Dokumentuaren akzioak
Hirugarrenean hutsik ez
Lehenengoa ilusioz bizi izan genuen, bigarrenean eustea genuen helburu eta hirugarrenean ez dugu hutsik egin: Kokomarroek Arteako kaleak hartu dituzte beste urte batez.
Kultur etxean ipini dugu elkartzeko hitzordua. Ez dira falta izan, larruak, adarrak, arranak, odola... Janzten ari ginela, gazteak hurbildu zaizkigu puxikak astintzeko gogotsu daudela eta. Zelan esan ezetz? Nondik edo handik zaku eta trapu zaharrak atera eta atondu ditugu kokomarro berriak. Epelak banatu dituzte. Hurrengoan ere etorriko ahal dira!
Mokadutxoa jan eta ardo apurren bat edan ostean, kalejira hasi dugu 19:00ak pasatxoan. Albokariak lagun izan ditugu oraingoan ere, Arratiako zein Arabatik beren-beregi etorritakoen doinuak entzun dira gure herriko kaleetan. Aurten, gainera, irailetik ikastaroan jo ta ke dabiltzan dantzazaleen oinak mugiarazi dituzte. A ze poza plazako dantzari kopurua haziz doala ikustea!
2023an ere izan dugu zer erre, bai horixe. Argindar eta gasaren prezioak bere interesen alde maneiatu dituena; Kapitalismo basatiarekin bat, krisiaren errua gizarteari bota diona; morroi fin dituen politikariei bulego dotoreak jarri dizkiena; bere atalaiatik gizarteaz barre egiten duena; mafia bezala jokatzen duena...
Kuberuek dorre forma hartu eta ezizenez agertu zaigu: Iberdolar.
Jakin badakigun arren gure errituarekin ez dela behingoan akabatuko, epaia irakurri eta su eman diogu ditxosozko Kuberueri. Ahalegindu ez izanaren sentsazioarekin ez gaitezela geratu gero.
Udaberri eta uzta on!
Dokumentuaren akzioak