Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Aiko taldeak Urraska aurkeztu du, jauzien inguruko lana

Dokumentuaren akzioak

Aiko taldeak Urraska aurkeztu du, jauzien inguruko lana

Materiala modu txukun batean aurkezten da eta liburu batez, CD bikoitz batez, DVD batez eta dantzarako pausuen poltsikoko gida batez osatzen da. Dantzen transkripzioak eskaintzen ditu lanak, dantza jauzi guztien partiturak tonu ezberdinetan, pausuen gida eta Sagasetak jasotako jauzi tradizional guztien grabazioak CD bikoitz batean. Gainera,  MP3 formatuan pausuak kantatzen diren bigarren bertsio bat eskaintzen da.
 
Gure musika eta tradizioaren hedatzea helburu duen Aiko Taldeak,  ‘Urraska. Dantza jauziak Sagasetaren bidetik – A new recording of the basque jauziak dances collected by Sagaseta’  ikerketa lana aurkezten du, dokumental eta diskografia ikerketa lana. Bertan, jauziak dantzen errepertorio oso bat jasotzen da eta liburu batez, CD batez, DVD batez eta dantzarako pausuen poltsikoko gida  batez osatzen da argitalpena. Euskal folklorearen gai zehatz honen inguruan egin den ikerketa lanik sakonena da material hau eta Nevadako (Reno, AEB) Unibertsitateko Eusko Ikaskuntzen Zentroaren laguntzarekin argitaratutako da. Grabaketan honako hauek parte hartu dute: Asier García (danborra), Aitor Furundarena (eskusoinua), Sabin Bikandi (txistua y danbolina) eta Patxi Laborda (dantza pausuak markatzen).
 
Bilduma honen aurkezpena Ekainaren 12an Durangon egingo da, “Dantzazale Eguna 2010” ospakizunarekin batera. Ospakizun honekin hain zuzen ere, `Dantzaldi Ibiltaria´ Aiko Taldeak duela bi urte abian jarritako urteroko programari amaiera emango zaio. Programa hau, euskal dantza tradizionala berreskuratzeko eta sustatzeko sortua izan da eta Bizkaiko txokoetatik barrena ibili da dantza tailerrak, ikastaroak eta erromeriak antolatuz. Larunbat honetan berriro, Durangoko Kafe Antzokian izango da erromeria tradizional hau ikasturteari amaiera emanez eta bertan bilduko dira, tailer eta ikastaroetan parte hartu duten ikasleak edota besterik gabe, folklorearekin eta dantza tradizionalarekin gozatzen duten eta nahi duten guztiak. Erromeria, bazkari herrikoi batekin ospatuko dena, dantzazale guztientzako dago zabalik,  Aikoren ikasle izan edo ez. www.aikotaldea.com  webgunean izena eman besterik ez da egin behar.
 
Izan ere, ‘Dantzaldi Ibiltaria’ martxan jarri zeneko bokazio didaktiko hori da hain zuzen ere ‘Urraska’-ren izaera nagusia, goi mailako balio etnografikoa, izaera praktikoarekin uztartuz. Lan honekin Aikoren helburua ez da soilik jauziak babestea gure ondarearen zati bat moduan, baizik eta irakaskuntzaren bitartez, hau berreskuratzea ere.
 
Sauts-basques bezala ezagunak diren dantza hauek dira baita ere `Dantzaldi Ibiltaria´-ren tailer eta erromerietako oinarri. BBK Fundazioaren babesa du proiektu honek eta Bizkaia osotik barrena ibili da herriz herri ikastaroak eskainiz. Eta ikastaroei esker zein astero Durangon ospatzen diren erromeriekin,  programak errotzea eta jarraikortasuna izatea lortu du. Proiektu honen originaltasunak hasiera hasieratik izan zuen harrera ezin hobea. Bere lehen edizioan mila lagunetik gorako parte hartzea lortu zuen eta aurtengo ikastaro finkoetan, 300 ikasle baino gehiago gehitu zaizkio.
 
Euskal musika tradizionalaren zaletuekin bertatik bertarako harreman zuzenak erakutsi die Aiko Taldeko musikari eta dantzako maisuei, antolatutako ikastaro guztietan jauziak sortzen duten interesa eta honek eman zion Taldeari euren ikasleentzako, `testu liburu´ bat egiteko adorea. Hasierako ideia honetatik abiatuta sortu da ikerketa lan sakon hau. Ikerketa, bilduma, balorazio eta materialaren sailkapen lan honek ez ditu bakarrik asetzen dantzazale berrien beharrak, hasierako ideia hori bazen ere. Baita ere, euskal musikarekiko interesa duen publiko guztiarentzako ikasketa erreminta eraginkorra da zeren bertan, dantzen transkripzioak eta musika tresna ezberdinekin jo ahal izateko tonu ezberdinetara konposatutako jauzi guztien partiturak jasotzen baitira.
 
