Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Bi kofi «Odola beste herriena bezain bero dugu estoniarrok»

Dokumentuaren akzioak

«Odola beste herriena bezain bero dugu estoniarrok»

2026/05/13 08:00

Gaur uztailaren bata dugu. Egunak eguzkitsu eta bero argitu du. Denbora-pasa egon gara Tallinngo alde zaharrean eguerdira arte, eta Kalev Estadiora etorri gara. 

Hementxe gertatuko da dantza-jaialdia eta hementxe gertatzen ari dira entseguen erdiak ere, atzotik bihar arte. 

Mendebaldeko atean elkartzekoak gara Tiiarekin eta alaba Liisirekin, baina nahastu egin gara eta estadioa inguratu dugu alferrik. Zorioneko nahastea gurea, kanpoko hesitik ikusmiratzea ahalbidetu diguna. Belarraren gainean, bi mila haur inguru ikusi ditugu zinta zuri eta beltzekin egindako koreografia gimnastiko bat entseatzen, zuzendari eszenikoak bozgorailutik ahots sotilez argibideak ematen zizkien bitartean. Diziplina, koordinazioa eta ordena erabatekoak ziren.

Tiiak eta Liisik bederatzietatik hiru t'erdiak arte entseatu dute txikiagoa den Viimsi Estadioan, eta orain agertoki nagusira etorri dira bostetatik bederatziak arte entseatzen jarraitzera. Talde bakoitzari entsegu- eta otordu-programa zehatza ematen zaio, dantzatuko dituen koreografien arabera.

Bazkaldu berriak dira. Entseguen arteko otordurako doan ematen du elikagai-enpresa ezagun batek dantzariei zerbitzatzen zaien "jaialdiko zopa" bizkorgarria. 

Egia esan, gaur ez da zoparako eguna. Beroa gero eta sargoriagoa da. Erreskatera suhiltzaileak etorri dira ezustean, eta dantzariak freskatu dituzte mahukekin, txikienen pozerako bereziki.

Babesle den izozki-enpresa batek izozkiz betetako kamioi bat ekarri du dantzarien artean doan banatzeko.

Estoniako festa, Estoniako izozkia
Estoniako festa, Estoniako izozkia

Haurtzaindegia ere bere kontu. Horrez gainera, janlekua, aldagelak, atsedenlekuak eta komunak ere jarri dituzte antolatzaileek estadioaren inguruan.

Dantza-talde bakoitzak kolore bereizgarri bateko kamisetak daramatza. Entseguak hobeto antolatzeko balio omen dute, baita GPS inprobisatu gisa ere, dantzari-marabunta honen artean galtzea oso erraza baitirudi. Baina egia esan, guri ezin hobeki sinkronizatutako inurri-ostea dela iruditzen zaigu. Nork gehiago, nork gutxiago, dantzari hauek tantsupidu asko dituzte oinetan. 

Argazkiak: Sven Zacek www.zacekfoto.ee

Aurtengoa Tiiaren zortzigarrena eta Liisiren bigarrena izango da.

Sakun bizi dira biak. Hiriburutik hogei kilometrora dagoen bost mila biztanleko udalerria da Saku, eta izena ematen dio Estoniako garagardo ezagunenari.

Naisrühm Linda
Naisrühm Linda
Hamabi emakumez osatutako Linda izeneko tokiko dantza-taldeko kidea da Tiia. Horrelako taldeei naisrühm esaten zaie, emakume-taldea, alegia. Sakun lau naisrühm daude. Gure ezjakintasunetik, zergatik ez diren talde bakar batean elkartzen galdetu diogu, gaizki konpontzen ote diren. Irribarre egin eta ez du hitzik esan. Antza, nahiago du guk geure kabuz deskubritzea, azaldu baino.

Liisik, berriz, balletari utzi zion duela bi urte eta Tallinngo Sõprus dantza-taldean sartu zen. Sõpruseko egituran badaude esindusrühm izeneko talde bat (talde ordezkaria edo), haur-, gazte-, heldu- eta beterano-talde mistoak, baita zenbait naisrühm ere. 1946an sortu zen Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiaren baitan. 1950tik 1960ra Ullo Toomi aritu zen dantza-maisu lanetan. Toomiren ardurapean, taldearen maila artistikoak gora egin zuen eta 1962an tantsuansambel izendapena lortu zuten ondorioz. Garai hartako araudiaren arabera, hala izendatuko zitzaien maila artistiko nahiko altua zuten eta iraupen luzeko dantza-ikuskizuna bere kasa eman zezaketen dantza-taldeei.

Beste errepublika batzuetan ez bezala, Estonia sobietarrean ez zegoen ballet edo talde folkloriko ofizialik, baina Sõprus puntako taldeetako bat zen, eta 1966an "Meritudun Dantza-Taldea" aitorpena lortu zuen, atzerrira bidaiatzeko aukera ematen zuena. Hala ere, gauza bitxiak ere gertatzen ziren alde horretan. Kasurako, 1976an Leigarid dantza-taldeari Suediara bidaiatzeko baimena ukatu zioten sobietar agintariek inolako azalpenik gabe, irten baino bakarrik hamaika ordu lehenago. 

