Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Aikok dantzaldi ibiltariaren edizio berri bat eta jota mintegia aurkeztu ditu

Dokumentuaren akzioak

Aikok dantzaldi ibiltariaren edizio berri bat eta jota mintegia aurkeztu ditu

Aurreko ikasturteetan bezalaxe, ekimen horien osagarri gisa, jende guztiari irekitako erromeria egingo da hilean behin Durangoko Plateruena Kafe Antzokian, antzinako dantzaldi herrikoien jai-giroa berreskuratzeko asmoz.  2011-12 ikasturterako matrikula zabalik dago jadanik, eta Dantzaguneak sortzeaz gain, Dantzaldi Ibiltariak jota edo fandangoari buruzko mintegi monografikoak egingo ditu hilero programazioaren osagarri gisa. Hilero, urritik ekainera bitartean, larunbat goizez, Aiko taldeak biltzeko topagunea sortu nahi du Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian dantza tradizionalaren Euskal Herri osoko zaleentzat. Guztira, ia mila pertsonak parte hartu dute Aiko-k antolatutako tailer desberdinetan, ‘DANTZALDI IBILTARIA’ BBK FUNDAZIOAren laguntzaz abian jarri zenez geroztik

Euskal ondare musikala berritzea xede duen Aiko taldeko musikari eta dantza-irakasleek dantza tradizionalari buruzko ‘DANTZALDI IBILTARIA’ delako ikastaroen edizio berri bat aurkeztu dute, ikuspegi eraberritu batez. Honela, hasiberriei zuzendutako oinarrizko dantza ikastaroarekin batera, asteroko topaketak antolatuko dira oinarrizko ezaguerak dituzten dantzazaleentzat, eta jotari buruzko espezializazio-ikastaro monografiko bat. Ohiturari jarraituz, jarduera horien osagarri gisa, hilero erromeriak egingo dira Durangoko Plateruena Kafe Antzokian. Aiko taldeak proposamen interesgarri, dinamiko eta jostaria aurkeztu du, dantza tradizionala kaleko jendeari hurbiltzeko asmoz, dantza egitea eta dantzaz gozatzea erraztuko duen ingurune erakargarri baten laguntzaz.

Aiko taldeak Dantzaldi Ibiltariaren barruan programatu dituen ekimenek arrakasta handia lortu dute. Iaz, 500 ikasle baino gehiago inskribatu ziren Sopela, Erandio, Gernika, Galdakao, Durango, Zarautz eta Zaratamon antolatutako ikastaroetan. Horrez gain, Plateruenan antolatzen diren hileroko erromeriak ezinbesteko topaleku bihurtu dira dantzatzaleentzat, eta aparteko jarduerek (Durangon abenduan eta ekainean ospatutako Dantzazale Eguna, Zaratamon eta Zarautzen antolatutako Herriz Herri Dantzan edota Zarauzko dantza-barnetegia) egundoko arrakasta lortu dute programazio nahiz partaidetzari dagokienez. Ondorioz, Aikoko musikari eta maisuek hastear dagoen ikasturterako eskaintza berregituratu dute. Matrikula egiteko epea zabalik dago jadanik, eta Interneten bidez ere egin daiteke, www.aikotaldea.com webgunean.

Hastapenak

Honela, aurreko urteetan bezalaxe, lehenengo pausoak eman nahi dituzten zaletuek, Aikok asterik aste, urritik ekainera bitartean eskainiko dituen dantza tradizionaleko eskolak hartu ahal izango dituzte herri desberdinetan. Oinarrizko Dantza Ikastaroak Aikok proposatutako irakaskuntza-ereduaren arabera eratutako hastapen-ikastaroak dira. Dibertimendua xede duen ikasketa-prozesu xume baten bidez, dantza tradizionalaren errepertorio-aukerak irakatsiko dizkiete ikasleei. 90na minutuko iraupena duten saio hauetan, gorputz koordinazioa eta koordinazio erritmiko-musikala lantzeko ariketak egingo dira, euskal dantza nagusiez (soka-dantza, jota, porrua, baltsa, mazurka, txotisa, pasodoblea, polka, kontradantza, kontrapasa, etab.) osatutako errepertorioari aplikatuta.

