Dokumentuaren akzioak
Betiko dantzak plazan, denon eskura
- Dantzaldi ibiltaria aurkeztu duzue hedabideen aurrean, ez da lehen aldia…
Patxi: Ez. Aurreko urtean ere izan gara ekintza horretan eta oso-oso pozik gaude, bai eta harro ere egin dugun ibilbideaz. Gurera hurbiltzen direnei laguntzen diegu antzematen barruan daramaten dantzazalea, eta esker oneko lana da hori. Izatez, dantzaldi ibiltaria da erromeria bat, tradiziozko erromeria bat, gaur hemen eta bihar han egiten dena, herririk herri.
- Zer moduzkoa izan da aurreko urteko esperientzia?
Larraitz: Dantzaldi ibiltariarekin hasi ginenean Plateruenako erromeriak eta egun bakarreko tailerrak edo demoak egiten genituen, oinarrizko argibide batzuk eman eta jendea dantzara animatzeko batez ere. Berehala ingurutik dantza eskola luzeagoen beharra heldu zitzaigun eta horrela hasi ginen urritik ekainerako ikastaroak ematen herriz herri. Dantzazale egunak ere ospatzen ditugu abenduan eta ekainean, bazkaria, erromeria, parranda... Herriz herri dantzan ekimena ere martxan jarri genuen, eta joan den ikasturtean Zarautz eta Zaratamora joan ginen, dantzazaleak elkartuz inguruak ezagutzeko asmoz, eta lagun mordoa elkartu eta ederto pasatu genuen: txangoa, bazkaria, erromeria... Eta ikasturtea bukatzeko Dantza barnetegia ere antolatu genuen Zarautzen, hiru egunez dantzan eginez eta maisu ezberdinekin ikasiz primeran aritu ginen. Barriz, jendearen erantzuna ezin hobea izan da ekimen guztietan.
- Eta aurten, ostera ere. Zer berri dakarzue aurtengo programazioagaz?
L: Dantza-eskolak berregituratzeko beharra sumatu dugu. Orain arte, maila bitan antolatzen genuen irakaskuntza: hasierako ikastaro bat eta jarraipenekoa. Inguruko eredu akademikoak erreferente moduan ditugulako edo, batzuentzat, lehen maila eta bigarrenaz ari ginela ematen zuen, eta bigarrena egin ondoren, hirugarrenaren zain... Eta gurea ez da akademia edo kontserbatorioa. Ezin ditugu sei edo zortzi ikasturte eskaini. Hori ez da gure lana. Dantzaguneak sortu ditugu arazo horri egiteko.
Sabin: Orain, hasmentako ikasturtean, oinarrizko dantza ikastaroan, oinarrizko dantza kontuak ikasiko ditugu: musika entzuten gorputza baliatuz, dantza bikotearekin bat egiten, baltseoan, jauzietako urratsen oinarriak, jota edo fandangoaren hastapeneko aldairak..., eta hori egin ondoren, dantzan nahi duenak, Dantzagunea izango du, beste dantzazaleekin batera astero elkartu eta ondo pasatzeko, dantzan praktikatzeko, ekiteko eta jarraitzeko. Dantzari-dantzazale den ororentzat irekita daude Dantzaguneak.
- Mintegi bat ere antolatu duzue, berria: jota-mintegia.
P: Hori da ikasturte honetarako beste nobedade bat. Jota edo fandangoaren ezagupenean sakontzeko, hilean behin, larunbat goiz batez, Zarautzen elkartzeko proposamena egin dugu. Ikasle eta lagun asko ditugu (igaz 500 baino gehiago ikastaro tinkoetan) eta askok, dagoenekoz, urte batzuk daramatzate gure inguruan ikasten jo ta ke. Iruditu zaigu momentu egokia zela beste tankera bateko formazioa eskeintzeko, gai bat hartu eta lasai aztertu eta sakontzeko modukoa.
- Eta zergatik jotarekin hasi?
S: Horretan ez dugu dudarik izan. Arrazoi asko daudela uste dut. Batetik gogoko dugulako, gustatzen zaigulako, esan daiteke jota dela gure taldearen "buque insignia".
P: Bai, ez da kasualitatea. Sabin eta Larraitz, galdakoztarrak dira eta bertoko dantza taldetik datoz. Barriz, Kepa Artetxe (Larraitzen aita) jota kontuetan dugun maisu handia da, eta hor izan dugu beti, laguntzeko eta irakasteko prest.
L: Eta Patxi Iruñarra da, eta Nafarroa jotarik gabe... (kar, kar).
P: Bai, eta horrekin batera, jota/fandangoa da, agian, gure taldearen “filosofia” argien isladatzen duena hainbat kontutan. Aikok transmititzen dituen oinarrizko mezuak jotan dute adierazpide argiena seguraski. Jota da gure bidaide leiala.
