Dokumentuaren akzioak
1937, Gogoaren bidezidorretatik

Ikuskizuna, oro har, dantza saio bat da. Oholtzara zazpi lagun igotzen gara eta guztiak dantzariak. Dantza guztiak, ordea, argumentu baten baitan kokatzen dira. Azken boladan hainbeste zeresan ematen ari den Gerra Zibilaren garaia da ikuskizunaren kontestua. Erbestera ihes egin behar izan zuten milaka haur horiek dira saioaren protagonistak. Hain zuzen ere, haur guzti horietako zazpiren historia kontatzen da ikuskizunean. Zazpi haur horiek, zazpi dantzariak dira .
Ikuskizuna bonbardaketekin hasten da, dantzariak lehenengo aldiz erbestera eramango dituen barkuan agertuko dira eszenatokian, erta gerora Frantziako kanpamendu batean duten bizimodua kontatzen da. Historiaren haria OFF-eko ahots batek eta ziklorama batean proiektatutako irudiek gidatuko dute, eta dantzarien arteko harremana musikaren eta dantzaren bidez gertatuko da.
Haurren laguntasuna, maitasuna, festa giroa eta abar ageri dira. Mireia Gabilondok egin du gidoia, eszenaratzea eta zuzendaritza lana.
Musika guztia Juan Mari Beltranek egindakoa da. OInarria ARDITURRI bere azken diskoa da, baina berak moldatutako beste doinu batzuk ere badaude.
Dantzari dagokionez, euskal dantza tradizionaleko urratsak erabiliz egindako koreografia batzuk eta ohiko dantza tradizionala batzuen moldaketak eta egokitzeak egin ditugu. Dantzariei dagokionez, talde gaztea da. Guztiak Errenteria-Oreretakoak eta gaur egun Ereintza Dantza Taldeko kideak. Beraien izenak: Ni neu, Alain Maya, Urko Mitxelena, Eneko Gil, Ibon Uharte, Nerea Vesga eta Vanesa Castaño.
Estreinaldia, esan bezala, azaroaren 16ean da, 20:00etan Errenteria Hiria Kulturgunean. Hala ere, espero dugu gerora Euskal Herriko beste zenbait txokotara iristea.
Dokumentuaren akzioak