Trebatuta daudenentzat
Oinarrizko ezagutzak dituztenentzat, Aikok berrikuntza garrantzitsua abiarazi du ikasturte honetan: ‘Dantzaguneak’ deritzen dantza egiteko esparruak sortu ditu. Dantzazaleei zuzendutako ekimen honen bitartez, asteroko topagunea eskainiko zaie dantza praktikatu eta dantzaz gozatzeko aukera izan dezaten. Dantza-saio hauetan, oinarrizko ezaguerak dituzten dantzazaleek elkarrekin bildu eta elkarrekin dantza dezakete dantza-maisuaren gidaritzapean, teknika hobetu eta pauso eta dantza berriak ikasteko aukerarekin. Saio hauek ere ikasturtea amaitu arte antolatuko dira, urritik ekainera bitartean.

Jota/fandangoari buruzko monografikoa Zarautzen
Aurtengo edizioan ere, berrikuntza bezala, dantza-mota jakin bati buruzko ikastaro monografikoak antolatuko dira. Ikastaro horietako lehenak jota izango du ardatz. Dantza honen oinarrizko pausoetatik abiatuta, dantzatzale, dantzari eta dantza-irakasleek aldaera, apaindura eta eboluzio desberdinetan murgiltzeko aukera izango dute. Hilero, urritik ekainera bitartean, larunbat goizez, Aiko taldeak elkarrekin biltzeko topagunea sortu nahi du Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian, jatorri tradizionaleko jota edo fandangoa ulertu, ikasi eta horren inguruan inprobisatzeko interesa duten Euskal Herri osoko dantzazale, dantzari eta dantza-irakasleentzat.

Aiko musika eta dantza maisuek osatutako taldea den heinean, eta bere helburua musika eta dantza tradizionalaren mundua zabaldu, dibulgatu, irakatsi, bultzatu, ikertu eta gizarteratzea dela gogoan hartuta, jota errepertorioaren ezinbesteko osagai bilakatu da taldearentzat, dantza-estilo tradizionalaren nondik norakoak ezagutarazteko tresna bikaina, alegia. Ildo horretan, Aikok jotaren jatorrietara itzultzeko egin duen proposamena taldearen ibilbide eta asmoen sintesia eta isla dela esan dezakegu.

Hileroko erromeriak Durangoko Plateruenan
Aurreko urteetan bezalaxe, aipatutako ekimenen osagarri gisa, jende guztiari irekitako erromeria egingo da hilean behin Durangoko Plateruena Kafe Antzokian, antzinako dantzaldi herrikoien jai-giroa berreskuratzeko asmoz. Herri erromeria hauek (larunbatez egingo dira beti, 19:00etan, sarrera doakoa delarik) egun hauetarako programatuta daude: irailaren 17rako, urriaren 29rako, azaroaren 19rako, abenduaren 17rako, urtarrilaren 21erako, otsailaren 25erako, martxoaren 17rako, apirilaren 14rako, maiatzaren 19rako eta ekainaren 23rako.

Aiko Taldeari buruz
Aiko irabazi-asmorik gabeko kultur elkartea da, musika eta dantza maisuek osatutakoa, musika eta dantza tradizionalaren mundua komunikatu, igorri, ezagutarazi, garatu, zabaldu, dibulgatu, irakatsi, sustatu, bultzatu, ikertu, popularizatu, piztu, hedatu eta gizarteratzea xede duena. Musika eta dantza talde gisa errepertorio tradizionalaren interpretazioan, transmisioan eta pedagogian egiten ari den lan trinkoarekin batera, Aikok hainbat liburu, partitura, CD eta DVD grabatu eta ekoitzi ditu. Horietako azkena, “Bikaña” izenekoa, bi gaita eta danbor batez jotzen den dantzarako musikari zuzenduta dago. Gaur egun, Aiko agortuta dauden bere lan batzuen berrargitalpena prestatzen ari da, baita dantzarako errepertorio orokorrari eskainitako CD berri bat (bere lehenengo CDaren lorratzari jarraituz), eta dantza tradizionalari buruzko zenbait bideo didaktikoren argitalpena ere.