- Dantzakera akademikoa eta tradiziozkoa elkartzeko ahalegina da zuena…
P: Tradiziotik abiatuta, akademikoari begiratzea da gure helburua. Gure aiton-amonek (gazteagoentzat, birraiton-amonek seguraski) lurraren gainean dantzatzen zuten, lurretik eta lurrera, modu herrikoi edo tradiziozkoan esaten duguna. Garrantzitsua da horretaz jabetzea, alegia oinak lurrean dauzkazula dantza egin egin behar dela… energia, indarra lurraren pare bideratzen da, plano horizontalean, eta gorputzak lurra hartzen duenean markatzen da erritmoa, lurra astintzean, lurra perkusio tresna bat bailitzan... Eta horrek, musikarekin bat datorrenean, noski, sekulako indarra ematen dio dantzakerari.
- Teoriko xamarra diozuna…
S: Ez, ez… batere ez. Hara, niri ijito datozkit burura... Behin, Granadan, lagun baten bitartez bertako ijito famili bat bisitatu nuen. Afalondoan dantzan ekin genion, eta beraiek lurra astintzen zuten modua itzela eta ikusgarria zen... haur, gazte, zaharrak... Ez zuten aidean txiribueltarik egiten, ez kabriolarik, baina indarra... eta erritmoa ondo markatu!! Hunkigarria izan zen: gure zaharren dantzakera bera zen, gure maisuena… Eperrarena, Txilibrinena.
P: Kontua da, XX. mendean hainbat aldaketa gertatu zirela dantza herrikoiaren inguruan. Batetik Sabino Aranaren esanetara Euskal Herriko batzokien inguruan, ia herri guztietan ezpata-dantzari taldeak martxan jarri ziren, geroxeago dantza taldeak sortu ziren eta horrekin batera, pixkanaka, hor-han eta hemen, dantza-txapelketak ere ugaritu ziren. Testuinguru horretan, jatorrizko funtzioa aldatu zuen dantzak. Gizakien arteko komunikabide eta harreman-bide baliogarrienetakoa izatetik, espektakulu eta argudio politikoa izatera pasatu zen. Hortarako eredua ballet klasikotik hartu zen, eta lurretik airera pasatu zen dantza ustez herrikoia.
- Dantzen uniformizazioa ere ekarri zuen horrek, eta ez zarete horren zaleak zuek…
P: Ez ba. Espektakuluen beharrizanak eta txapelketek, bateratasuna, edo hobe baterakeria ekarri zuten. Aberastasuna, aniztasuna, askatasuna baztertu ziren… "Lehenago denak ezberdin dantzatzen genuen, eta oin danak igual-igual", esaten zigun Meñakako jotalari batek.
S: Bioaniztasuna bezala, dantzaniztasuna ere baloratzen hasiak gara (kar, kar).
P: Bai, eta slowfood-a bezala slowdance-a!!
- Orduan zuek aspaldiko dantzatzeko modura bueltatzeko ahaleginetan zabiltzate?
P: Aspaldikoetara eta egungora. Tradizioa bizirik dago, eta halaxe egotea nahi dugu: bizirik.
S: Adi, baina: tradizioa ez da zaharraren fotokopiak egitea...
- Ba, askorentzat, tradizioa fosilizatuta dagoen zerbait da.
P: Ez da hori guk uste duguna. Ezta praktikatzen duguna ere. Hara, dantza batean, jota kasurako, funtzioak eta egiturak ezagutzen ez direnean, ulertzen ez denean, kopiatzeko saiakeren emaitzak kaxkarrak dira gehienetan, edo ulertezinak behintzat. Bideo bat ikusiz, eta berton agertzen den dantza kopiatu nahian dantzan egiten denean, emaitza, ia beti ulertezina da, zentzu gabekoa. Ezagutzen eta ulertzen ez dugun hizkuntza bat errepikatzen saiatzen garenean bezala...
S: Irudi batekin esateko, pasadizo bat kontatuko dizut. Behin, Danimarkan, ikastaro bat ematera joan nintzenean, beraien hizkuntzan aurkezpen txiki bat egiten saiatu nintzen, loroak bezala testu txiki bat errepikatuz... Nire borondatea eskertu zuten ikasleek eta txalo egin, baina, beraien bokalen aberastasuna menperatzen ez nuenez, nahi gabe, biraoren bat esan nuen nire hitz jarioan...
L: Eta dantzen fotokopiak egiteko saiakerekin ere, beste horrenbeste pasatzen da, sarritan dantza ulerkaitza bilakatzen da...
- Beraz, dantzan egiteko, sistema ezagutzea ezinbestekoa da.
