Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Basaurik irailaren 20an eta 21ean ospatuko du 36. Euskal Herriko Dantza Agerketa

Dokumentuaren akzioak

Basaurik irailaren 20an eta 21ean ospatuko du 36. Euskal Herriko Dantza Agerketa

Euskal Herriko Dantza Agerketa orain 36 urte jaio zen, talde horien lana erakutsi eta sustatzeko, folklorea bere erroetan mantentzen baitute, eta ikusleei horien berri izateko aukera eskaintzeko, egun seinalatu horietan toki horietara hurbildu beharrik gabe.
 
Emanaldia aire zabalean izaten da, izan ere, jatorrian dantza horiek kaleetan, plazetan edo eliz-atarietan egin ohi dira. Gainera, gonbidatutako taldeek aurkezten dituzten dantza eta erritoen tradizioa, jatorrizko tokien irudiekin eta argiztaketa bereziekin osatzen dira, ohitura horien testuingurua ezagutzera ematen laguntzen dutenak. Horren guztiaren ondorioz Euskal Herriko Dantza Agerketa ikusgarri bakar eta koloretsua izaten da.

Euskal Herriko Dantza Agerketaren 36. ekitaldia datorren 2008ko irailaren 20an burutko da, Bizkotxalde parkean (euria eginez gero Sozial Antzokian) eta sarrera dohain da.

Egitaraua:


18:00 Kalejira talde guztiekin Sozial Antzokitik Bizkotxalde parkera, eta emanaldi laburrak Begoñako Andramari, Balendin Berriotxoa eta Mojaparte kaleetan.

18:00 Janzkera tradizionalaren erakusketa eta musika tresnen tallerrak irekiko dira Bizkotxalde parkean. Erakusketa emanaldiak iraun bitartean irekita izango da eta dantzarien janzte prozesua zuzenean ezagutzeko aukera izango da (aurkezpen ekitaldiak egingo dira 18:30 eta 19:00etan), eta musika tresna errazen konstrukzioan parte hartu ahal izango dute. Gainera, aurte lehen aldiz jaialdiaren afitxaren irudia duten kamisetak erosi ahal izango dira.

19:30 Tokian tokiko dantzen ikuskizunaren hasiera Bizkotxalde parkeko eszenatokian, ondoko taldeen eskutik:

  • Kriskitin (Durango, Bizkaia). Platillu-soiñua eskainiko du, dantza taldeak berak berregindako dantza eta orain urte gutxi arte gure folklorean galdutzat ematen zena. HOrrekin batera Dantzari Dantza-ren Durangaldeko aldaera eskainiko da. Gorulariak ere ikusi ahal izango dira, lihoa egitek prozesua irudikatzen duen estanparekin hasiko da, ondoren bertso kantatuak eta bi dantza izango dira, arku-dantza eta domingilo. Domingilo, zinta-dantzaren gailurrean zintzilikatuta dagoen pertsonaiaren izena da.
  • Lanestosako dantza taldea (Lanestosa, Bizkaia). Uztai loratuen dantza ikusgarriarekin parte hartuko dute. Bertan dantzariak koloretako zetazko paperekin apaindutako 2,5 eta 3 metro bitarteko arkuak elkar-lotu eta mugitzen dituzte. Dantza hau, jatorri ezezagunekoa baina oso zaharra da, eta abuztuaren 5ean egiten dute, jaiotzaz edo jatorriz Lanestosakoak diren mutilek, lepoan amak edo emaztagaiak oparitutako zapia daramatela.
  • Adurtza (Gasteiz, Araba). Villabuenako paloteadoak edo makila-dantzak aurkeztuko dituzte, gaur egun bere jatorrizko tokian desagertuta daudenak, eta bertan zortzi dantzarik egur gogorreko makilak daramatzate, beraien artean joz edo lurraren kontra joz soinu berezia egiten dutenak Cachimorroak gidatuta. Horrez gain, Gesaltza-Añanako folklorea aurkeztuko dute. Horietako dantza batean mutilek taldearen erdian dagoen neska baten gainean jartzen dituzte beren txapela guztiak eta honek azken ordurarte orekan eutsi behar diot. Jota de Laperra izenekoa ere egingo dute.
  • Oñatz (Oñati, Gipuzkoa). Korpus Dantzak ekarriko ditu Oñatz taldeak. Goizean, elizan, aldare aurrean, eta arratsaldez plazan egiten dira dantza hauek. Arku-dantza bizi batekin bukatzen dira. Dantza horiek 1500 urte inguruan dagoeneko dantzatzen zirela ezagutzen da, nahiz eta eraldatuta iritsi diren gaurdaino.
  • Aitzindari (Altsasu, Nafarroa). Beren herrian urteko hainbat momentutan dantzatzen den Zortziko ezaguna eskainiko dute. Santa Ageda eta SAn Pedro egunetan dantzatzen da zortziko hori besteak beste. HOrrez gain Altsasuko inauteria ere ikusi ahal izango da, eta bertako Momozorren dantza. Dantzariak ardi-larruz eta adar handiekin janzten dira, eta odolez zikindutako, itxura magiko eta tragikoa izaten dute. Gainera, neskek Urdaingo kantu eta dantzen ohitura eskainiko dute, 60ko hamarkadatik hutsik gabe egin dena San Juan bezperan. Ikuskizunaren aurreko kalejiran Ihabas-eko Zortzikoa dantzatuko dute.
  • Ataitze (Itsasu, Lapurdi). Lehen aldiz Besta-Berri ekarriko dute, Korpus jaiko ospakizun berezia, eta bertan hainbat dantzari izango dira, horietako batzuk erret goardiaren jantzikiekin, eta Lapurdiko eta Itsasuko bandera dantzatuz. Gainera, Lapurdiko folklorearen beste zenbait dantza ikusi ahal izango dira fanfarearen erritmora, jauziak, soka-dantza eta fandango bizi eta azkarra. Ikuskizunaren aurretik Kaskarot, Martxa eta Bolant-dantzarekin egingo dute kalejira.


Ez da ezagutzen Basauriko dantza autoktonorik, beraz, herriko dantza taldeok ezin dugu Euskal Herriko Dantza Agerketaren emanaldi nagusian parte hartu. Baina larunbateko egitaraua osatuz, Agintzari, Basauritar eta Edurre herriko dantza taldeek beren errepertorioko zenbait dantza eskainiko dituzte irailaren 21ean, igandean, arratsaldeko 19:30etan, Bizkotxaldeko Parkean bertan.
 
Euskal HerriKo Dantza Agerketa Basauriko dantza taldeek antolatutako ikuskizuna da, Basauriko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, BBKren babesarekin eta herriko beste hainbat elkarteren laguntzarekin: txokoak, Herriko Taldeak, Danbolin Txistulari Elkartea eta Euskal Dantzarien Biltzarra. Antolaketa lanek urtero 100 lagun baino gehiagoren parte hartzea ekartzen dute.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.