 

 

Dantzaldi ibiltaria 2011-12

Aiko Taldea, danza tradizionalerako esparruak sortzen

 

dantza tradizionala

AIKOn uste dugu dantza egiteko beste modu bat dagoela. Doinu bat entzutean, oinak berez mugitzen hasten garenean, kulunkatzen edo erritmoa hatzamar-puntekin markatzen hasten garenean, atea irekitzen diogu gure gorputzak musikaren estimulari ematen dion naturazko erantzun psikomotoreari, eta, era berean, dantza tradizionalari. Musikak eta mugimenduak bat egiten dute dantza tradizionalean, eta bi osagai horiek elkarreraginean jarduten duten halakoxe osotasun bat eratzen dute, elkar errespetatuz eta elkar aberastuz, musikari eta dantzarien arteko konplizitatea ezinbestekoa duen sistema oso bat antolatuz. Dantza tradizionala lurrarekin bat eginda dantzatzen da, era natural eta ergonomikoan, pertsona gehienen mugapenak eta gaitasunak gogoan hartuta, eta ildo horretan, parte hartzeko, gizarte mailan elkarreragiteko, atsegina hartzeko eta dantzaz gozatzeko aukera handiagoak eskaintzen ditu.

 

dantza tradizionala gaur: dantzaldi ibiltaria

Jatorri tradizionaleko dantza birgizarteratzeko prozesu interesgarri baten aurrean gaude. Gizartearen aisialdi eta astialdiko ohitura berriei erantzunez, ekimen desberdinek bat egin dute folklorearen inguruko proposamen berriak garatuz. AIKO taldean, dantza tradizionala bizitzeko darabilgun modua partekatzearen aldeko apustuari eusten diogu, eta horretarako:

-ezagutzak eta bizipenak transmititzeko esparruak sortu nahi ditugu ikastaro, tailer eta mintegien bitartez, eta -esperimentatzeko esparruak garatu nahi ditugu, dantza egiteko propio sortutako zuzeneko musikaren laguntzaz, eta dantzaz gozatzea eta dantza beste era batera, modu hurbilago eta errazago batean ulertzea eta partekatzea erraztuko diguten gako batzuen ikasketa xumearen bitartez.

Azken batean, dantza tradizionalaren mundua XXI. mendeko kaleko jendeari hurbiltzea da egunez eguneko jardunean gogoan darabilgun helburu nagusia, proposamen interesgarri, dinamiko eta jostagarri baten bitartez, gaur egungo bizimoduarekin bat datorren ingurune erakargarri batean: dantzaldi ibiltariaz.

 

gure proposamena: dantzaldi ibiltaria

Dantzaldi Ibiltaria abiarazi zenean, programazioak Plateruena Kafe Antzokian egiten ziren hileroko erromeriak zituen ardatz, baita Bizkaian zehar, herriz herri antolatzen ziren egun bakarreko tailerrak ere, guztiok dantza eginez eta lehengo erromerien xarmaz gozatzeko gai garela frogatzea xede zutenak. Lehenengo tailerretik eta lehendabiziko herritik, argi geratu zen munta eta iraupen handiagoko prestakuntza-eskaintza antolatu behar zela, eta horren haritik, 2008-2009 ikasturteaz geroztik, ikastaro egonkorrak eskaini ziren herri desberdinetan, asterik aste, urritik ekainera bitartean. Iazko 2010-2011 ikasturtean, 500 ikasle baino gehiago inskribatu ziren Dantzaldi Ibiltariak Sopela, Erandio, Gernika, Galdakao, Durango, Zarautz eta Zaratamon antolatu zituen ikastaroetan, Plateruenako hileroko erromeriak dantzazaleen arteko topagune bilakatu ziren, eta aparteko jarduerek (Durangon abenduan eta ekainean ospatutako Dantzazale Eguna, Zaratamon eta Zarautzen egindako Herriz Herri Dantzan edota Zarauzko dantza-barnetegia) egundoko arrakasta lortu zuten programazioari eta partehartzeari dagokienez.

