Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Aiko taldearen 'Dantzaldi Ibiltariak' hazten jarraitzen du, eta zazpigarren edizioan unibertsitateraino eramango du dantza tradizionala zabaltzeko bere lana

Dokumentuaren akzioak

Aiko taldearen 'Dantzaldi Ibiltariak' hazten jarraitzen du, eta zazpigarren edizioan unibertsitateraino eramango du dantza tradizionala zabaltzeko bere lana

2014/09/22 15:20

UPV/EHUren Abandoibarrako Bizkaia Aretoan, 2014-2015eko Dantza Ibiltariko dantza ikastaroa egingo da, astelehenez, urritik ekainera bitartean. Eta abenduan, familientzako dantza ikastaroa. AIKO Taldearen eta UPV/EHUren arteko akordioaren barruan, Irakasle Eskolako Graduko ikasleei zuzendutako mintegi berezi bat ere aurretikusi da, Londresko Unibertsitateko Etnomusikologiako Doktore Sabin Bikandiren eskutik. Gainera, lehenengo aldiz, ‘DANTZALDI IBILTARIA’ Bilboko Erriberako Merkatura iritsiko da. Ostiraletan dantzaldi bat antolatuko da; lehena ostiral honetan, irailak 26. Biharamunean, larunbata, hilak 27, aurkezpen-erromeria egingo da Ondarroan, ikasturte honetan kostaldeko herri horretara ere helduko baita estreinako aldiz. Dantzaldi Ibiltaria Bilbon, Donostian, Galdakaon, Markinan, Gernikan, Sopelan, Ondarroan eta Iruñean izango da aurtengo ikasturtean. Ekimen honen isla dugu gaur Sestaoko Kultur Etxean inauguratuko den ‘Dantzazaleak’ argazki-erakusketa ibiltaria. Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroako eta Iparraldeko 2.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute dagoeneko Dantzaldi Ibiltaria programa osatzen duten ikastaro, tailer, mintegi eta erromerietan
 
AIKO Taldeak, dantza tradizionalaren dibulgazioan diharduen musikari eta dantza-maisuez osatutako kultur elkarteak ‘DANTZALDI IBILTARIA’ren edizio berri bat aurkeztu dute gaur, zazpigarrena, ekimena 2008an abiarazi zutenez geroztik. Aurtengo berrikuntza nagusia, unibertsitateko komunitatearenganako hurbilketa izango da Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako akordioaren haritik. Carmelo Garitaonaindia UPV/EHUko errektoreordea, Gurutze Ezkurdia Bilboko Irakasleen Unibertsitate-Eskolako zuzendaria, Gorka Martinez BBK Fundazioko zuzendaria, eta Jon Aldaiturriaga Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteko gerentea AIKO Taldearen arduradunekin batera azaldu dira denboraldi berriaren aurkezpenean.

Aiko - EHU Dantzaldi ibiltaria 2014-2015 aurkezpena 01

Alvaro Siza arkitektoak diseinatutako UPV/EHUren Abandoibarrako eraikin ospetsuan egingo da ‘DANTZALDI IBILTARIA’ren ikastaro berri hau urritik ekainera bitartean, eta aurreko edizioetan bezalaxe, BBK Fundazioaren laguntza izango du. Zehazkiago esanda, astero astelehenetan, 90na minutuko bi saio egingo dira (18:30etatik aurrera hasiberrientzat eta 20:00etatik 21:30etara gainerakoentzat). Interesatuta dauden guztiei irekitako ikastaro hauek Bizkaia Aretoko Chillida Aretoan egingo dira, eta unibertsitatearekin lotutako pertsonek eta 30 urtetik beherakoek prezio bereziak izango dituzte. (Orain arte, AIKO Taldeak Bilboko ikastaro hauek Campos Eliseos Antzokian ematen zituen).

Hasiberrientzat, urriko eskolak doakoak dira. Proba-aldi honen ondoren, interesatutakoek ikastaro osorako matrikula egin dezakete, urritik ekainera arte luzatuko baita. Preskuntza-jarduera hauen guztion helburua, dantzarekiko lehen kontaktua erraztu eta dantzaz gozatzen irakastea da, ingurune ludiko batean gauzatutako ikasketa-prozesu aurrerakoi, erraz eta argi baten bitartez, betiere dantza herrikoia gizarteratzeko prozesuan laguntzeko asmoz.
 
