Dokumentuaren akzioak
Agenda
Hartzaren esnaera
Noiz: 2026/02/13 18:30Non: Segura
Aizkorritik Segurara jaisten da Hartza arratsaldeko 18:30ean ostiral mehe egunean. Bere inguruan ibiltzen dira uxatzaileak, aurrean harrapatzen duten edonori maskuri edo puxikarekin jotzeko. Herriko puntu ezberdinetan, herriko gazte talde batek, bakoitzak bere mozorroa jantzita duela, jorrai-dantza dantzatzen du.
Kokomarroak
Noiz: 2026/02/13 19:00Non: Artea
Kokomarroan aterako dira Artean. Hainbat urtez lozorroan egon ostean, 2021ean, herritar taldetxo batek herriko zaharrenek akorduan dituzten Kokomarroak “berpiztu” zituzten.
Kaldereroak
Noiz: 2026/02/13 19:30Non: Eibar
Ostiral mehez ateratzen dira Eibarko kaldereroak Urkizutik hasi eta Untzagako plazaraino kantu eta dantzak eskainiz.
Porrero eta Sorgina
Noiz: 2026/02/13 20:00Non: Agurain
Arratsaldeko 20:00etan Porrero eta Sorginaren agurra ospatzen dute herrian. Ostiralean jaisten dira Opakuatik eta inauteri osoak ematen dituzte udaletxeko balkoian. Astearte inauterian, Porrero eta Sorginari azken agurra ematen diete.
Talai-dantza
Noiz: 2026/02/14 08:00Non: Amezketa
Inauterietako larunbat eta igandean ateratzen dira Amezketako talai-dantzariak eskean. 2016an hasi ziren larunbat eta igandez ateratzen, ordura arte inaute igande eta astelehenez ateratzen baitziren makil-dantza dantzatu eta puskak biltzera. Bedaio eta Amezketako baserrietatik egiten dute etxez-etxekoa.
Puska biltzea
Noiz: 2026/02/14 09:00Non: Irun
Inaute larunbat eta igandean ateratzen dira puska biltzean Irunen. Hainbat dantza taldek Irungo txoko desberdinak bisitatuko dituzte dantzan. Inaute larunbata: Inaute igandea:
Maskaradak 2026
Noiz: 2026/02/14 09:00Non: Pagola
Urtarrilaren 18an hasi eta apirilaren 26an bukatuko dira 2026ko maskaradak, Zalgize, Mendikota, Ozaze eta Iruriko gazteek emanak. Guztira 15 emanaldi izango dira urtarriletik apirilera astebururo. Ohitura izaten da lehena eta azkena antolatzaileen herrian izatea; oraingoan lau herrik hartzen dutenez parte, lehenengo egunean, barrikadak Irurin egingo dira eta plazako jokoa Ozazen emango dute. Azkenengoan, berriz, Zalgizen izango dira barrikadak eta arratsaldeko saioa Mendikotan. Maskaradak inauteriak izanik asko du inprobisaziotik, beraz, ordutegiak egunaren arabera izaten dira, bertaratu aurretik ezin jakin ezer segururik. Ohikoena lehen barrikada 9:00-10:00 bitarte hastea izaten da, baina lasai, ordu horretarako ez bazarete iristen goizean zehar beste hiru edo lau bat egiten dituzte herriko hainbat auzunetan. Emanaldi nagusia edo ofizioak, berriz, bazkal ondorenean hasten dira; herriko plazan edo frontoian normalki, eta aterpe, karpa edo biltegiren batean eguraldi txarra badago. Arizaleen mahai buelta zenbat luzatzen den, horren araberakoa izaten da saioa hasteko ordua. Normalki, 15:00-16:00 bueltan, eta hiru bat ordura luzatu ohia da arratsaldeko emanaldia.Zuberoako Maskaradak 2026 egutegia
Azeri-dantza
Noiz: 2026/02/14 10:00Non: Hernani
Inaute larunbatean, gazte talde bat Hernaniko plazan biltzen da, soka bat daramate esku batean eta puxika bat bestean. Txistulari taldea, ondo mozorrotuta, haien zain dago. Halako batean, haur eta gazte talde bat inguratu, eta indar osoarekin zigor gogorra eskaintzen diete, puxikarekin gorputz enborra, besoak eta hankak kolpatuz. Itxidura desegin eta beste norabide batean korrika ateratzen dira, taberna batean sartuz. Tarte batean desagertzen dira eta halako batean beste denda batean agertzen dira, gazteak berriz ere inguratuz eta berriz ere kolpatuz. Bi orduz, kaleetan gora eta bera dabiltza, kale, zeharkale, pasabide, denda eta tabernetan. Eszenan agertzen diren bakoitzean, txistulariek doinuaren abiadura areagotzen dute. Bitartean, buruan azeri larrua daraman gazte bat gora eta behera dabil kaleetan, ume eta gazteak puxikarekin jotzen, eta tarteka dantza eginez. Behin plazara iritsita, ekitaldia bukatzeko, puxiken gainean jauzi egin eta hautsi egiten dituzte.
Sorgin-dantza
Noiz: 2026/02/14 10:00Non: Antzuola
Inauterietako igandean, sorgin-dantza egiten duten Antzuolan kalez kale Hartza, domadorea eta tximinoarekin. Goizeko 10etan irteten dira kalez kale dantzan eta eguerdian, 12:30 inguruan plazan elkartu eta berriro egiten dute dantzan. Antzuolan mende hasieran Sorgin Dantza dantzatzen zen, eta bertan beste bi moldaketatan azaltzen ez diren pertsonaiak agertzen ziren. Espainiako Gerrate Zibilaren ondoren dantza ahazmenean gelditu zen. 1990. urtean Oinarin herriko dantza taldeak berreskuratu zuen.
2026ko Beasaingo Inauteri herrikoiak
Noiz: 2026/02/14 10:30Non: Beasain (Gipuzkoa)
2026ko Beasaingo Inauteri herrikoiak Inaute larunbatean (otsailak 14) ospatuko ditugu egun osoko festa egitarauaren bidez. Urtero bezala, herritar zein dantzazale orori dei egiten diegu gurekin batera Beasaingo kaleak Inauterietako dantzez, musikaz eta kolorez janztera etor daitezen. Horretarako entsegu irekiak antolatu ditugu asteartetan (18:00etatik 19:00etara) Oriamendi 10 kaleko gure lokalean. (Datozen asteetan zehar zabalduko dugu Inaute larunbateko egun osoko festa-egitaraua).
Dokumentuaren akzioak