Denbora honetan bildutako esperientziak Dantzaldi Ibiltariaren jarduera-proposamena berrantolatzera bultzatu gaitu 2011-12 ikasturteari begira, zenbait berrikuntza tarteko direla.

dantzarako esparruak: dantzaguneak

Alde batetik, prestakuntza-eskaintza berrantolatu da, dantza tradizionalari buruzko hastapen ikastaroak (Oinarrizko Dantza Ikastaroak) tarteko direla. Berrikuntza gisa, Dantzaguneak deritzen esparruak sortu dira, dantzazaleei asteroko topagunea eskaini eta pratikatzen eta gozatzen jarraitzeko aukera errazteko asmoz. Dantza-saio hauetan, oinarrizko ezagutzak dituzten dantzazaleek elkarrekin bildu eta dantza egiteko aukera izango dute, dantza-maisuaren gidaritzapean, teknika hobetu edota pauso eta dantza berriak ikasi ahal izateko. Hortaz, aurtengo ikasturtetik aurrera, Dantzaldi Ibiltariak, Oinarrizko Dantza Ikastaroarekin batera, Dantzaguneak deritzen asteroko praktika-esparruak eskainiko dizkie oinarrizko ezagutzak dituzten dantzazaleei.

monografikoa: jota-fandangoari buruzko mintegia

2011-12 ikasturte honetan, Dantzaguneak sortzeaz gain, Dantzaldi Ibiltariak jota edo fandangoari buruzko hileroko mintegi monografikoa antolatu nahi du ohiko eskaintza osatzeko asmoz. Urritik ekainera bitartean, hilean behin, larunbat goizez, Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian, Aiko taldeak halakoxe elkargunea eskaini nahi die jatorri tradizionaleko jota edo fandangoa ulertu, ikasi edo horren inguruan inprobisatu nahian dabiltzan Euskal Herri osoko dantzazale, dantzari eta dantza-irakasleei.

Aukera paregabea talde honen interpretazio-proposamenarekin bat egiteko. Tradizioaren ezagutza sakonean oinarrituta, AIKOk lehengo jota-fandangoaren berezko keinu eta erritmoak antolatu nahi ditu, inprobisaziorako lengoaia koreografikoa sortzeko modua izan arte, tradizionalki egin izan den bezalaxe. Proposamen honek jotaren egitura ezagutzea du xede, dantza-modu bakoitza eta gure kultura-dantza errekreatu ahal izateko, nahiz eta gaur egun jende askorentzat kontu berri samarra ematen duen.

jota mintegia Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian / larunbatetan 10:00etatik 13:00etara / urriaren 15ean, azaroaren 12an, abenduaren 10ean, urtarrilaren 28an, otsailaren 18an, martxoaren 3an, apirilaren 28an, maiatzaren 26an eta ekainaren 2an.

jota (edo fandangoa)

Jota eta fandangoa hitzez errealitate koreografiko berbera izendatu da sarri gure artean, eta porrusalda edo arin-arinarekin batera, gaur egun Euskal Herri osoan zehar hedatuta dagoen dantza soltea, trikitia edo trikitixa izeneko binakako dantza-motaren esentziatzat jo daiteke. Jota, izendapen desberdinak eta tokian tokiko aldaerak uztartuta, Iberiar Penintsula osoan eta Hegoamerikan zehar zabaldutako dantza herrikoia da.

