Le Quadrille Occitan - L'Union (Frantzia)
Le Quadrille Occitan taldea 1973. urtean sortu zen Toulouse eskualdeko L'Union hirian. Gure jaialdian, besteren batekin, la fricassée izeneko dantza eskainiko dute. Bere jatorriari buruzko adostasunik izan ez arren, oso antzinako dantza dirudi. Geroztik oso ibilbide desberdinak egin ditu, eta, esate baterako, jaialdian behin eta berriro entzungo dugun doinua dantza haren ondorengo kontra-dantzarena omen da. Aipatzen diren ibilbideetako batzuk Pariseko dantza-geletaraino iritsi ziren; armadako dantza-maisuek erakusten zituzten karaktere-dantzen artean ere kokatzen da. Baina Ezpalak jaialdian ikusiko dugun bertsioa -Europa osoan egiten denaren antzekoa- beste bat da: XVIII. mendearen amaieran sortua, arinagoa eta sarritan umeek egin ohi zutena. Senar-emazte batzuen arteko haserrealdia irudikatzen du, tabernan lagunekin ederki igaro ostean, senarra etxeratzen denean. Izan ere, fricasseio okzitanieraz, errezeta baten izenaz gainera, “haserrealdia” ere esan nahi baitu. Talde hau lehen ere izandakoa da Iruñean; hain zuzen 1983. urtean.