Musika eta dantza tradizionala, Unibertsitatean
AIKO Taldeak UPV/EHUrekin sinatutako hitzarmenak dantzak, tailerrak eta entzunaldiak barne hartzen ditu, ikastaroak, ikastaldiak, mintegiak eta tailerrak bezalako jarduera pedagogiko eta dibulgatiboez gain. Zehazkiago esanda, Dantzaldi Ibiltariaren Bizkaia Aretoko ikastaroekin batera, akordioak Irakasle Eskolako Graduko ikasleei zuzendutako –nagusiki, baina beste Fakultate batzuetako ikasleei ere irekita egongo da– mintegi espezifiko bat ere aurreikusi du, Sabin Bikandi Londresko Unibertsitateko Etnomusikologiako Doktore, Bilboko udal danbolin-jotzaile, musikagile eta AIKO Taldearen sortzailekidearen eskutik. “Dantza eta Musika” izenburupeko mintegi hau irailaren 30ean hasiko da edukiak azaltzeko tailer baten bidez, eta abendua arte luzatuko da, astearte-asteartero, bina orduko saioekin. 25 eskola-orduak egiten dituztenek ECTS kreditu bana lortuko dute.

Aiko - EHU Dantzaldi ibiltaria 2014-2015 aurkezpena 02

Musika eta dantza tradizionala kultur ondasuntzat sustatzea da UPV/EHUren eta AIKO Taldearen arteko akordioan ezarritako helburuetako bat, folklorearekin lotutako ezagutzaren transmisioan lagunduz eta kultur ondare tradizionala mantenduz, grabazio, partitura, instrumentu, jantzi eta abarren bilketa, zainketa eta zabalkuntzaren bitartez. Era berean, ekimen honen bidez, euskal musika eta dantza tradizionala aisialdiko jardueratzat normaldu nahi da.

 
Erromeriak: Erriberako Merkatuan ostiralean, hilak 26, eta Ondarroan lehen aldiz larunbatean, hilak 27 
Bestalde, ‘DANTZALDI IBILTARIA’ren edizio berri honek jarduera beste herri batzuetara eramateko bokazioari eutsi dio, eta horren haritik, aurtengo ikasturtean, lehenengo aldiz, Bizkaiko Ondarroa herrian ere izango da. Ekainean, kostaldeko herri horretako Kafe Antzokia berrireki zen, Beikozini izendapen berriaz, eta honek egoitza berri bat erraztu dio Dantzaldi Ibiltariko jarduerei. Asteartero, dantza-eskolak emango dira, bi taldetan eta 90na minutuko saioetan, 18:00etatik aurrera hasiberrientzat eta 19:30etatik 21:00etara gainontzekoentzat. Eta eskolan ikasitakoaz gozatu eta praktikaratzeko, hilean behin, dantzaldia egingo da.
 
Honela, larunbat honetan, irailak 27, aurkezpen-erromeria egingo da Beikozinin, eta urritik aurrera, hilabeteko azken ostiraletan egingo da, 19:00etatik aurrera. Durangoko Plateruenan, hileko hitzordua igandeetan izango da, 18:00etan. Batean zein bestean, bederatzina erromeria egingo dira 2014ko urritik 2015eko ekainera bitartean.
 
Era berean, AIKO Taldearen erromeriek beste eszenatoki ezagun bat estreinatuko dute: Bilboko Erriberako Merkatua. Bertako atarian, dantzaldi herrikoiak egingo dira hilean behin, eta sarrera doakoa eta librea izango da parte hartu nahi duten guztientzat. Dantzaldi hauen aurkezpen gisa, ostiral honetan, irailak 26, lehenengo saioa egingo da arratsaldeko zazpi eta erdietatik aurrera. Ekimen hau AIKOk Bilboko Udalarekin eta Alde Zaharreko Merkatarien Elkartearekin sinatu duen lankidetza-hitzarmenaren haritik gauzatuko da, musika eta dantza tradizionalarekin bertakoentzat nahiz bisitarientzat erreferentziazko gune bilakatu den barruti historiko honetako kultur eskaintza indartuz.
 
