Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Ahozko testingatzak eta dantza kontuak

Dokumentuaren akzioak

Ahozko testingatzak eta dantza kontuak

2010/03/25 10:30
Azken urteotan ahozko ondarea jasotzeko hainbat ekimen sareratzen ari dira, eta herriz herri egiten ari diren bilketa horietan, dantzari buruzko perla ederrak bildu dituzte. Ahotsak, Elekeketa edo Nafarroako Euskararen Mediatekan dantza kontu interesgarriak aurki daitezke.

Ahotsak

Badihardugu elkarteak bultzatutako proiektua da Ahotsak eta Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak bildu eta hedatzea dute helburu. Horretarako, herrietako adineko jendea elkarrizketatu, eta euren euskara eta bizipenak jasotzen dituzte.

Dagoeneko 130 herritan elkarrizketatutako 2.000 lagunen testigantzak jaso dituzte, eta horietako asko sarean daude irakurgai, entzungai eta asko bideoan ikusgai. Dantza kontu ugari ageri da testigantza horietan. Adibidez, honako honetan Juan Erostarbe elgetarrak aurreskua nola egiten zuten kontatzen du:

  

Nafarroako Euskararen Mediateka

Nafarroako Euskararen Mediateka Euskarabideak sustatutako proiektua da. Nafarroako euskalki desberdinetan ekoiztutako materiala edonoren esku jartzea du helburua. Orain 10 urte Nafarroako Gobernuak eta Euskal Kultur Erakundeak elkarrekin sustatutako proiektua izan zen. 2.000 audio fitxategi inguru eta 23 bideo sareratu dituzte dagoeneko. Pasarte honetan adibidez, Uharteko Battitta Lazkoitik eta Peio Reclusak Libertimenduetan egiten zituzten dantzak dituzte gogoan:

"Libertimenduetan baziren kurridak, martxak, Mutxikoak ere egiten ziren, Hegi, Marianak, Eskualdunak, Sorginak, Xibandiarrak, Lapurtar Motxak, ...

Ez zen Donibanen dantzaririk, hoberenak Luzaidarrak ziren. Fandangoko norgehiagokak ere egiten ziren Arnegiko festetan.

Libertimenduak egiten dituzte Donibane, Arnegi eta Uharten. Martxak eta karrika-inguruak egiten ziren, gero Mutxikoak eta ondoren aperitifa. Gero berriz Mutxikoak edo beste dantza bat. Bolant dantza ere egiten zen. Lehen zortzietako meza bazen eta hori bukatzean hasten zen libertimendua. Eguerdi eta erdi edo ordu bateko bukatzen zen. Denbora baldin bazen fandangoa eta arin-arina egiten ziren, baina inoiz ez ordu batetik aurrera. Libertimenduak lehen beti inauterietan egiten zen. Makilaria beti bazen. Bi zapur, bi zigante edo batzuetan lau, makilaria, banderaria, gorriak eta abar."

Elekeketa

Iparraldeko ahozko ondarea jasotzen eta sareratzen ari da Elekeketa proiektua. Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Euskokultur fundazioak proposatu zuten proiektua, eta Euskal Kultur Erakundea eta Iparraldeko erakundeen babesarekin ari dira bilketa lana egiten. Nafarroa Beherean hasi ziren baina Zuberoa eta Lapurdira zabaldu dira bilketa lanak.

Amikuzen egindako 30 elkarrizketen laburpenak eta bideoak sareratu dituzte, eta horien artean dantza kontu ederrak daude. Adibidez, Jean Urruspil, Arboti-Zohotako musikariak garai bateko dantzaldietan jo eta dantzatzen zirenak, eta dantza-jauzien irakaskuntzari buruzko xehetasunak ematen ditu pasarte honetan.

 

 

Dokumentuaren akzioak

2010/03/26 10:32

Mediatekan bada Bentaberryren alabari Irulegi irratian eginiko elkarrizketa zinez interesgarria. bere aitaren pasadizoak kontatzen baititu, eta dantzen inguruko argibide aunitz

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.