Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Joana Artza Maiatzean lore, zuhaitz eta erreginak dantzan

Dokumentuaren akzioak

Maiatzean lore, zuhaitz eta erreginak dantzan

2026/04/30 08:55
Maiatzean lore, zuhaitz eta erreginak dantzan

Maiatzeko erreginak, Galdakao, Andra Mari dantza taldea.

Maiatzarekin batera hasiko dira altxatzen zuhaitzak eta aterako dira erreginak dantzara. Maiatza, loraila, hostaroa, orrila... loreen hilabetea da, eta Europa osoan zehar agertuko dira zuhaitz edo zutoin baten inguruko dantzak eta lorez jantzitako gazteen kantak eta eskeak.

Hilabetearen izena Maia jainkosaren izenetik dator; ugalkortasunaren, kastitatearen, birjintasunaren eta osasunaren jainkosa. Haren gurtza oso antzinakoa da, bereziki, emakumeei lotutako errituekin eta udaberriaren berpiztearekin estuki lotua da. Kristautasunean, hilabete hau Ama Birjinari (Maria, Mari, Maddi…) eskaini izan zaio, antzeko sinbolismoarekin.

Maiatzeko erreginak
Maiatzeko erreginak, Izarti dantza taldea.

Testuinguru horretan ulertu behar dira maiatzeko zuhaitzaren eta erreginen ohiturak: natura, gorputza eta komunitatea lotzen dituzten errituak, Euskal Herrian zein Europako beste hainbat tokitan ageri direnak. Izan ere, maiatzeko zuhaitza eta erreginak sistema sinboliko bereko adierazpenak dira, udaberria eta Ama Lurra omentzearekin lotuak, eta sinbolikoki, lore, hosto eta emankortasunaren bidez bizitzaren berritzea ospatzen dutenak. Maiatzeko zuhaitza eta erreginen ohiturak Europa osoan hedatutako erritu-sistema baten adierazpen biziak dira; udaberria iristen den bakoitzean, naturarekin batera komunitateek ere beren burua berritzen dutela gogorarazten duten praktikak.

Maiatzeko erreginak: dantza, kantua eta eskea

Maiatzeko erreginaren figura —neska gazte bat zuriz jantzita eta lorez apaindua— udaberriaren gorputz bilakatzen da. Euskal Herrian, bereziki, Baztanen iraun du tradizioak. Arizkungo “Maiatzako erregiña” edo Arraiozko “Erregiñak eta saratsak” ospakizunetan neskatilak zuriz jantzita eta lorez hornituta herrian zehar ibiltzen dira kantuan eta dantzan, etxez etxe eskean. Errituaren bidez, komunitatearen aurrean gaztetasunaren eta edertasunaren irudia ageri dira, kantuen eta dantzen bidez ospatuak.

«Erregiñe ta saratsa
Neskatxa eder garbosa
Ela, ola etxekoandrea
Atera zaite leiora

Esker koplak:

«Zuk eman dakuzun orrekin Kompañak ere badaki
Zuk eman dakuzun Diru eder orrekin
Eginen dugu tortxa ri
Tortxarekin arie Ariek argizerie
Amalau milla aingeruarekin
Paradisuan sartuzaitz ille»

Inor ateratzen ez bada atera edo leihora eta dirurik botatzen ez badu, berriz, madarikazioak:

«Utzan utzan ishilik Orre ez din dirurik
or di an bat boltsa zarra Zorri zuriz beterik
Aramekio unemakio “Lepezurraus” balikio
Ni mediku i barbera
Ez balizaio sendatzen.»

Erritu hauen inguruan hainbat lan idatzi dira, eta horien artean aipagarriak dira Aita Donostiaren eta Aingeru Irigarairen ekarpenak. Aita Donostiak 1916an “Erregiñetan, o las fiestas de las Mayas” lanean Baztango eta inguruko herrietako ohitura hauek jaso zituen, eta garaiko errituak zuzenean dokumentatu zituen. Bere lanak erakusten du nola neskatxek lorez apainduta eta kantuz eskean etxez etxe ibiltzen ziren, limosna eta koplak uztartuz, Europako maiatzeko erreginen tradizio zabalaren barruan.

