Dokumentuaren akzioak
‘OINAK KANTUZ’ AIKO TALDEAREN CD BERRIAREN AURKEZPENA
PRENTSA OHARRA
DANTZA TRADIZIONALA SUSTATZEN DUEN DISKO BERRIAREKIN AIKO TALDEA BERE JATORRIRA ITZULTZEN DA
ELKARREK ARGITARATUTAKO ‘OINAK KANTUZ’ IZENBURUA DARAMAN DISKOA, URBIAN, GORBEIAN ETA URKIOLAN AURKEZTUKO DA ZUZENEKO HIRU ERROMERIETAN (MAIATZAREN 20AN ETA EKAINAREN 3 ETA 17AN) ETA `DANTZAZALE EGUNA´ EDIZIO BERRIAN ERE (EKAINAREN 23AN DURANGON)
Aiko Taldeak bost urte eta gero, dantza tradizionaleko errepertorioa jasotzen duen CD bat grabatu du. Grabaketa honetako doinuen erritmo eta antolaketak, izan ere, dantza saio edo erromeria baten antzekotasun nabarmena du
Doinu guztiak, 19, originalak dira, nahiz eta estilo tradizionalean idatziak eta interpretatuak izan. Pasodobleak, jotak, jauziak, txotiak,… eta bolero, habanera eta tango bat ere aurkituko ditugu.
CDaren grabaketan Aitor Furundarenak (eskusoinua), Alvaro Garcíak (gitarra), Asier Garciak (danborra) eta Sabin Bikandik (txistua) parte hartu dute
INFORMAZIO GUZTIA: www.aikotaldea.com <http://www.aikotaldea.com/>
Bilbon, 2012ko apirilak 18 – AIKO TALDEA, gure ondare musikal tradizionalaren zabalkundea eta sustapena helburu duen musikari eta dantza-maisu taldeak, bere bosgarren urteurrena ospatzen du aurten eta modu egokienean egin ere; Elkar disketxearen eskutik argitaratu duten lan berriarekin, zazpigarrena hain zuzen bere ibilbide gaztean. ‘OINAK KANTUZ’ lan berria, Sabin Bikandik (txistua), Aitor Furundarenak (eskusoinua), Álvaro Garcíak (gitarra) eta Asier Garcíak (danborra) konposatutako 19 lan originalez osatzen da. Bertan, euskal musika herrikoiaren sustraiak erakusten digute pasodoble, porrusalda, mazurka, jota, sokadantza edo jauzien bidez. AIKOren lan berriaren aurkezpena, gaur goizean Elkar argitaletxearen egoitzan izan da, Bilboko Poza Lizentziatuaren kalean. Taldeak diskoaren aurkezpena egiteko, bere ohiko hiru erromeria tradizional (herrialde historiko bakoitzean bat) antolatuko ditu, eszenatoki naturalak izango direla topaleku, aintzinako erromeria-festaren izpiritua errekuperatu asmoz. Lehen erromeria MAIATZAREN 20 IGANDEA izango da, Urbiako Zelaietan, Gipuzkoako Aitzgorri natur parkean.
Aikoren lanak ez du bakarrik nahi aitzinako usadioen antzera edozein ospakizunetan musikaren inguruan bildu eta dantza egiteko gogoa gaurkotu eta gurera ekartzea, baizik eta dantza egiteko modu erraz bat eta naturala aldarrikatzen du; konplexutasunak alde batera utzi eta jendarteari dantza egitera dei eginez baina bakoitzak bere modura eta bere aukeren barruan gozatu eta ikasi dezan. Entzuten dugun musikaren erritmoa oinekin markatzea, dantzarako lehen urratsa baita. Disko honen xedea horixe da hain zuzen ere eta taldearen lehen laneko diskoan jasotzen den kantu batetik datorkio izenburua izan ere ; “Dantzan ez dakiena, beti dau kontetan / Dantzari ona berriz, hankakaz kantetan”. Oinekin kantatzeko kontzeptua, dantzaren bitartez eta gorputza erabiliz, musika entzun eta interpretatzearena izan da Aikoren ispirazio iturri, lan berri honetan.
Horrela, disko honetan jasotzen diren 19 doinuek, bereziki dantzarako sortuak izan diren musikarentzako, bultzada berritzailea suposatzen dute. `Betidanik dantzak izan duen izaera sozializatzailea berreskuratzeko. Gure oinek zer-esana izan dezaten´ baieztatzen dute Aikotik. Izan ere horregatik, `Oinak Kantuz´ laneko konposizioetan, Aikoren oinarrizko xedea euskal musika tradizionalarekiko leiala izatea izan da, konposizio zaharren antzekotasun handia duten melodiak lantzea eta helburu hau, bete egin baita. Aiko osatzen duten kideen eritziz, landutako doinu berri batzuk, generoaren klasikoak izatearen antzekotasuna, harro sentitzeko arrazoia baita: “ faltsutze onak egiten ditugu” , diote txantxetan.
