Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Azala, Ertza, Muelle3 eta dantzan.com BAD-en

Dokumentuaren akzioak

Azala, Ertza, Muelle3 eta dantzan.com BAD-en

2010/11/03 12:09

ADDEk dantzaren alorreko ekimen desberdinak ezagutzera emateko asmoarekin antolatu du ekitaldia BAD jaialdiaren programazioan. ADDEko Alicia Gomez eta Vanesa Fuentes aritu ziren antolaketa eta aurkezpen lanetan, eta lau ekimenetako arduradunek eman zituzten beren egitasmoen inguruko azalpenak: Asier Zabaleta eta Arantza Balentziagak Ertza eta Hamalauzanko aurkeztu zituzten, Idoia Zabaletak Azalaren nondik norakoak azaldu zituen, Olatz de Andres, Igor de Quadra eta Matxalen de Pedrok Muelle3 aukeztu zuten eta Oier Araolazak dantzan.com.

Ertza

Dantzari ibilbide profesionala Suitzan egiten ari zela erabaki zuen Asier Zabaletak etxera itzultzeko gogoa zuela, eta bere proiektuak antoalatzeari heldu zion. Horrela sortu zen Ertza, eta konpainia honekin hainbat lan egiten ditu 2003tik hona. Gaur egun Dantzagunean du egoitza Ertza konpainiak eta Arantza Balentziagarekin elkarlanean gidatzen du taldea. Diru-laguntzak izaten badituzte ere, emanaldiek sostengatzen dute konpainia ekonomikoki, eta alde horretatik 2010a bitxia gertatzen ari zaie, Euskal Herrian emanaldi gutxi izan baitute beste urte batzuekin alderatuta, eta ordea, atzerrian (besteak beste Errusia, Brasil eta Korean) hainbat emanaldi eta sorkuntza lan egin dituzte. Formakuntza alorra sustatzeko Hamalauzanko egitasmoa bultzatu dute eta horren bitartez zenbait tailer, ikastaro eta mintegi antolatzen dituzte. 

Muelle3

Ibilbide luzeko gunea da Muelle3, Bilbon dagoen dantza eta sorkuntza garaikideko espazioa. Hogeitabost urtetik gorako ibilbide horretan parte hartu duten zenbait sortzaile -Cristina Quijera besteak beste-, gogora ekarriz hasi zuen aurkezpena Olatz de Andres-ek. Gabriel Ocinak dinamizatu espazioa azken urteotan, eta orain lau hilabete hirukote batek hartu du gunearen gidaritza: Matxalen de Pedro, Igor de Quadra eta Olatz de Andres. Lau zutabetan oinarritzen da Muelle3-en lana: Formakuntza, dibulgazioa, ikerketa eta sorkuntza, eta Artea eta komunitatea. Lehen txanpa honetan bultzatu dituzten zenbait ekimen aipatu zituzten Olatz, Igor eta Matxalen-ek, eta datozen hilabeteetarako ideiaz eta gogoz ongi hornituta daudela erakutsi zuten.


Azala

Idoia Zabaletak, bere ibilbide artistiko eta pertsonalarekin zilbor-estez lotuta dagoen errealitatea aurkeztu zuen: Azala. Araban, Lasierran, hamar biztanle eskas dituen herritxoan, sorkuntza, formazioa eta elkarelikatzea sustatu nahi dituen gunea jarri du martxan Juan Gonzalez-ekin batera. Egoitza artistikoa, nor-bere baitan bildu eta sorkuntzan murgiltzeko babestokia, formakuntza eta experientzia-trukerako gunea... Ekimen pribatua izanik, errealitate aitzindaria da Azala Euskal Herrian, eta nazioarteko sortzaileei irekia dagoen aldetik, elkartrukerako bide oparoak eskaintzen hasi dena.

dantzan.com

Dantzan.com elkartearen jarduera eremua eta helburuak azaldu zituen Oier Araolazak. Dantzaren alorrarekiko jakinminak bultzatuta sortu zen dantzan.com, eta globalizazioaren testuinguruan norberaren zentralitateari eusteko nahiak bideratzen ditu elkarte honen lanak. Webgunearekin batera dantzaren alorrean kudeaketa, formakuntza, dokumentazio, informazio eta aholkularitza lanak bideratzen dira dantzan.com-etik. Dantzaren alorreko sustatzaile eta parte-hartzaileek elkarren berri izateko gogoa eta norkbere lana ezagutzera emateko egiten duen lanak sostengatzen du komunikazio eremu hau.

Entzuleen aldetik parte-hartze interesgarriak izan ziren, eta iritzi truke irekiarekin borobildu zen HIka Ateneoan burututako jardunaldia.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.