Dokumentuaren akzioak
Alurr Dantza Taldea Lekeitioko Euskal Ezkontzan
Alurr Dantza Taldeak ‘Sua’ ikuskizuna aurkeztuko du ekainaren 20an (larunbata), Lekeitioko plazan, gaueko 22:30ean.
Ekainaren 21ean (igandea), berriz, Euskal Ezkontzan parte hartuko du. Alurr Dantza Taldeak dantza egingo du eguerdiko 12:00etan plazan, eta kalejiran aterako da, Euskal Ezkontzako gainerako parte-hartzaileekin batera, Lekeitioko kaleetan zehar. Halaber, Alurr Dantza Eskolako dantzariek dantza ikuskizuna egingo dute plazan bertan, arratsaldeko 19:00etan.
‘Sua’ ikuskizuna, 2008ko azaroaren 16an estreinatu zuen Alurr Dantza Taldeak Tolosako Leidor antzokian (Gipuzkoa). ‘Sua’-ren hurrengo emanaldiak Ibarran (Gipuzkoa), Balmasedan (Bizkaia) eta Villabonan (Gipuzkoa) izan dira. Beraz, Lekeitiokoa, ‘Sua’ ikuskizunaren bosgarren emanaldia izango da.
Edu Muruamendiaraz, Katixa Perea eta Alurr Taldeko dantzari gazteak dira ‘Sua’ ikuskizuneko koreografien egileak.
Jantziak: Ramon Garcia.
Ekipo teknikoa: SEI.
Argiak: Toni Alcaide Pineda.
Igandean, Alurr Dantza Eskolako 3 talde (45 dantzari, guztira) ariko dira, Berastegiko Txistulari Gazteak taldeko 8 txistularirekin, eta Ibarrako Musika Eskolako trikitilariekin eta pandero jotzaileekin, Lekeitioko plazan, arratsaldeko 19:00etan. Ordubeteko emanaldia izango da, eta dantzak eta koreografiak hauek izango dira, besteak beste: Obaloa, Arratia, Uztai, Agurra, Kaxarranka, Gipuzkoano, Fandangoa eta Arin-arina.
Lehenago, eguerdiko 12:00etan, izango da Euskal Ezkontzaren irteera: Ezkontzaren agiria irakurriko dute plazan, Alurr Dantza Taldeak plazan bertan dantza egingo du eta ondoren kalejiran izango da herrian zehar, Euskal Ezkontzako gainerako parte-hartzaileekin batera.
Lekeitioko Euskal Ezkontza aurten jarraian ospatzen den 33. urtea izango da. 1977tik aurrera urtero egin baita. Euskal Ezkontza, Euskal Jaiaren barruan atolatzen da. Euskal Ezkontzan parte hartzen dutenen janzkerak XIX. mendekoak eta aurreragokoak dira.
Euskal Ezkontza, berez, aspaldikoa da, gerra zibilaren aurrekoa. 1931ko irailaren 4an ospatu zen lehenengo aldiz, eta urtero egin zen gerra zibila hasi zen arte. Gerra zibil garaian eta ondorengo diktadura urteetan ez zen egin, 1964an ezik —Resurreccion
Maria Azkue euskal idazle eta hizkuntzalariari omenaldia egin zioten orduan—.
Lekeitioko Gora Buru kultur elkartea da Euskal Ezkontzaren antolatzailea, helburu honekin: Euskal Herriko kultura gorde eta sustatzea, lehengo ohiturei eutsiz oraingo kultura sendotzeko.
Dokumentuaren akzioak