Doinu berriak nagusiki instrumentalak dira, sarritan, estilo ezberdinak uztartuz. Melodiak biziak dira, adibidez, sokadantza itxuran hasi eta vals edo jota estiloan amaitzen dira. “ Elkarri helduta dantza egitea debekatuta zegoenean, jota edo porrusalda erritmoen bitartez elkar ukitzen zuten erromerietan eta horrela, pasodobleak bailiran, biribilketak baliatzen zituzten elkar ukitzeko. Estilo guztiak izaten ziren azken finean apur bat ukitzeko aukera ematen zutenak” azaltzen dute musikariek, izan ere pasodoble-biribilketa batekin hasten den disko honen berezitasuna azpimarratzeko. Errepertorio klasikoa nagusi den diskoa izan arren, Aikoren interesa euskal dantzak publiko berriarengana hurbiltzea da eta saiakera honetan, gure tradiziotik kanpokoak diren hogeigarren hamarkadako fox edo swing erritmoak ere jasotzen dira lan berrian.
‘Oinak kantuz’ bere zazpigarren diskoa da, ‘Herri musika ta dantza’ izenburupean, lehen aldiz aurkeztutako lana bezala, dantza errepertorio tradizionalari eskainitako bigarrena. Geroztik, ‘Kobreik’, Bizkaiko gaita-dultzaina tradizionalari eskainitako lan monografikoa argitaratu dute; Claude Iruretagoyenaren zuzendaritzapean, Maritzuli konpainiak sortutako ‘Aurrez aurre’ ikuskizunaren izen bereko diskoa; CD bikoitz eta DVD batez osatzen den jauzi tradizionalen eta bere urratsen azalpenen ‘Urraska’ bilduma lana, Renoko Unibertsitateak liburu batekin batera argitatu zuena; Bonifacio Arandia, ‘Fasio’ soinujolearen jaiotzaren ehun urteurrena oroituz argitaratutako ‘Fasioren mendea’ CD, DVD eta liburua; eta azkenik ‘Bikaña’, gaita eta danborrarekin dantzarako musika berria aurkezten duen diskoa. Lan hauek (agortuta zeudenak ere), berriro ekoiztu dira eta Elkar disketxeko katalogoaren bidez eskuratu daitezke.
URBIAKO ZELAIETARA, GORBEIARA ETA URKIOLARA TXANGOA- ZUZENEKO AURKEZPEN-ERROMERIAK
Komunikabideentzako izan den gaurko aurkezpen `formalaren´ ondoren, Aiko Taldeak hiru natur parketan hiru erromeria ospatuko ditu (herrialde hstoriko bakoitzean bat) lan berriaren doinu guztiak estainatzeko eta bere bosgarren urteurrena ospatuko du era honetara, gure baselizetan antzina antolatzen zirenen antzera eta nahi duenak parte hartu dezakeen erromeria batekin, zuzeneko musikarekin eta musikariekin, eta ogitartekoa, sakotontzia, zatoa eta kafesnearen termoa ahaztu gabe.
Lehena, MAIATZAK 20 IGANDEAN ospatuko da Urbiako Zelaietan, Gipuzkoako Aitzgorriko natur parkean. Urbiako zelaietara joateko irteera hitzordua igandea 20an Arantzazun izango da (ostatuaren aurrean) 11:30etan. Bigarren erromeria, ekainaren 3an Arabako Gorbeia mendian izango da; eta Bizkaiko hitzordua Urkiolan izango da ekainaren 17an.
Familiartean egun zoragarri bat pasatzeko aukera paregabea izango diren hitzorduak, aire librean eta zaletasun berdina maite dutenen artean. Parte hartu nahi duenak, taldeak duen www.aikotaldea.com <http://www.aikotaldea.com/> webgunean aurkitu ahal izango du informazio guztia.
ETA EKAINAK 23 LARUNBATEAN, ‘DANTZAZALE EGUNA’ AZKEN FESTA HANDIA
Aikok `Oinak Kantuz´aurkezteko antolatu dituen aire libreko erromeriak, ‘Dantzaldi Ibiltaria’ programaren baitan urtero antolatzen den ‘DANTZAZALE EGUNA’ azken jaiaren aperitiboa baino besterik ez dira izango, parte hartu nahi duen guztiarentzat zabalik dagoen jai dibertigarria; zuzeneko musikak lagunduta, Aikoren dantza ikastaroetan parte hartu duten hainbat ikasle batzen dituen bazkari herrikoiarekin batera. Egun hau Aiko Taldeak duela bost urtez antolatzen du dagoeneko DURANGON.
Beste behin ere, ospakizun honek bi agertoki izango ditu: Landako Azoka gunea, dantza tradizionalak eta bazkaria bertan izango direlarik eta Plateruena Kafe Antzokia. Hitzordua EKAINAK 23, LARUNBATA, eta parte hartzeko bakarrik, taldeko www.aikotaldea.com webgunean izena ematea besteik ez da egin behar.
Dokumentuaren akzioak