Dokumentuaren akzioak
Martxoaren 8a irradakan dantzatuz ospatuko dute Begiraleak taldeko emakumeek
"Dinamika berezia sortu da, belaunaldi ezberdinetako neskak elkartu baitira eta aspalditik dantzatu ez zuten emazte batzuk berriz hasi dira dantzan", adierazi digute Begiraleak taldeko kideek. Emakumeen Nazioarteko Egunean irradaka dantzatuko dute Donibane Lohizunen Begiraleak taldeko hainbat belaunalditako emakumeek.
Dantzaren ondoren Buhaminak emazte kantu taldeak saioa eskainiko du eta Begiraleak taldeko musikari eta kantari batzuek osatu duten Xamanat hirukotea ere bertan izango da. Horrela, Irradaka eta ondo emanaldiekin ordubeteko saioa osatu dute.
Emakumeak batzeko aitzakia
Aspaldian zuten buruan Begiraleak dantza taldeko kideek Argia dantzari taldeak sortutako irradaka ikasi eta emanaldiren batean dantzatzekoa; azkenean, Martxoaren 8rako prestatzea erabaki dute, eta horrela bi helburu beteko dituzte: "ez genuen inoiz denborarik hartzen Urbeltzen irradaka egiteko, beraz hau aukera izanen zela ikusi genuen; eta bigarrena, Hegoaldeko hainbat taldek azken urteetan bultzatu duten ekimenean sartuko ginateke gu ere irradaka bat egiten martxoaren 8an".
Dantzatuko diren 41 nesketatik 25 dira Begiraleak taldeko dantzariak; nagusien taldekoak eta aurten nagusien taldera iritsi diren gaztetxoak. Horiez gain, taldeko irakasleak, lehen taldean aritutako dantzari batzuk eta txistulariak ere dantzatuko dira irradakan.
Argia dantzari taldeak erabili izan dituen musika eta letra berberak erabiliko dituzte, "Zortez taldean badugu emazte bat Argian ibili dena garaian eta ongi oroitzen zen dantza horretaz, beraz hark digu dena erakatsi". Abenduan hasi ziren entseguekin eta astean bi aldiz elkartu dira dantza prestatzeko. Jantziak josi dituzte taldeko jostunek eta beste zenbait taldek ere utzi dizkiete.
M8 Irradaka
- Non: Donibane Lohizuneko Merkatu plazan
- Noiz: Martxoaren 8an, 19:00etan
- Nork: Begiraleak dantza taldea, Buhaminak, Xamant
Dokumentuaren akzioak