Familiarekin dantzan
Bizkaia Aretoan, abenduaren 27an, larunbatez, ‘DANTZALDI IBILTARIA’ programan aurreikusitako beste berrikuntza bat izango da: familia osoari zuzendutako dantza-ikastaro bat. Sasoi horretako eguberri giroari erreparatuta, AIKO Taldeak aukera paregabetzat jo du familiako kide guztiak bi orduko tailer batean elkartu eta musika eta dantza tradizionala etxe giroan transmititzeko ohitura berreskuratzeko asmoz.

‘DANTZALDI IBILTARIA’ programako gainontzeko jardueretan, ohi bezala, dantza tradizionaleko bi orduko tailer ibiltariak, ikastaro eta dantzagune egonkorrak –ikasturte honetako asteroko eskolak Sopelan, Markinan, Gernikan, Galdakaon, Bilbon, Durangon, Ondarroan, Donostian eta Iruñean egingo dira–, hiru hilez behin antolatzen diren dantza-asteburuak edota musika eta dantza tradizionalei buruzko ikastaro eta mintegi monografikoak nabarmendu behar dira.
 
‘Dantzazaleak’ argazki-erakusketa Sestaon
Era berean, AIKO Taldeak antolatutako jardueren barruan, gaur bertan, ‘Dantzazaleak’ erakusketa inauguratuko da Sestaoko Kultur Etxean. Iñaki Andres argazkilariaren irudien bitartez, erakusketak, AIKO Taldearen orain arteko ikastaro, erromeria eta tailerretan parte hartu duten Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroko eta Iparraldeko hainbat hiri eta herritako 2.000 pertsona baino gehiagorekin egindako talde-lana erakusten du. Erakusketa hau, ahaleginaren ahaleginaz herriko ospakizunetan dantza tradizionalak berreskuratzen laguntzen ari diren dantzazale guztiei eskainita dago bereziki.
 
‘Dantzazaleak’ Bilbon, Donostian, Sopelan, Markinan, Galdakaon, Gernikan, Areatzan eta Lizarran izan da (Nafarroako herri honetako Fray Diego Kultur Etxean irailaren 30a arte dago ikusgai). Erakusketak Iñaki Andres argazkilariaren lanaren plastizitateaz gotzatzeko aukera ematen du.  AIKOk dantzari eta dantzazaleekin duen harreman zuzena islatuz, erakusketak, ‘DANTZALDI IBILTARIA’ abian jartzean taldeak gogoan erabili zuen jatorrizko asmoa laburbiltzen du: herri kulturarako hurbilketa naturala lortzea, protagonismoa herrietako plazak berreskuratzen hasi den publiko berri horri emanez.
 
AIKO Taldeari buruz
Aiko Taldea
 (www.aikotaldea.com <http://www.aikotaldea.com> ) musika eta dantza maisuez osatutako kultur kolektiboa da, duela zenbait urtez geroztik musika eta dantza tradizionalaren ondare zabala zabaltzen eta erromerien izaera herrikoia berreskuratzen diharduena, dantzarako esparru berriak sortuz eta eginkizun horretara gero eta jende gehiago bilduz. Bere bokazioa “musika eta dantza era natural, lasai eta dibertigarrian egitea” da, grina hori ahalik eta jende gehienarengana helaraziz.
 
Horretarako, musikaz eta dantzaz gozatuz ikastea ahalbidetzen duen metodologia propioa sortu dute. Ekimen honek musika eta dantza egiteko modua berrasmatzea suposatu du, jatorrira itzultzea, lehengo jai herrikoietan dantzan egiteko erabiltzen zen erraztasun eta naturaltasunera jotzea. Horixe da ‘DANTZALDI IBILTARIA’ ekimenaren bidez zabaltzen ari diren ikasteko metodo erraz eta jostagarria. Beren helburua, dantza tradizionalaren balio sozializatzailea berreskuratzea da, pertsonen arteko entretenimendu eta komunikazio-bidea eta egungo aisialdirako aukera baliagarri eta jostagarria izan dadin.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.