun eta gazteen arteko egitasmoa da, denbora librean egina. Ibarrako, Tolosaldeko eta Algorta inguruko jende askok parte hartu du. 1.609. urtean Lapurdin gertatutakoan oinarritzen da ‘Sua’ filmeko istorioa.
Nola adierazi ikus-entzuleei filmaren sustraiak ordubeteko emanaldian? Dantza eta jantzien bidez. Bi indarren arteko gatazkan datza filmaren oinarria: herriarena eta jauntxoena. Bi bizimodu desberdin. Sua bera irudikatuko dugu hasieran ematen digun beldurra (garai hartako suaren esanahia) eta bukaeran suak ematen digun indarra edo itxaropena adierazteko.
Gure emanaldian ez dago irabazlerik, bi indar horien arteko desberdintasuna adierazten dugu bakarrik. Eta noski, sorginak ezin ziren falta istorio honetan, nahiz eta ez izan akelarreen inguruan. Garai hartan nola ibiltzen ziren isilpean, ezkutuan eta pertsegituak adierazi nahi izan dugu. Ez ziren emakume txoro batzuk, garai hartako emakume aurreratuenak baizik. Hori dantzen bidez adierazten dugu: emakumearen liberazioa, sentsualitatea eta abar.
Dokumentuaren akzioak