Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Aiko taldeak ikastaro eta tailer ibiltariez osatutako Dantzaldi Ibiltaria programaren hirugarren edizioa abiarazi du

Dokumentuaren akzioak

Aiko taldeak ikastaro eta tailer ibiltariez osatutako Dantzaldi Ibiltaria programaren hirugarren edizioa abiarazi du

2010/09/10 13:17

Bi urteko esperientzia arrakastatsuari esker, AIKO taldeak mila lagun baino gehiagok dantza tradizionalarekiko atsegina berreskuratzea lortu du, eta horren ondoren, ikastaro eta tailer ibiltariez osatutako ‘Dantzaldi Ibiltaria’ programaren hirugarren edizioa abiarazi du, filosofia xume honetan oinarrituta: “gozatuz ikastea ikasiz gozatzeko”. Gazte eta helduei zuzendutako ekimen pedagogiko honek soka-dantza, pasodoblea, jota eta beste dantza batzuez osatutako errepertorioa du, eta lehenengo aldiz, Bizkaitik kanpora ere hedatuko da, Gipuzkoako Zarautz herrira alegia.

Aiko taldeko kideek (denak musika eta dantzaren alorreko maisuak dira) Bizkaiko bederatzi herri bisitatuko dituzte irailean (Lemoiz, Erandio, Durango, Sopela, Galdakao, Gernika, Zaratamo, Berriz eta Elorrio), herriz herri antolatu dituzten doako aurkezpen-tailerretan parte hartzeko. Honen bidez, dantza jendearen gozamenerako eratutako jarduera xume eta naturaltzat jotzen duen irakaskuntza-eredua ezagutarazi nahi diete interesatutako guztiei.

Ikastaroek urrian hasi eta bederatzi hilabete iraungo dute, astero ordu t’erdiko praktikak eskainiz hastapen nahiz hobekuntza mailetan. Hirugarren edizio honetan, ‘Dantzaldi Ibiltaria’ Erandio, Galdakao, Durango, Sopela, Gernika, Zaratamo eta Zarautz aldean ibiliko da astero astelehenetik ostiralera, eta ordutegiak aldakorrak izango dira, 18:30etatik 21:30etara bitartekoak, herrien eta eman beharreko ikastaroen arabera. Horrez gain, hilean behin, doako erromeria herrikoia egingo da Durangoko Plateruena Kafe Antzokian, Aiko taldeko kideen zuzeneko musikarekin, giro lasai eta egokian dantzan egin eta ikasitakoa plazaratzeko asmoz.

Formalismo akademiko guztiak bazterturik, Aikoko kideek ikasleei dantzan egiten irakastea dute helburu, edozein koreografiaren gainetik baina betiere herri folkloreari atxikirik. Horrela, naturaltasunez eta pausoz pauso, belaunaldi berriek ahaztuxeak dituzten erritmoak ezagutarazi nahi dizkiete, porrusalda, balsa, mazurka, txotisa, polka edota jauziak tarteko direla.

Musika eta dantza tradizionalak aisialdirako adierazpidetzat berreskuratzearen aldeko ekimen honetan, Aikok BBK Fundazioaren eta ikastaroak emango diren herri desberdinetako udalen sostengua izan du. Aurtengo matrikularen prezioa 100 eurokoa izango da ikastaroek iraungo duten bederatzi hilabeteetarako.

Dantza ikastaroak

  • Plazako dantzak: pasodoblea, baltsa, polka, jota, porrusalda, jauziak, txotisa, foxa, e.a.
  • Aiko irakasbidea:

o   betiko tradiziozko dantzakeran oinarritua
o   mailakatua eta progresiboa
o   ergonomikoa eta naturala
o   musika, erritmoa eta mugimendua uztartuz eta landuz

  • Erandion, Galdakaon, Durangon, Sopelan, Gernikan, Zaratamon eta Zarautzen.

 
2010eko urritik 2011ko ekainera bitartean.
Astero ordu bete t’erdiko eskolak.
100 € ikasturte osoa
Plaza mugatuak. Izena emateko: www.aikotaldea.com edo 646 336 147 telefonoan.

  • Erandio: Hastapenak 18:30-20:00 Hobekuntza 20:00-21:30 Merkatu zaharra  
  • Zarautz: Hastapenak 19:00-20:30 Aritzbatalde Kiroldegia  
  • Durango: Hastapenak 18:30-20:00 Hobekuntza 20:00-21:30 Plateruena Kafe Antzokia  
  • Gernika: Hastapenak 18:30-20:00 Hobekuntza 20:00-21:30 Gernikako Institutoa  
  • Zaratamo: Hastapenak 18:30-20:00 Hobekuntza 20:00-21:30 Eskola zaharra  
  • Galdakao: Hastapenak 18:30-20:00 Hobekuntza 20:00-21:30 Urretako eskola  
  • Sopela: Hastapenak 18:30-20:00 Hobekuntza 20:00-21:30 Urko Kiroldegia   

       
Aurkezpen tailerrak

  • Ira. 10 Lemoiz
  • Ira. 13 Erandio  
  • Ira. 14 Durango
  • Ira. 15 Sopela
  • Ira. 20 Galdakao
  • Ira. 23 Gernika
  • Ira. 24 Zaratamo
  • Ira. 27 Berriz
  • Ira. 28 Elorrio

 
Aiko Taldea
AIKO musika eta dantza tradizionalaren mundua ezagutarazi, ulertu, ikertu, irakatsi, sustatu, bultzatu, garatu, herrikoitu, gizarteratu eta gureganatzeko sortua den musika eta dantza maisuen talde bat da. Dantzatzeko era tradizional eta naturala zabaldu nahi ditu, eta horrekin batera, dantzarako aukera eta gune berriak sortzea; ikasteko bide atsegin, argi eta erraz bat, eta honenbestez mundu guztiak parte hartzeko modukoa. Eta orain ‘DANTZALDI IBILTARIA’-rekin Bizkaiko herrietatik zehar zabalduko duena. Bere helburua erromeria tradizionalek ohiko balio sozializatzailea har dezaten da eta aisialdirako dibertimendu izatea.
 
Taldearen ohiko zereginen artean, ikastaroak, tailerrak, mintegiak eta erromeriak aipa daitezke, baita musika tradizionaleko diskoen argitalpena ere. ‘Urraska’ izan da Aikok kaleratutako azken lana, jauzien errepertorio osoa biltzen duen lan dokumental eta  diskografikoa, liburu batez, CD bikoitz batez, DVD batez eta dantza-pausoei buruzko poltsiko-gida batez osatutakoa. Gainera, duela urtebete, Maritzuli konpainiarekin batera taularatutako ‘Aurrez aurre’ musika-ikuskizuneko soinu-banda biltzen duen izen bereko CDa aurkeztu zuen. Horren aurretik, Euskal Herriko dantzei eskainitako ‘Dantzak’ plazaratu zuen, gaita-errepertorioari zuzendutako ‘Kobreik’ delakoa, eta 2007an, dantzan egiteko 21 doinu biltzen zituen ‘Herri musika ta dantza’ izenburuko lana.
 
Aiko taldea foklorearen zabalkundean interesaturik dagoen orori zabalik dago. Gaur egun ondorengo musikariek osatzen dute: Aitor Furundarena (soinujolea eta konposatzailea), Álvaro García Martínez (kitarrajolea eta konposatzeilea), Asier García Artetxe (perkusiojolea), Sabin Bikandi (konposatzaile eta moldatzailea), eta dantzari eta dantza maisuak diren Jon Maya, Larraitz Artetxe, Patxi Laborda eta Vanesa Castaño.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.