Hartara, gaur egun batzuek dantza hauei ematen dioten bertako izaera euskaldunaren gainetik, gogoan izan behar da, XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran, kanpotik ekarritako dantza zenez gero, eta horri leporatzen zitzaion bekatuzko izaeraren ondorioz, hainbat aldiz salatua eta jazarria izan zela, eliz-agintariek eta agintari zibilek plazaratutako sermoiak eta debekuak tarteko zirela.

Oraindik ez dira behar bezala ikertu jotaren jatorriak eta aurrekari historikoak, baina jakin badakigu Euskal Herrian dantzarik ospetsuenetakoak izan zirela gerra zibila hasi arte. Honek erabateko etena ezarri zien euskal kulturaren adierazpen guztiei, dantza barne. Garai hartako dantza eta musika irakasleek ohiko lanbidea baztertu eta bizirik irauteari ekin zioten buru-belarri.

Gerra ostean, 40ko hamarkadan, lehenengo dantza-talde folklorikoak agertu ziren, bertako kultur ondarea babestu eta iraunarazteko asmoz. Testuinguru honetan, dantzaren gizarte alorreko betekizunak zabalkunde eta ikuskizun alorreko premiek ordeztu zituzten, eta aldaketa horrekin batera, koreografia-modu tradizionalak ere aldatu ziren. Gure dantzari nazioarteko zabalkundea emateko asmoz, ballet klasikoaren eredu akademikoa onartu zen. Dantza lehiaketek estandarizazio eta akademizazio prozesu hori aurrera ateratzen lagundu zuten. Jota dugu, seguraski, prozesu horren lekukorik argienetakoa. Dantza-estilo tradizionalean, pausoka egiten zen, lurraren gainean, baina geroztik, oin-puntetan eta jauzika dantzatu izan da; dantzatzeko moduko erritmoa izatetik abiadurari buruzko erronka izatera igaro da, musikarientzat nahiz dantzarientzat; jende guztiak parte hartzeko moduko dantza izatetik trebatutako espezialisten zeregina izatera igaro da; eta areago, bikoteka egiteko moduko gorteiu-dantza izatetik... biribilean dantzatzera igaro da, halakoxe indibidualtasun anonimoen arteko batura eginez, garai hartako pentsamolde ideologiko kontserbadore eta garbizale batzuen gustuaren arabera.

Musika eta dantza alorreko maisuez osatuta dagoen AIKO taldearentzat, jota errepertorioko giltzarrizko osagai bilakatu da musika eta dantza tradizionala zabaldu, ezagutarazi, irakatsi, bultzatu, ikertu eta gizarteratzeko ahaleginean. Jota balio handiko tresna da dantza-modu tradizionalen nondik norakoak ezagutarazteko. AIKOk jotaren jatorrietara itzultzeko egin duen proposamenak taldearen ibilbidea eta asmoak laburbildu eta islatzen ditu.

AIKOko kideen ibilbide akademiko eta profesional luze eta eskarmentuz beteak jota interpretatzeko proposamen hau bermatzen du, urtetan iturri desberdinetatik bildutako ezagutza eta esperientziak oinarritzat hartuta, hala nola, Galdakaoko Andra Mari dantza taldeak eta bereziki Kepa Artetxek egindako bilketa dokumentala eta errekreazio koreografikoa, duela hilabete batzuk DVD eta CD banatan jaso eta argitara eman zutena.

Nolanahi ere, argi utzi behar da AIKOk jota irakasteko erabiltzen duen modua (“betiko” jota, “gaur egungo” dantza eta musika irakasleen bertsioan) “bere” interpretazio-proposamena besterik ez dela, AIKOk jota ikasi eta ulertu duen modua.

