Dokumentuaren akzioak
Dantza eta musika tradizionalerako gune bat: Aiko
Badago dantzatzeko beste modu bat. Doinu bat entzutean senezko erreakzio moduan oinak mugitzen ditugunean, kulunka ari garenean, edo erritmoarekin bat egiten dugunean hatzamarren puntekin kolpeak emanez, musikaren aurrean gure gorputzak duen erantzun psikomotore naturalari atea zabaltzen diogu, eta, bide batez, dantza tradizionalari. Denbora igaro ahala arrazoi ezberdinengatik dantzatzeko era tradizional hau, naturala, ergonomikoa eta erraza, ahaztu egin dugu.
Plaza dantzarako gune naturala izan da, bai ikasteko, bai dantzan egiteko. Plazan aritzen ziren nagusiak antzeratuz edota gure etxeetako sukaldetan ikasten ohi genuen dantzan... Gaur egun, plaza dantzarako gune moduan iraganeko oroipen bat besterik ez da gehienetan. Plazetan imitazioaren bidez ematen zen dantza tradizionalaren trasmisioa eten egin da eta bere lekua dantza taldeek edo dantza eskolek hartu dute.
Aikok nahi duena zera da: dantzatzeko era tradizional eta naturala zabaltzea, eta horrekin batera dantzarako gune berriak sortzea; Ikasteko bide bat atsegina, argia, erraza, dugun bizimoduari egokitua... Ongi pasatzea ikasten dantzatzen ongi pasatzeko.
Musika maite dugulako, dantza maite dugulako, jotzen, dantzatzen, komunikatzen eta irakasten dugu. Era naturala, lasaia eta dibertigarri batez, dudarik gabe dantzatzeko beste modu bat dagoelako.
Horretarako, irakasleak garelako batez ere, formakuntzan aritzen gara modu ezberdinetan: ikastaroak, tailerrak, emaladiak, mintzaldiak. Talde zabala bat ideia zabal baterako: dantzaren desdramatizazioa bultzatu, alde ludikoa azpimarratu eta XXI. menderako dantza sozialetarako gune fisiko eta ideologikoak sortu.
www.aikotaldea.com
Dokumentuaren akzioak