Ttakun Kultur Elkartea – Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Sorgin-dantzak Lasarte-Orian badauzka ezaugarri esanguratsuak, bat eta lehenengoa Oria auzokoa dela. Bestalde, etenak eten, belaunaldiz belaunaldi gaur egun arte eutsi diola dantzak. Lasarte-Oriako dantza dela diogu, baina uste da 1848 urtean Brunet ehungintza enpresara Bergara ingurutik etorritako teknikariek ekarri zutela.
Hasieran, mutilek bakarrik dantzatzen zuten, erdiak intxixu eta beste erdiak sorgin, beraz sorgin eta intxixuen dantzak transformismo kutsua ere badu, eta inauterietako festa eta dantzekin lotzen dute adituek.
Zaharrek gazteei erakutsiz eutsi dio dantzak belaunaldiz belaunaldi. 1994. urtean Lasarteko Ttakun elkarteak hartu zuen sorgin-dantza antolatzeko ardura. Azken urteotan, indarra hartu, eta urtero urtero dantzatzen da bi aldiz, Santa Ana eta San Pedrotan.