Sobietar garaian ohikoa zen puntako dantza-taldeek beste errepublika batzuetako koreografiak sartzea errepertorioan, anaitasunaren keinu gisa. Bitxia bada ere, ohitura horri jarraitzen dio Sõprusek eta Ukraina, Moldavia, Letonia eta Lituaniako dantzak ematen dituzte, baina baita Polonia, Hungaria eta Kanadakoak ere.

Tallinngo alde zaharreko Buru Beltzen Etxe famatuan izan zuten egoitza luzaroan, baina 2011n hiriko elkarte filarmonikoari eskualdatu zion udalak eta entsegu-gela berria esleitu zion dantza-taldeari.

Tantsuansambel Sõprus Buru Beltzen Etxean. Arg.: Valdur-Peeter Vahi

Lehenago aipatutako Ullo Toomi Estoniako herri-dantzaren munduaren mitoetako bat da. Lehen tantsupidutzat ere hartuak diren lehen Estoniar Jokoen abiarazleetako bat izan zen 1934an. Bost urte beranduago 2182 kilometro egin zituen motozikletaz herrialde osoan barna dantzak, kantak, doinuak eta kondairak biltzeko eta deskribatzeko. Kilometro asko baldin eta kontuan hartzen badugu Euskal Herria baino bi aldiz zabalagoa dela Estonia.

Herrixketako adinekoei dantzan behatu bitartean, bere buruari galdetzen zion zergatik zegoen estoniar herri-dantza hain itsatsita lurrari. Denborarekin ulertu zuen herri-dantzak bizitasuna galdua zuela gazteek dantzari utzia ziotelako, eta berreskuratzea erabaki zuen.

Azken finean, odola beste herriena bezain bero dugu estoniarrok.

1950ean Eesti rahvatantsud (Estoniar herri-dantzak) izeneko liburua argitaratu zuen, dantza-maisuentzat nahitaezko material didaktikoa, eta oraindik ere estoniar herri-dantzaren bibliatzat hartzen dena.

Hainbat koreografia ere sortu zituen, hala nola Tuisuline, Kosjatants, Oige ja Vasemba edo Kolhoositants, 1951eko Valgus Koordis pelikulan agertzen dena.

1949an Tuljak koreografiaren amaiera aldatzea proposatu zion Anna Raudkats-i, sortzaileari, eta honek gogo onez onartu zuen. Harrezkero, behin gizonek aupaturik, emakumeek zerurantz jasotzen dituzte besoak.

Tuljak-ek aparteko kapitulua merezi du; izan ere, edizio guztietan dantzatu den koreografia bakarra da, eta dantza-jaialdia itxiko du, hamaika mila dantzariak belarretan daudela. Kabituko dira? Egiaztatzeko irrikan gaude.

Ziurrenik, 1912 eta 1915 artean sortu zuen Raudkatsek Helsinkin ikasten ari zela, eta finlandiarrek folklorearekiko duten maitasunak inspiraturik. Lehen deskribapena 1926ko Eesti rahvatantsud bere liburuan agertu zen. Berak azaldu zuen nola etorri zitzaion ideia:

Eta orduan bururatu zitzaidan, aha!, kontuak zerikusia zuen gazteen arteko harremanekin, eta gai hori landuz, narratiba txiki bat sor zitekeela, harreman horiek nola sortzen diren eta nola garatzen diren azaltzeko. Horretarako musika bilatzen hasi nintzen, bat edo beste entzun nuen, eta azkenean konturatu nintzen Miina Härma-ren Tuljak doinua ezin hobea zela buruan nuen koreografiarako.

Gimnastika- eta dantza-maisua izateaz gain, herri-dantza estoniarraren lehen biltzailea eta haren terminologiaren sortzaileetako bat ere izan zen. Gaur egun, adituek bildutako 1966 terminoko glosarioa du Estonieraren Institutuak.

Zortzi liburu idatzi zituen Raudkatsek dantza eta jokoen deskribapenekin. Gimnastika-maisu gisa zuen ikuspegitik ote, hauxe idatzi zuen:

Herri-dantzek mugimendu handia eskatzen dute, eta horrek odol-zirkulazioa eta arnasketa hobetzen ditu. Mugimendu orok bizkortze mentala sortzen du: urratsak gogoratzeak arreta eskatzen du, urratsak egiteak dotoretasuna eta gorputz-kontrola, eta aldairek zehaztasuna eta ordena. Dantzan eguneroko kezkak ahazten ditugu eta gogoa argitzen zaigu. Horrez gainera, herri-dantzek berdintasuna eta elkartasuna sustatu eta ohitura zaharrekiko eta herri-artearekiko maitasuna eta begirunea pizten dituzte.

