Dokumentuaren akzioak
Abenduaren 3a, ospakizunerako eta aldarrikapenerako eguna
Hori guztia entsegu ireki batekin eta konpainiaren emanaldi txiki baten bidez gauzatuko da, Isabel Verdini koreografo donostiarraren lan metodologian barneratzen joateko formula bezala.
Verdini Dantza Taldearentzat abenduaren 3a ospakizun eguna da eta baita aldarrikapen eguna ere. Verdini proiektuak 21 urteko lan-jardunean duen azken helburua, eta beraz, aldarrikapen nagusia, minusbaliotasuna duten pertsonen egiazko normalizazioa bat da gizartean, gaur egun ez dagoen zerbait.
Aldarrikapen eta ospakizun ekitaldi hau antolatzen duen lehen urtea da, eta bi jardueratan burutuko da. 11:30ean, Victoria Eugenia antzokiaren Club aretoan, komunikabideentzat irekita dagoen topaketa egingo da, eta bertan, Minusbaliotasunaren Nazioarteko Eguna eta Euskararen Nazioarteko Egunaren aldeko manifestua irakurriko da. Irakurketa Maria Mungiak egingo du, Verdini proiektuko kolaboratzaileak. Gainera, komunikabideek eskaintzen dioten etengabeko babesa eskertuz, Verdini Dantza Taldeak dantza zati bat eskainiko die.
Ekitaldi naugis arratsaldeko 20:00etan iznago da, Victoria Eugeniaren Club aretoan. Verdini proiektuaren kolaboratzaile Aintzane Gamiz-ek irakurriko du manifestua, eta ondoren, Isabel Verdini koreografoak entsegu ireki bat zuzenduko du, ikusleek bere lan metodologia uler dezan. Ekitaldia emanaldi txiki batekin borobilduko da. Verdini Dantza Taldea zer den ezagutzeko aukera eskaini nahi da horrela, minusbaliotasuna duten pertsonen bizi kalitatea nola hobe daitekeen erakusten duena. Ikusleak inplikatzea nahiko genuke, gure dantza dastatu eta gure arimaz kutsatu. Sarrera irekia da, gonbidapenak aurrez Victoria Eugeniako Antzokian jasoz gero, abenduaren 3aren arratsaldeko 17:00etatik aurrera.
Datuak
- Ekitaldia: Dastatu gure dantza
- Konpainia: Verdini Dantza Taldea
- Koreografoa eta Zuzendaria: Isabel Verdini
- Zuzendaritza laguntzaileak: Agurtzane Verdini eta Jesus Murua
- Dantzariak: Olaia Goikoetxea, Nerea Astarbe, Naroa Azaldegui, Nekane Prieto, Haizea Sendón, Ana Álvarez, Jon Alonso, Aitor Manterola, Aizpea Múgica, Perla Lopez, Carla Rivas, Ohiane Mateos, Ainhoa Mateos, Agurtzane Verdini e Isabel Verdini.
- Data: Asteartea, 20:00etan, Victoria Eugeniaren Club aretoan.
- Sarrera dohain: abenduaren 3an, 17:00etatik aurrera, txarteldegian.
Minusbaliotasunaren eta Euskararen Nazioarteko Eguneko Verdini dantza taldearen manifestua
Itoiz musika taldeak zioen bezala, hemen gaude ta poztutzen naiz...
Dakizuenez, abenduaren 3an, Ahalmen-Urritasunaren Nazioarteko Eguna zein Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen dira. Eta, horiei abegi ona egitearren, ongietorri beroa egin nahi dizuet Verdini Dantza Taldearen eta Isabel Verdini beraren izenean, gaur egingo dugun ekitaldi berezi honetara.
Askotan berekoia eta indibidualista den gizarte honetan, gaitasun-urritasunak traba sozial ugariri egin behar izaten die aurre. Bada, Verdinik bereziki aldarrikatu nahi du traba horien arintze-lanetan diharduten guztien eguneroko konpromezuaren garrantzia. Lan horrekin, leku propioa iragartzen ari baitira euskal gizarte eta kulturan, baita gaitasun-urritasundunari berezkoa zaion duintasuna ere.
Gaur hemen egotea 21 urteko bide luzearen emaitza dugu. Eta, denbora horretan, Verdini proiektua garatzen joan bada ere, tamalez, ez da neurri berean gertatu gure gizartearekin: egun, esparru askotan, gehiegitan, oraindik ez da gure jarduna kulturatzat jotzen. Euskal Herriko kulturaren subjektu eraginkor sentitzen da Verdini eta, zenbait sektoreren ulertu ezinaren eta intolerantziaren aurrean, jarraitzen dugu eta jarraituko dugu hemen gaudela aldarrikatzen
Verdini Dantza Taldea Donostian jaiotako konpainia dugu eta harrotasunez esan dezakegu Donostiako Hiritar Merituaren Domina jasotakoa ere badela; Donostian sortu zela esan dugu eta, ondorioz, euskal kultura du bere-berezko lurraldea. Euskaldunak izaten dira geure ikuskizunetako kantu eta musikak, euskalduna baita geure muina, eta halakoak izan dira azken 21 urteetan oholtzaratu ditugun 8 lanen izenburuak ere
Hutsaren gainetik, hemen gaude. Eta, gaurko ekitaldiarekin, geure lanaren balioa nabarmendu nahi dugu: urritasun intelektualaren integrazioa dantzaren bidetik eta euskal kulturaren baitan. Gaur geure eguna dugu eta ospatzeko gogoz gatoz, baina batez ere zera nahiko genuke: gogora dezazuela, urteko gainontzeko 364 egunetan, kultura garela eta hemen gaudela egunez egun hori erakusteko.
Ondoren, Verdini Dantza Taldeak eguneroko lanaren erakustaldi txiki bat egingo digu eta gozatzera gonbidatzen zaituztet denok. Eta era berean, gogoratu arratsaldean, 20.00etan, hemen, Victoria Eugenia Antzokiko Klub aretoan, “Dastatu gure dantza” emanaldiaren entsegu irekia egingo dutela eta guztiok ere gonbidatuta zaudetela bertara.
Dokumentuaren akzioak