L: Bai, hori da gure erronka. Dantzaren egitura sistematizatzea eta hori azaltzea da gure jarduna. Dantzarako proposamen bat erakustea eta irakastea.
- Diozun sistematizazio horrek ez al du aberastasuna murriztuko, lehen aipaturiko estandarizazioaren modura?
L: Ez dira maila bereko kontzeptuak sistematizazioa eta estandarizazioa. Inprobisazioa entzutean, sarritan, mugarik gabeko erabateko sormena datorkigu burura, ezerezetik sortzea, txapeletik untziak ateratzen diren bezala... Eta ez da hori. Inprobisatuz komunikatzeko, sortzeko edo/eta birsortzeko egiturak ezagutu behar ditugu: sistema egituratu bat, bertako elementuak. Horiek elkarrekin lotuz, ideia, esaldi edo dantza berriak sortuko ditugu.
P: Hitz egitean, hitzaldi inprobisatu batean ere, hizkuntzaren egitura eta arauak ezagutu behar ditugun moduan, musikan, edo dantzan ere gauza bera gertatzen da…
S: Bai, bertsolariak ere, inprobisatzen dutenean, hizkuntzaren arau guztiak batetik (eta asko eta zehatzak dira), eta bestetik, bertsolaritzaren arau propio guztiak menperatu behar dituzte (doinuak, neurriak, e.a.). Eta gure ahalegina hortik doa, dantzen egitura, jota edo fandangoarena aurkezten dugun mintegi honetan, aztertu, ulertu, barneratu, ikasi, azkenean inprobisatzeko gai izateko.
L: Baina argi utz dezagun: ez da bakoitzak edozer edozelan egitea! Hasteko, bikotearekin bat eginik dantzan egin behar dugu.
- Baina jota edo fandangoa bikote-dantza al da?
L: Fandango bat korroan egitea da pasodoble edo tango bat korroan egitea bezala. Galdetu bestela gure zaharrei.
P: Bueno, bai... jota/fandango dantzaren funtzio tradizionala izan da bikote-harremana: kortejoa, ligatzea... Bikote-dantza bat izan da: inprobisatzeko, jolasteko, adierazteko, probokatzeko aukerak ematen zituena eta dituena. Badu bere kutxu erotikoa ere, eta ez bakarrik baltseoan ari garenean, soltuan ere...
S: Noski... Ez dakit Freudianoegia naizen, baina, ni behintzat, emakume bat soltean graziaz dantzan dabilenean, gora ta behera, hona eta harako meneoan... Oño!! Ez dut pentsatu nahi duela 100 urte zer izan zitekeen... Eliza Katolikoaren moralak, botere publikoen ideologiak eta Sabino Aranak euskal dantzei buruz zuen ideario puristak dantza erotikoa zena domestikatu eta egokitu egin zuten. Azkenean, bikotea askatu eta korroan egiteraino! Francoren Sección Femenina hortakoek ere lagundu zuten desnaturalizazio horretan.
P: Guk bikoteka lantzen dugu fandangoa; ez ligatzeko kontuekaitik, noski, baizik eta dantza beraren oinarrizko egitura errespetatzearren, eta bikotean egiteak ematen dituen aukera aberatsekaitik. Bikotearekin harremana da joko guztiaren gakoa, batak proposatu eta besteak jarraitu, batzutan elkarri lagunduz, beste batzuetan elkarri xirikatzen, norgehiagoka, deman... Jota batean aurrean duzunarekin gauza asko gertatzen dira, informazioa asko trukatzen da, komunikaziorako tarte pribilegiatua da... Eta inprobisazio eta sormen koreografikoarentzat ere, noski.
- Eta zuekin dantzatzeko, zer egin behar da?
Hilean behin, ikasturtean zehar, larunbatez, arratsaldeko 19:00tan, Durangoko Plateruena Kafe antzokian aurkituko gaituzue. Aurtengo denboraldia irailaren 17an aurkezten dugu, erromeriarekin, eta txokolatearekin... Hortik aparte hainbat plazetan gabiltza, eta bestela, enlatatuta ere aurkituko gaitzakezue, hainbat musika grabatu dugu eta.
- Nola ikusten duzue dantzaren etorkizuna?
L: Aberatsa, anitza, interesgarria...
P: Dantza plazak hotzak ziren, eta gaur egun, gero eta gehiago, gure dantzaldietan bero egiten du.
S: Eta gazteak ere dantzan...
L: Eta gero eta mutil gehiago hurbiltzen dira gure dantzaldietara.
S: Eta ekainean, Bikaña argitaratu genuen gaita bi eta danborrarekin jotzeko dantza errepertorio berriarekin, eta gabonetarako agorturik zeuden CDak berrargitatuko ditugu eta Aiko taldearen CD berria plazaratuko dugu.
P: Eta...
Dokumentuaren akzioak