Bestalde, Aingeru Irigaraik 1946ko “Fiestas de mayas” azterlanean fenomenoa ikuspegi zabalago batetik aztertu zuen, eta azaldu zuen Europako egitura erritual baten parte dela. Bere sailkapenean ageri dira maiatzeko zuhaitza altxatzea, adarrak jartzea, pelele edo monigote erritualak, hostoz estalitako gazte edo haurren irudikapenak, eta “mayos” eta “mayas”-en arteko ezkontza sinbolikoak.

Erreginak eta saratsak
Erreginak eta saratsak, Arraiotz, 2022. Argazkia: Erran

Ospakizun horiek antzinako erroak dituzte; historian zehar, ordea, debekuak ere jasan zituzten: XVI. mendean Iruñeko gotzainek debekatu zituzten hainbat tokitan, eta tradizioak gainbehera izan zuen leku askotan. Hala ere, Baztanen mantendu egin zen, eta XX. mendean berreskurapen prozesuak izan ditu. Oñatiko 1918ko Eusko Ikaskuntzaren lehen kongresuko ekitaldietan agertu zituztela maiatzeko erreginen kantu eta errituak, eta itxuraz, Baztango forman erakutsi zituzten baina Oñatiko neskatilek eginak.

Maiatzeko erregina
Maiatzeko erregina, Arizkun. Argazkia: 3 digitala

Baztango dantzak 25: Erregiña eta saratsa 1989

Galdakaoko Andra Mari dantza taldea ohitura hau ospatzen hasi zen 1990ean. Iaz ohiturari buruzko dokumentala argitaratu zuen.

 

Argia dantzari taldeak bere ikuskizunetan eskaini izan du Maiatzeko erreginen kantu-dantza. Hemen Alakiketan ikuskizunean, 1993an.

Europako beste hainbat lekutan ere ospatzen dira gisa horretako jaiak. Espainiako toki askotan “mayas” izeneko neskak altareetan eserita agertzen dira edo kalez kale kantuan, dirua edo opariak eskatzen; Frantzian “reine de mai” gisa aukeratzen da neska bat, lorez inguratutako tronuan jarria; Erresuma Batuan “May Queen” figura funtsezkoa da udaberriko ospakizunetan; eta Italian Calendimaggio edo Il Maggio ospakizunetan, emakume gaztearen presentzia ezinbestekoa da.

Maiatzeko erregina
Maiatzeko erreginaren prozesioa, Ingalaterra, Herbert Wilson Foster (1846–1929).

Maiatzeko zuhaitza altxatzea

Maiatzeko zuhaitza —makala, txopoa edo bestelako zuhaitz garaia— erritu kolektibo baten erdigunea da, eta Euskal Herrian askotan beste data eta festa batzuetan ere agertuagatik, bere esanahia udaberriaren berpizkundearekin lotuta dago. Gazteek zuhaitza moztu, herrira ekarri eta plazan altxatzen dute. Zuhaitza lurretik zerura doan ardatz modura ulertu izan da sarritan, naturaren eta komunitatearen jarraipena irudikatzen duen sinbolo gisa.

Maiatzeko zuhaitza
Maiatzeko zuhaitza, Nafarroa, 1892-1915. Argazkia: Julio Altadill

Batez ere Nafarroako zenbait tokitan altxatzen da maiatzaren hasieran. Bereziki Sakanan (Etxarri-Aranatz, Bakaiku, Ziordia, Iturmendi…) gazteek enbor altu bat jaso ohi dute plazan, udaberriaren etorrera ospatzeko eta komunitatea biltzeko. Araban, Done Bikendi Haranan ere zuhaitza maiatzean altxatu eta luzaroan zutik mantentzen da. Ohitura hau Euskal Herrian hainbat izen eta formarekin hedatu da, eta baita maiatzetik kanpo ere. Askotan udako solstizioaren bueltan edo herriko jaietan altxatzen da. Eskoriatzan, Aretxabaletan eta Arrasaten, adibidez, San Juan bezperan altxatzen da tantaia edo txopoa; baita Azpeitiko Urrestilla auzoan ere eta Goierrin (Zegama, Olaberria…). Bizkaiko Durangaldean (Iurreta, Berriz), berriz, Donien atxa izena hartzen du, eta dantzari-dantzaren testuinguruan kokatzen da. Herriko festa handiaren bezperan dantzariek zuhaitza altxatzen dute eta jarraian dantzari-dantzaren azken-entsegua egiten dute. Araban, Done Bikendi Haranaz gain, Agurain inguruan ere dokumentatu da ohitura, eta hortik abiatuta tradizioa Nafarroako Sakana eta Ameskoa eskualdeetara hedatzen da (Iturmendi, Ziordia, Bakaiku, Etxarri Aranatz; Larraona, San Martin, Zudaire, Murieta), baita Baztanera ere (Arizkun, Elbete).