Tradizio folkloriko ezberdinen arteko maileguei buruz: 

Dantza batzuk, osorik edo zati batean, beste herri batzuetatik mailegatu izanak ez du haien garrantzi etnografikoa gutxitzen. Aitzitik, herri batek atzerritik maileguan zer hartu duen eta gauza horiek nola erabili dituen ikusiz, bere izaeraz eta gustuaz ikasten dugu, herri batek ez baititu zoriz edo morrontzaz mailegutzen, baizik eta entzuten eta ikusten duenetik bere izaerari eta gustuari ondoen egokitzen zaiona aukeratzen du, eta askotan oso modu originalean erabiltzen ditu mailegatutako gauzak. Adibidez, nik uste dut ez dela kasualitatea gure herri-dantzetan polka alai bat agertzea bals motel bat baino. Errusiar kasatshok motako elementu asko ere ikusten ditugu seto-en dantzetan, kadrila lasaiak onarpen gutxi izan omen baitu. 

1994az geroztik, zeroan edo bostean amaitzen diren Annaren jaiotzaren urteurrenetan, eta dantza-jaialdi orokorra ospatzen den urteetan ere, Anna Raudkats Funtsak izen bereko herri-dantzarako beka ematen du ibilbide eredugarri eta txalogarriak saritzeko, pedagogia-, sormen-, antolaketa-, propaganda- edo ikerketa-jarduerak barne hartzen dituztenak. Bekadunak 60 urtetik gorakoa izan behar du, eta dirua asko ez bada ere, lortzen den prestigioa egundokoa da.

Ullo Toomi Funtsak ere herri-dantzarako beka bat ematen du urtero.

Ullo Toomiren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko 2002ko First Day Cover

Entseguen kontura gatoz berriro. Tiiak eta Liisik azaldu digute egonarriz.

Tantsupiduren edizio bat amaitutakoan batzorde antolatzaileak hurrengo edizioko zuzendari eszeniko nagusia (pealavastaja) aukeratzen du. Aurtengoa Helena-Mariana Reimann da. Bere lantaldearekin batera, dantzatuko diren koreografiak aukeratzen hasten dira. Horien artean, batzuk koreografo eskarmentudunei eskatuko diete berariaz sortzeko, baina diletanteei ere egingo diete gonbita koreografia, doinu eta kanta berriak proposatzeko. Loomekorjetangud deitzen zaie horrelako deialdiei, sormenezko bilketa-auzolanak, alegia. Kasu baterako, 2020an bostehun pasatxo lan aurkeztu ziren.

Koreografiak aukeratutakoan material didaktikoa emango diete jaialdian parte hartu nahi duten taldeetako dantza-maisuei: liburuxka deskriptiboa, musika eta bideo irakasgarriak.

Bideo horiek YouTubeko @laulujatantsupidu kanalean ere ikus daitezke.

Adibide gisa, Helena-Mariana Reimann pealavastajak berak sortutako Iseoma koreografiaren bideoa:

Hiru motatako koreografiak daude: gimnastikoak, hamabi emakumeko taldeentzakoak (naisrühmad), eta zortzi bikote mistoko taldeentzakoak, nahiz maila altuko gazte helduak (valiksegarühmad), helduak (segarühmad), gazteak (noorterühmad) edo haurrak (lasterühmad), maila bakoitzera egokitutako aldaketa txikiekin. Nolabait azaltzeko, 15x10 metroko oholtzarako pentsatutako koreografia "txikiak" dira.

Taldeen hautaketa udaberrian gertatzen da. Bi proba pasatu behar dituzte. Lehenengoan akatsak zuzendu eta hobetzeko jarraibideak ematen zaizkie. Bigarrena, berriz, kanporatzailea da. Bi taldetik batek bakarrik egiten du aurrera. Kirioak bareturik, erlaxatu daitezke jaialdiaren aurreko aste honetara arte. 

Zeri ekin behar zaion orain? Zuzendari eszenikoen (lavastajad) txanda da, bat koreografia bakoitzeko. Koreografia txikiaren egilea bera edo beste norbait izan daiteke, eta estadiorako koreografia handi bat sortzen du. Horretan dabiltza aste honetan dantzariak eta zuzendariak buru-belarri.

Berriro adibide gisa, lehenago aipatutako Iseoma koreografiaren entsegua pealavastajaren beraren aginduetara.

Bederatziak jo dute. Pillid kotti! Musika-tresnak poltsara. Entseguetan ez dago musikaririk, baina esamolde horrekin ematen dute laneguna amaitutzat estoniarrek.

Hiriburuan bizi ez diren dantzariak ikastetxeetan eta beste erakunde batzuetako eraikinetan egokitu diren ostatuetara abiatzen dira. Gainerakoak, etxera eramango dituzten garraiobideen bila presaka.

Bihar ere eguna argituko du. Ez du asko beharko, uda hasiera honetan gau zuriak izaten ditugu eta.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.