Lan hau, Miguel Ángel Sagaseta Ariztegui apaiz eta musikariak 70. hamarkadan jauziek Behe Nafarroako dantza tradizionalaren koreografian duten garrantzia azpimarratuz egin zuen ikerketa oinarrian hartuta sortu da. Lan garrantzitsua burutu zuen Sagasetak, jauzien musika-doinuak biltzeaz gain, garaira arte ezezagunak ziren ikerlarien eta hauen lanen bio-bibliografiaren berri eman baitzuen, adibidez, Pierre Laharrage, euskal dantzaren inguruko lehen lanaren egilea 1900.urtean.

Multimedia euskarria

‘Urraska’ lan honek jasotzen duen material kantitatea dela eta, multimedia edizio oso bat aurkezten da, liburu bat, CD bikoitz bat, DVD bat eta dantza pausuen poltsikoko gida batez osatzen den kutxatila batean aurkezten dena.
 
Liburuak, euskaraz eta ingelesez argitaratua, Aikoren interpretazio proposamena zehazten du eta dantza hauen jatorriaren, musikaren eta koreografien inguruko zenbait ideia teoriko eskaintzen ditu. Liburuko edukiaren gaztelerazko eta frantsesezko bertsioak DVDan datoz, antzinako grabazioen bilduma batekin batera - Aiziritze, Bithiriña eta Iholdi herrietan jasotakoak–, interes etnografiko handia dutenak eta Euskal Herrian dantza honek duen sustraia erakusten dutenak. Baita, MP3 bertsioan, jauziak doinuen grabazioak ere jasotzen dira, pausuak kantatuz.
 
Urratsak kantatzen ez diren Jauzien musika grabazioak, bi zedetan aurkezten dira. Miguel Angel Sagasetak Valcarlos-Luzaiden 70. hamarkadan jasotakoak dira hauek. Eta azkenik, `Urrestegia’ deitzen den poltsikoko gida batekin osatzen da `kit´hau, bakoitzak bere aldetik praktikatzeko dantza- pasuen gida bat.

Nazioarte mailako oihartzuna: Nevadako Unibertsitateko Eusko Ikaskuntza Zentroa
`Urraska´-ren banaketa Nevadako Unibertsitatearen ardura izango da, Eusko Ikaskuntzen Programak berehala erakutsi baitzuen proiektu honetan parte hartzeko interesa. Unibertsitateko Basque Studies Center, 1967an sortu zen estatubatuar Mendebaldean etorkin euskaldunen eragina ikertzeko helburuarekin.
 
Ordutik, bibliografia bilduma garrantzitsuen garapena, ikastaroen antolaketak, doktoretza programak, urteko txostenen argitalpenak eta euskal gaien inguruko ingelesezko  zenbait libururen argitalpenak sustatu ditu. Proiektu honetan estatubatuar unibertsitatea egoteak, ‘Urraska. Dantza jauziak Sagasetaren bidetik – A new recording of the basque jauziak dances collected by Sagaseta’-ren nazioarteko oihartzuna bermatzen du, Aiko Taldeak helburu honekin, materiala euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez kontsulta ahal izateko prestatu duelarik.
 

‘Urraska. Dantza jauziak Sagasetaren bidetik – A new recording of the basque jauziak dances collected by Sagaseta’ ondorengo bide hauetatik banatuko da:

Euskal Herritik kanpo beste bi bide hauetatik ere erosi ahal izango da:


Aikoren bosgarren diskografia lana
Aiko Taldea musika eta dantza tradizionaleko maisuen talde bat da eta euskal musika tradizionalaren ondare hau zabaltzea du helburu. Konplexutasunetik urrunduz, dantzatzeko era tradizional eta naturala zabaldu nahi ditu, eta horrekin batera, ikasteko bide atsegin, argi eta erraz bat, eta honenbestez mundu guztiak parte hartzeko modukoa. Bere helburua erromeria tradizionalek ohiko balio sozializatzailea har dezaten da, guztion aisialdirako dibertimendu izatea.
 
Bere ekimenen artean tailer, mintegi eta erromeriak antolatzeaz gain, musika tradizionaleko diskoen argitalpenak egitea dago. ‘Urraska’ izan ere, Aikoren bosgarren lana da. Iaz, `Aurrez Aurre´ aurkeztu zuten, Maritzuli konpainiarekin batera estreinatu zen izen bereko ikuskizun musikalari doinua ematen dion CDa. Lehenago, `Dantzak´ argitaratu zuten, Euskal Herriko dantzen inguruko lana, baita `Kobreik´ ere, dultzainaren errepertorioari dedikatutakoa eta `Herri musika ta dantza´ 2007an, dantzatzeko 21 doinu eskaintzen dituena.
 
Aiko Taldea
AIKO, folklorea zabaltzeko interesak elkartuta, musika eta dantza tradizionalaren munduan esperientzia duten profesionalez osatzen da. Gaur egun ondorengo musikariek osatzen dute: Aitor Furundarena (soinujolea eta konposatzailea), Álvaro García Martínez (gitarra jole eta konposatzailea), Asier García Artetxe (perkusioa), Miren Zeberio (bibolina), Koldo Salazar (soinua), Elur Arrieta (perkusioa eta dantzaria),  Sabin Bikandi (danbolina eta konposatzailea) eta dantzari zein dantza maisuak diren  Jon Maya, Larraitz Artetxe, Patxi Laborda eta Vanesa Castaño.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.