Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Hamabigarren aldiz, Erromeria Eguna egingo da Errenterian

Dokumentuaren akzioak

Hamabigarren aldiz, Erromeria Eguna egingo da Errenterian

2010/07/15 13:02

Aurtengo aldian, ekitaldi ugari prestatu dituzte egun osorako. Goizean goiz hasiko dira emanaldiak, baina eguerdian izango da garrantzitsuenetakoa: neskatxen soka dantza. Ikuskizun hori iaz hasi ziren egiten. Jon Maya Ereintza Dantza Taldeko kideak azaldu duenez, soka dantza bezalako dantza tradizionalari eutsi, baina gaur egunera egokitu nahi izan dute. Hala, gizonen dantza izatetik emakumeena ere izatera pasatu da.

Mayaren esanetan, oso ohikoa izaten da ekainaren 23an, San Joan bezperan, soka dantza egitea; baina Ereintzaren ametsa da egun horretan gizonekin egiten den bezala, Erromeria Egunean, emakumeekin, dantza hori tradizio bihurtzea. Jakinarazi dute entseguan egon diren emakumeez gain, gainontzeko herritarrek ere parte har dezaketela, eta animatzeko deia zabaldu diete.

Ordubete inguru lehenago urte osoan herri dantza ikastaroan aritu direnei iritsiko zaie ikasitakoa jendearen aurrean erakusteko garaia. Mayak azaldu duenez, 90 pertsonek hartu dute parte ikastaroan. Talde horrek herri dantzak egingo ditu, baina aurten espezializatu egin dira; jauzietan, hain zuzen ere.

Erromeria musikaz lagunduta egingo dute. Trikitilariak, txaranga, dultzaineroak, txistulariak eta Zubietako joaldunak izango dira herrian, besteak beste. Guztien artean giro ona jarriko dutela adierazi dute Ereintzatik.

Musikari horiek eguneko ekitaldi nagusian ere parte hartuko dute: arratsaldeko erromerian. Hiru tokitan egingo dute: Zumardian, Leku Zarran eta Xabier Olaskoaga plazan.

Dantza jaialdian izango diren beste batzuk Txirri, Mirri eta Txiribiton Junior pailazoak dira. Mayak jakinarazi duenez, Erromeria Egunera egokitutako ekitaldia prestatu dute pailazoek.

Eguna bukatzeko Larrain dantza egingo dute, Hernaniko eta eskualdeko dultzaineroen laguntzarekin. Hortxe esango diote agur datorren urtera arte aurtengo Erromeria Egunari.

Bazkaria

Eguneko beste ekitaldi garrantzitsuenetakoa bazkaria izango da. Izan ere, jende ugari animatu ohi izaten da bertan parte hartzera. Txartelak lortu nahi dituenak Ereintza elkartetik, Arkaitza tabernatik edo Belen gozotegitik pasatu beharko du. 15 euroko prezioa du bakoitzak, eta gaztetxoentzat, berriz, 10 eurokoa.

Honakoa da menua: bakailao entsalada tomate olio-ozpinarekin, otarrainxkarekin eta fruitu lehorrekin; haragizko piper beteak pikilo saltsarekin; baserriko oilasko gisatua barazkiekin; postrea eta kafea.

Egitaraua

10:00. Diana, herriko kaleetan.
11:00. Hamaiketakoa, Esmalterian.
12:00. Kalez kale musikariak eta dantzariak ibiliko dira.
13:15. Neskatxen soka dantza, Zumardian.
14:30. Herri bazkaria, Galtzarabordako Udal Kiroldegian.
17:30. Txirri, Miri eta Txiribiton Junior, Xabier Olaskoaga plazan.
18:00. Erromeria nagusia,Zumardian, Leku Zarran eta Xabier Olaskoaga plazan.
19:00. Aiko taldearen emanaldia, Zumardian.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.