Mintegi honek jota bikoteka eta bikotearekin egiteko moduko dantzatzat azaltzen du, jota musika-formatzat ulertaraziz, berezko egitura erritmiko eta formalarekin, eta jota pausoka dantzatzen irakasten du, lurraren gainean, antzinako moduan, jende guztiak parte hartzeko moduan, eta nahi duenak dantza-mota honen pausoen aniztasun eta konplexutasunaz gozatzeko aukera ere izango du, dantzarekin gozatu, jostatu eta inprobisatzeko gauza izan dadin... jotari esker.

 

 

 

 

 

 

  • Oinarrizko dantza ikastaroa

 

Norentzat

·dantzan interesatuta dauden gazte eta helduak.

Helburuak

·dantzarekiko lehen kontaktua eta prestakuntzaren hasiera zaletuentzat.

·ikasleei dantza tradizionalaren errepertorio-aukerak azaltzea, ingurune ludikoan gauzatutako ikasketa-prozesu erraz eta argiaren bitartez.

·musikaren eta mugimendu koreografikoaren oinarrizko egitura-alderdiak elkarlotzea.

Edukiak

·gorputz-koordinazioa eta koordinazio erritmiko-musikala lantzeko ariketak.

·dantza-errepertorioa: soka-dantza, jota, porrua, balsa, mazurka, txotisa, pasodoblea, polka, kontradantza, kontrapasa, etab.

Partaide kopurua

·jarduera egiteko erabiliko diren lokalen toki-mugapenen arabera.

Iraupena

·90 minutuko asteko saioa, 2011ko urritik 2012ko ekainera bitartean.

Bestelakoak

·ikasleek dantzarako arropa eta oinetako egokiak ekarri behar dituzte.

Matrikularen prezioa

·120 € ikastaro osoa, urritik ekainera bitartean.

 

 

 

 

 

  • Dantzagunea

Norentzat

·dantzan interesatuta dauden gazte eta helduak, oinarrizko koreografia-ezagutza dutenak.

Helburuak

·hobekuntza: prestakuntza-ikastaroren bat egin ondoren teknika hobetu nahian dabiltzan ikasleen prestakuntza osatzea, ikasteko gogoa eta gaitasuna duten heinean.

·mantenimendua: aldizkako jarduera iraunkor baten bidez, dantzarekin harremanetan jarraitzeko aukera ematea esperientzia duten zaletuei.

Edukiak

·dantza-errepertorioa: soka-dantza, jota, porrua, balsa, mazurka, txotisa, pasodoblea, polka, kontradantza, kontrapasa, etab.

·oinarrizko heziketa, behar den kasuetan.

·ariketa osagarriak

Partaide kopurua

·jarduera egiteko erabiliko diren lokalen toki-mugapenen arabera.

Iraupena

·90 minutuko asteko saioa, 2011ko urritik 2012ko ekainera bitartean.

Bestelakoak

·ikasleek dantzarako arropa eta oinetako egokiak ekarri behar dituzte.

Matrikularen prezioa

·120 € ikastaro osoa, urritik ekainera bitartean.

 

  • Dantzaldi-erromeria Plateruenan

Dantza Ikastaroan eta Dantzagunean landutako prestakuntza eta dibulgazio alorreko jardueren osagarri gisa, eta horiei zentzu osoa emateko asmoz, Aiko taldeak hileroko dantzaldi-erromeria egiten jarraituko du Durangoko Plateruena Kafe Antzokian.

Oinarrizko dantza ikastaroa, Dantzagunea eta Plateruenako dantzaldi-erromeria elkarren osagarriak eta elkarren aberasgarriak dira. Ikastaroetan, dantzarekiko lehen hartu-emanak eta dantzaldi-erromeriaz areago gozatzea errazten duten oinarrizko ezagutzak lantzen dira. Dantzaguneak eta Plateruenako dantzaldi-erromeriak ikasitakoa praktikatzeko aukera ematen dute, partehartzaileei ikasten eta praktikatzen jarraitzera animatzeko asmoz.

 

Norentzat

·dantzan interesatuta dauden gazte eta helduak.

