Dokumentuaren akzioak
Oin arin dantza taldearen emanaldia gaur, Arerian
Orain dela hiru urte plazako zuhaitzak zenbait pasadizo kontatu zizkien ikusleei dantza taldeak prestatutako saioan, orain bi, bere sustraiei jarraituz Euskal Herrira heldu zen mutil irlandarra izan zen protagonista eta iaz, telesail baten egitura izan zuen emanaldiak telebistako saio batean parte hartu zutelarik dantzariek, zuten hoberena jendeari eskainiaz. Aurtengoan ere, gai bat aukeratu eta honen inguruan eraikitako ikuskizuna prestatu dute Oin Arinekoek baina, beste urteetan ez bezala, sorpresa bat izango da ikusleentzat.
Dantzariei dagokienean, Oin Arineko talde desberdinak izango dira saioan parte hartuko dutenak, bost urtetik hirurogei urte bitarteko kideek osatuak, protagonista bakarrak hauek izango ez diren arren. Dantza taldeko txistulariek ere lagunduko dute gaurko ikuskizunean, eta baita Ataungo txalapartariek ere. Guztira 200 bat pertsona inguru, Oin Arinek duen aberastasunaren islada, izan ere, 180 haur ingururekin, Gipuzkoako dantza talde handienetako bat baita Lazkaokoa.
Sarrerak
Partaide bakoitzari sarrera pare bat eman dizkio dantza taldeak, berak nahi duen pertsona emanaldia ikustera gonbidatu dezan, baina guraso eta udal ordezkariez gain norbaitek Areriara sartu nahiko balu, jakin 17:30etan irekiko dela leihatila, saio bakoitzaren aurretik, berrogei bat sarrera banatzeko -pertsona bakoitzeko bi gehienez eta iriste ordenaren arabera-.
Dokumentuaren akzioak