Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak 2007 urtea dantzan

Dokumentuaren akzioak

2007 urtea dantzan

Zazpi urte iraun duten lanen ondoren, Victoria Eugenia antzokiak bere ateak ireki zituen berriz. Martxoaren 2an Aukeran izan zen Bideak ikuskizunarekin dantza emanaldi bat eskaini zuen lehen konpainia. Datorren 2008 urtean, martxoan, Edu Muruamendiarazek zuzentzen duen konpainiaren hamargarren urteurrenaren ospakizun handi bat aurreikusten da. Victoria Eugenian izango da hori ere bai.

Bere umiltasun eta hurbiltasuna sarituz, Zumaiako urrezko lehen domina eman zioten Lucia Lacarrari, munduan barrena herriaren ordezkari onena izateagatik. Apirilaren 15ean lepo bete zen ekitaldi  horretarako Zumaiako Udalaren areto nagusia.

 

Verdini DT - Ilunpetik 1

Donostiako Zine eta Giza Eskubideak V. jardunaldietan, martxoaren 18an, aurkeztu zuen Verdini Dantza Taldeak bere seigarren lana: Ilunpetik. Gizartea minusbaliarekiko duen jarrera babeslea zuen gaitzat lan horrek. 2008ko urtarrilaren 19an, Isabel Verdinik, taldearen izenean jasoko du Donostiako Udalaren Hiritar Merituaren Domina, ezinduak gizarteratzeko dantzaren bidez 15 urtez egindako lana sarituz.

Bilbon burutu zen Max sarien X. ekitaldia, apirilaren 16an. Sari hauen historian bigarren aldiz egin da ekitaldi hau Bilbon. Ohorezko hispanoamerikar saria Julio Boccari eman zitzaion. Ekitaldian bilbotar batek dantzatuko zuen, Igor Yebrak.

Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak Dantzaren Sarien bosgarren ekitaldia burutu zuen apirilaren 27an, Nazioarteko Dantza Egunaren egitarauan. Sarituak Jorge Nozal (errebelazio saria), Iratxe Ansa (ibilbide artistikoari saria) eta Peter Brown eta Agueda Sarasua (dantzari eskainita arretaren saria) izan ziren.

Bestalde, gau horretan bertan, Asociación Bilbao Ballet Elkarteak Dantzaren eguna ospatu zuen Hotel Carlton-en egindako afari baten bidez, eta bertan izan ziren Lola Creco amabitxia, eta omenaldi hunkigarria jaso zuen Gerardo Viana.

Ygor Yebra eta Alicia Amatriain-ek "Zisneen lakua" dantzatu zuten Lituaniako Balet Nazionalarekin batera erabat bete zen Euskalduna Jauregiko entzutegian maiatzaren 16an.

 

Alicia Amatriain

Euskaldunako entzutegian bertan burutu zen ekainaren 11 eta 12an "Euskaldunak eta dantza" bigarren jaialdia, eta Igor Yebraren zuzendaritza artistikoa izan zuen ikuskizunean izan ziren Alicia Amatriain, Itziar Mendizabal eta Iker Murillo. Dantzari Gazteen 1. Lehiaketako irabazlea izan zen Sara Etxeberrik ere parte hartu zuen jaialdian.

Gerardo Viana, dantzari-ohi, koreografo eta Sobiet Batasun oihan babestutako gerrako umeak, bere oroitzapen liburua aurkeztu zuen, bere bizitzaren laburpena eta Errusiako balet munduan izandako arrakasten bilduma. Ekitaldia Karrantzan burutu zen ekainean.

Urtzi Aranburuk agur esan zion Nederlands Dans Theater konpainiari, bertan hamasei urte egin ondoren. Gaur egun, Aranburu freelance dantzari eta errepiklatzaile bezala aritzen da. Uztailean Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako ikastaroa eskaini zuen. 

Batzuk badoaz eta beste batzuk hasten dira. Julio Boccak eszenatokiak utzi ditu orain egun gutxi, baina azken urte horretan euskal antzokian bisitatu zituen, eta Gasteizen egin zuen lur hauetako azken emanaldia, urrian. Bestalde, Jon Agirretxe dantzan ikusteko aukeran izan zen Barakaldon, Europa Danse konpainiarekin, etorkizun oparoa duen ibilbide profesional baten lehen urratsetan.

Bere ibilbidean zazpigarren aldiz, Lucia Lacarrak Donostian emanaldia eskaini zuen, Victoria Eugeniari itzuliz, bertan egin baitzuen emanaldia 1993an, Victor Ullateren baleteko kide zenean. Ikusmin handia sortu zuen azaroan eskainitako "Dantza sentitu. Arimarekin dantzatu" emanaldiak eta antzokia bete zen.

Abenduan, Bilboko Arriaga antzokian burutu zen Asociación Bilbao Ballet Elkartea antolatutako Bilboko Hiria Dantzari Gazteen Lehiaketaren bigarren ekitaldia. Irabazlea Aiara Iturrioz (Gasteizko Jose Uruñuela Kontserbatorioa) izan zen. Bigarren sailkatua Angel Juarez (Murtziako Dantza Kontserbatorioa) izan zen, eta hirugarrena Amaia Gonzalez (Gasteizko Jose Uruñuela Kontserbatorioa).

Igor Moiseyev eta Lide eta Victor Olaeta
1968ko abuztuaren 30ean. Euskomediatik hartutako irudia.
2007a agur esateko rutea izan da baita ere, bai nazioarte mailan eta bai hurbilean ere: Josefina Mendez, Victor Olaeta, Luisillo, Manuela Vargas, Igor Moiseyev , Maurice Bejart eta Agueda Sarasuak esan digute agur.

Horiek dira dantzaren munduan hemen eta nazioartean gertatu diren albisteetako batzuk eta komunikabideek jaso dituztenak. Datorren urtea ere oparoa izan daigun dantza albiste onekin ere bai. 

Urte berri on!


Lide Olaeta, Igor Moiseyev eta Victor  Olaeta

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.