Helburuak

·dantzaren bidez eta irakaskuntza eta animazioaren alorreko profesionalen gidaritzapean komunikaziorako eremu bat sortzea, zuzeneko musika eskaintzen duten musikarien laguntzaz eta ikasketak, praktikak eta jendaurreko partaidetzarako gonbitak uztartuz.

·musika eta dantzaren artean eta musikari eta dantzarien artean dagoen elkarreragina garatu eta ezagutzera ematea.

·dantza eginez ikastea, ikasiz gozatzea, gozatuz dantza egitea.

Edukiak

·dantza-errepertorioa: soka-dantza, jota, porrua, balsa, mazurka, txotisa, pasodoblea, polka, kontradantza, kontrapasa, etab.

·oinarrizko heziketa, behar den kasuetan.

Partaide kopurua

·lokalaren toki-mugapenen arabera.

Iraupena

·90-120 minutu, 19:00etan hasita

Bestelakoak

·zuzeneko musika

·dantza maisua – animatzailea.

Egutegia

·Hilabeteroko emanaldia: irailaren 17an (Dantzaldi ibiltariaren aurkezpena), urriaren 29an, azaroaren 19an, abenduaren 17an (Dantzazale Eguna), urtarrilaren 21ean, otsailaren 25ean, martxoak 17an, apirilaren 14an, maiatzaren 19an eta ekainaren 23an (Dantzazale Eguna).

 

  • Jota mintegia

Norentzat

·jota/fandango tradizionalean interesatuta dauden dantzazale, dantzari eta dantza-irakasleak

Helburuak

·jota/fandango tradizionalaren egitura koreografiko eta erritmikoak ulertzea

·errepertorioaren oinarrizko pausoak, aldaerak, apaindurak eta eboluzioak ikastea.

·dantzaren alorreko inprobisazio-gaitasunak garatzeko oinarriak finkatzea, norberaren profil koreografikoaren arabera.

Edukiak

·erritmo-ariketa mailakatuak

·jota/fandangoaren testuinguru koreografikoa

·pausoen bateria

·interpretazio-ariketak eta grabazio bideografikoen azterketa

·ikasketa-metodologia

·inprobisazioa

Partaide kopurua

·jarduera egiteko erabiliko diren lokalen toki-mugapenen arabera.

Iraupena

·hilbeteko mintegia 2011ko urritik 2012ko ekainera bitartean, larunbatetan 10:00etatik 13:00etara: urriaren 15ean, azaroaren 12an, abenduaren 10ean, urtarrilaren 28an, otsailaren 18an, martxoaren 3an, apirilaren 28an, maiatzaren 26an eta maiatzaren 2an.

Bestelakoak

·ikasleek dantzarako arropa eta oinetako egokiak ekarri behar dituzte.

Matrikularen prezioa

·150 € ikastaro/mintegi osoa, urritik ekainera bitartean.

 

 

Dantzaldi Ibiltaria 2011-12
 
OINARRIZKO DANTZA IKASTAROA
  • Erromerietako dantzak ulertu eta ikasteko.
  • Hasieratik, lehen urratsetatik.
  • Jota, Porrua, Jauziak, Balsa, Pasodoblea, Txotisa, Mazurka, Polka...
DANTZAGUNEA
  • Oinarrizko ikastaroa egin dutenentzako, dantzari ohientzat eta oinarrizko dantzaren ezagupena dutenentzat.
  • Astero dantzan, dantzazaleen artean eta giro atseginean praktikatzeko tokia.
  • AIKO taldeko dantza maisuen gidaritzapean dantzakera, ulermena eta errepertorioa aberasteko aukera. 

