Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Aiko taldearen Dantzazale eguna Durangon

Dokumentuaren akzioak

Aiko taldearen Dantzazale eguna Durangon

2011/06/13 10:41

Bertaratzen direnek lehenengo aldiz gozatu ahal izango dute taldearen azken diskoa den `Bikaña´ren doinuekin. Honetan, gaita edo dultzainaren dantza errepertorioa zabaltzeko asmoz, zortziko, jauzi, habanera edo txotis bezalako genero ezberdinetako piezak konposatu eta grabatu dira.

Dantzazale guztiei zabalik dago ospakizuna, Aikoren ikasle izan edo ez. Izena emateko eta informazioa jasotzeko Aiko Taldearen webgunera jo besterik ez da egin behar.

Aikon dantzan ikasteko beste modu bat badagoela uste dugu. Naturalagoa den beste modu bat, erlaxatuagoa eta dibertigarriagoa. Oinak mugitzen ditugu doinu bat entzutean, balantzaka hasten gara edo oin-hatz puntekin erritmoa markatzen dugu, musika sentitzen ari gara jadanik; dantzarako prest gaude jadanik. Musika jotzen eta dantzatzen dugu, baina gainera, partekatu eta irakatsi egiten dugu.

Gure ondare musikala bultzatzen duen Aiko Taldeak eta bere musika eta dantza maisuek, ohikoa den "Dantzazale eguna" antolatzen dute Durangon; euskal folklorea maite dutenen agendako hitzordua eta aitzinako erromerien zaporea jasotzen duen jai aparta. Aurten, ospakizunak bi agerleku izango ditu: Landako azoka gunea bata, non dantza saioak eta ohiko bazkari herrikoia izango dira bertan; eta Plateruena Kafe Antzokia bestea. Hitzordua, larunbatean, ekainaren 18an, eta parte hartzeko taldeko webgunean izena eman besterik ez da egin behar.

Ospakizun honekin, "Dantzaldi Ibiltaria" programari amaiera emango zaio, Bizkaian zehar Aiko taldeak duela hiru urte martxan jarritako ikastaro, tailer ibiltari eta erromeriez osatutako programa, dantza tradizionalarekiko afizioa berreskuratzea eta sustatzea helburu duena. Urtez urte, ikasturtea agurtzen duen jai honek, euskal dantzazaleen artean indar handia hartu du eta bertan elkartzen dira, aitzinako herrietako erromeriak gogora ekarriz eta bakoitzak bere abilezia erakutsiz. BBK Fundazioaren kolaborazioarekin, Bizkaia osoan zehar tailer ibiltariak antolatuz abiatu zen ekimen bakar hau eta ikastaro trinkoek, Durangoko asteroko erromeriek eta hasieratik izandako arrakastak, sendotu egin dute.

Bi agerleku izango ditu aurtengo "Dantzazale egunak". Alde batetik, Landako azoka gunea, non 14:00etan herri bazkaria izango den eta aurten bazkalondo berezia izango duena: Aikoren disko berriaren aurkezpen-erromeria 16:00etan. Jarraian ohizko Aiko taldearekin beste dantzaldi bat. Eta beste aldetik, bukatzeko, Plateruena Kafe Antzokian, 19:30etatik aurrera oraindik dantzatzeko gogoz daudenentzako, tradiziozko guatekea.

‘Bikaña’, Aikoren zazpigarren diskolana
Aikok jai egun hau aprobetxatuko du `Bikaña´ bere disko berria aurkezteko, zazpigarrena. Bertan Sabin Bikandi musikariak konposatutako dantza pieza berriak jasotzen dira. Disko-lan honetan, euskal musika herrikoian garrantzi handia duen dultzainaren errepertorioa aberastu nahi da. Asier Garciak bere danborrarekin lagunduz (Bilboko Udal Txistularien Bandako atabala), Jon Gaminde eta Martín Ariztimuño gaitariek dantzarako estilo ezberdinetako doinuak interpretatzen dituzte bertan: habanerak, rantxerak, mazurkak, foxa, txotisak, tangoa...

Gaur egun dultzaina eta gaitarako idazten diren doinuak eta egiten diren grabaketa berriak ez dira oso uguariak, nahiz eta Euskal Herriko jaietan instrumentu tradizional ohikoena eta Europako herrialde ezberdinetako musika tradizioan gehien iraun duena izan.  2008an `Kobreik!´ argitalpenarekin ahalegindu zen Aiko hutsune hau betetzen, dultzaina eta danborrarekin XIX.mende amaieran erromerietan interpretatzen ziren doinuekin osatutako disko monografiko bat.

Taldeak, bere sorreratik izan duen bokazio didaktikoari jarraituz, Aikok “Bikaña” laneko partitura guztiak bere webgunean jarri ditu eskuragarri. Diskoaren azken pieza Aiko Inguru Dantza izena duena, zortzi dantzez osaturiko bikoteka, borobilean egiteko dantza suite bat dugu, ingurutxo edo Lizarrako larrain dantzaren tankerakoa, nolabait esateko. Suite horretarako Patxi Laborda dantza maisuak, web orrialdean ikusi daitezken, tradizioan oinarrituriko koreografia berriak proposatzen ditu.

Euskal musika ondarea sustatzeko taldea
Aiko, euskal musika tradizionalaren kultura zabala sustatu nahi duen musika eta dantzako maisuz osatutako taldea da. Dantza, jendearen gozamenerako eratutako jarduera xume eta naturaltzat jotzen duen irakaskuntza-eredua ezagutarazi nahi du, modu librean eta korapilo handirik gabekoa; eta era honetan edonork praktika dezakeena. Bere helburu nagusia, erromeriek bere izaera sozializatzailea har dezaten da, aisialdiko guztion entretenimendu gisara.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.