Donien Atxa
Donien Atxaren altxatzea, Iurreta, 2023-09-28. Argazkiak: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Donien Atxa
Donien Atxaren altxatzea, Iurreta, 2023-09-28. Argazkiak: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Antzeko praktikak Europa osoan aurkitzen dira. Ingalaterran Maypole ospetsuaren inguruan egiten diren dantzek zinta koloretsuen bidez espazioa ehuntzen dute; Alemanian Maibaum altxatzen da herri askotan; Frantzian eta Italian zuhaitzaren inguruko jaiak eta jokoak egiten dira; eta Espainiako hainbat eskualdetan “plantar el mayo” edo “pingar el mayo” ohitura bizirik mantentzen da, askotan gazteen protagonismoarekin.

Maypole
Haurrak Maypole edo Maiatzeko zuhaitzaren dantza egiten Downton Cuckoo Festival jaialdian, Wiltshiren, Ingalaterra, 2010. Argazkia: Angus Kirk.

Zenbait lekutan, gainera, zuhaitzaren tontorrean sari edo ikur bat jartzen da, eta gazteek bertara igotzen saiatzen dira, indarra eta trebezia erakutsiz. Ameskoan maiatzeko zuhaitzaren puntan oilarra jartzen dute. Zinta-makilaren puntan usoak askatzea ikusi izan da hainbat lekutan, gurean, Antzuolan —askatasunaren edo arimaren sinbolo— edo panpinak ere jartzen dira; Durangaldean Domingilloa deiturikoa.


Domingilloa
Domingilloa, San Migel, gorulariak, Iurreta, 2023-09-29. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC-BY-SA

Zinta-dantza, bizitzaren dantza

Erritu-sistema berean kokatzen da zinta-dantzaren sinbolismo sakona ere. Juan Antonio Urbeltzek azaldu bezala, zinta-dantza irute-lanaren eta, areago, patuaren beraren alegoria da: zintak haria lirateke, eta dantzaren bidez ehuntzen den trama bizitzaren irudikapen bilakatzen da.

Erdigunean tinkatutako makil batetik zintak zintzilikatzen dira, eta dantzariak —zirkuluan kokatuta— gurutzatuz, gainetik eta azpitik igaroz, elkarrekin ehuntzen dute sarea makilaren bueltan. Mugimendu horietan ageri da bizitzaren joan-etorria. Trentza osatzen den unea gorengoa da; ondoren, kontrako bidea eginez, ehundutakoa desegiten da, hasierara itzultzeko eta zikloa ixteko. Urbeltzek dio zinta zilborrestearen sinboloa dela, eta dantzari bakoitzak, orain ezkerraldetik, orain eskuinaldetik, behin gainetik eta behin azpitik -bizitzan bezalaxe- denok garela elkarrentzako traba eta osagarri. Parez pareko etenaldi eta geldiuneak saihestuko ditu, eta dantzariek euren patua ehunduko dute.

Zinta-dantza Antzuola
Zinta-dantza, Mairuaren alardea, Antzuola, 2023-07-15. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Euskal Herrian, gainera, zinta-dantza sarri beste dantza-ziklo batzuen amaiera gisa ageri da, hala nola ezpata-dantzan edo brokel-dantzan, errituaren itxiera eta berritzearen une gisa. Horrela, maiatzeko zuhaitzak eta erreginen ospakizunek bezala, zinta-dantzak ere natura, komunitatea eta denboraren zikloa lotzen ditu.

Midsommar (2019) Maiatzeko erreginak Suedian

Artikuluan aipatutako antzeko iruditeria erritualak zinema garaikidean ere ageri dira, hala nola Ari Aster-en Midsommar filmean. Maiatzeko erreginen, Donien-atxaren eta zuhaitzaren inguruko borobil-dantzen oihartzunak ageri da emankortasunaren eta komunitatearen erritu totemiko gisa. Suedian kokatutako kontakizun horrek  Europako udaberriko jai zaharren iruditeria eta sinbologia filmaren tramarako baliatzen du, eta Euskal Herriko eta inguruko errituekin lotura harrigarriak erakusten dizkigu.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.