 IKASTAROAK: NOIZ-NON
90 minutu astero urritik ekainera
izen ematea 120 euro

ERANDIO
Astelehenetan — Merkatu Zaharrean
Oinarrizko dantza ikastaroa 18:00-19:30
Dantzagunea 19:30-21:00

GALDAKAO
Astelehenetan — Urretako Eskoletan
Oinarrizko dantza ikastaroa 17:30-19:00
Dantzagunea 19:00-20:30

DURANGO
Astearteetan — Plateruena Kafe Antzokian
Oinarrizko dantza ikastaroa 18:30-20:00
Dantzagunea 20:00-21:30

SOPELA
Asteazkenetan — Iberre Ikastetxean
Oinarrizko dantza ikastaroa 18:00-19:30
Dantzagunea 19:30-21:00

GERNIKA-LUMO
Ostegunetan — San Fidel Ikastolan
Oinarrizko dantza ikastaroa 18:00-19:30
Dantzagunea 19:30-21:00

IZENA EMATEKO:
SAKATU HEMEN

ZARAUTZ
Ostegunetan — Aritzbatalde Kiroldegian
Oinarrizko dantza ikastaroa 18:00-19:30
Dantzagunea 19:30-21:00
Izenematea: Zarauzko Udaleko Kultura sailean, irailak 5etik aurrera
www.kulturazarautz.org
943 00 51 20
kultura@zarautz.org

 
DANTZALDI-ERROMERIAK 2011-12

DURANGOKO PLATERUENA KAFE ANTZOKIAN
Larunbatetan 19:00 – 21:00

  • IRAILAK 17
    Dantzaldi Ibiltariaren aurkezpena
  • URRIAK 29
  • AZAROAK 19
  • ABENDUAK 17:
    Dantzazale Eguna: Bazkari-erromeria
  • URTARRILAK 21
  • OTSAILAK 25
  • MARTXOAK 17
  • APIRILAK 14
  • MAIATZAK 19
  • EKAINAK 23:
    Dantzazale Eguna: Bazkari-erromeria
JOTA / FANDANGO MINTEGIA
 

Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian, larunbatetan, 10:00-13:00

  • URRIAK 15
  • AZAROAK 12
  • ABENDUAK 10
  • URTARRILAK 28
  • OTSAILAK 18
  • MARTXOAK 3
  • APIRILAK 28
  • MAIATZAK 26
  • EKAINAK 2

Izen ematea 150 €


 JOTA MINTEGIAREN AURKEZPEN TAILERRAK    
  • 2011/09/11, igandea, 18:30,
    BERGARA, Zabalotegi aretoan,
    sarrera: dohainik.
  • 2011/09/16, ostirala, 20:00,
    TOLOSA, Kultur Etxean,
    sarrera: dohainik.
  • 2011/09/17, larunbata, 19:00,
    DURANGO, Plateruena Kafe Antzokian, aurkezpena+erromeria+txokolatada,
    sarrera: dohainik.
  • 2011/09/26, astelehena, 19:30,
    BEASAIN,  Udaletxeko Batzar Aretoan,
    sarrera: dohainik.
  • 2011/09/29, osteguna, 19:00,
    ERRENTERIA, Musika Eskolan,
    sarrera: dohainik.
  • 2011/09/30, ostirala, 19:30,
    BILBO, Bizkaiko Dantzarien Biltzarra, Luis Brinas 31-Behean,
    sarrera: dohainik.
  • 2011/10/01, larunbata, 11:00,
    ZARAUTZ, Aritzbatalde kiroldegian,
    sarrera: dohainik.
  • 2011/10/04, asteartea, 20:15,
    ELGOIBAR, Elgoibarko Musika eta Dantza Eskolan,
    sarrera: dohainik.
  • 2011/10/08, larunbata, 11:00,
    IRUÑEA, Euskal Dantzarien Biltzarra, Descalzos 72 Bis,
    sarrera: dohainik.
Jota edo fandango zaharraren egitura, gorpuzkera eta inprobisazioa.
            IKASI - ULERTU - SORTU
IRAKASLEAK: Patxi Laborda Larrea, Sabin Bikandi Belandia

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.