Dokumentuaren akzioak
Iseoma
Bi kofi
iseoma [izord.] ekintzaren egilearena, sorburu den egilearena, edo jabearena.
Honela definitzen du Estonieraren Institutuaren hiztegiak iseoma hitza. Propio edo.
Estoniera fino-ugriar hizkuntza da. Miloi bat pasatxo hiztun ditu. Luzaroan estoniarrei "landako herria" (maarahvas) deitzen zitzaien, eta beren hizkuntzari "landako hizkuntza" (maakeel). Esan liteke estoniarrek ez zutela luzaz jakin estoniarrak zirenik. Denborarekin "landako herria", hau da, nekazalgoa, nazio bihurtu zen idatzizko hitzaren garapenari esker, horrek autokontzientzia nazionala sustatu baitzuen.
Estonierazko lehen hitzak XIII. mendean latinez idatzitako Henrici Cronicon Lyvoniae liburuan agertu ziren, eta estonieraz idatzitako lehen liburua, Wanradti ja Koelli Katekismus, 1535ean argitaratu zen.

Estoniera dialektoetatik garatu da. Zortzi dialekto-talde ditu. Estoniera batua XIX. mendean sortu zen, Ipar Estoniako erdialdeko dialektoan oinarrituta.
Hizkuntza eranskaria da, hamalau kasu ditu, baina ez genero gramatikalik.
Bere hiztegiko hutsune batzuk erro artifizialak sortuz bete dira. Tradizio hori 1930eko hamarkadan hasi zen, eta estonierazko hitzen berezko eraketaren hastapenak —haien algoritmoak, nolabait esateko— aztertzean zetzan, oinarri gisa erabiltzeko soinu naturaleko neologismoak sortzeko. Harrezkeroztik hainbat adituk parte hartu dute sorkuntzan, baina jende guztiari irekitako lehiaketak ere deitzen dira aldian behin. Lehiaketetatik sortutako neologismoen adibideak dira ulme, zientzia-fikzioa, edo taidlus, amateurron jarduera artistikoa. Jarduera horietako bat dute rahvatants, herri-dantza.
Barkatuko diguzue hona heltzeko ingurumaria. Itzul gaitezen hasierara...
Iseoma da Estoniako XXVIII Kanta- eta XXI Dantza-Jaialdiaren goiburua, estonieraz Laulupidu eta Tantsupidu. Pandemiak pandemia, bost urtean behin ospatzen da jaialdi nagusia, eta aurten egokia izan zaigu Opor, Sos eta Gogo planeten lerrokatzea; beraz, bertaratuko garela egin dugu.
Loiutik irten, Frankfurten geldialdia egin eta Tallinnera heldu gara. Aireportuaren izenak Lennart Meri omentzen du, Estoniaren independentziaren gurasoetako bat eta bigarren presidentea izan zena. Bizitzaren zati handi bat uraldar herrien kultura ikertzen eman zuen. Hainbat liburu idatzi eta dokumental interesgarriak ekoitzi zituen, haien artean Linnutee tuuled (Esne Bideko haizeak) famatua.
Aireportu berri hau 1980ko olinpiadetarako eraiki zuten, baina azken berrikuntzan xehetasun mundiala gehitu zitzaion: eserlekuen tapizeriak bertoko gona tradizionalen oihal marratuak imitatzen ditu.
Autobus-geltokira doan karrajuko hormetan, Arvo Pärt musikagilearen 90. urtebetetzea ospatzeko kartelak daude zintzilik. Jenioaren tintinnabuli estiloaz erantsirik edo, biorritmoak moteldu ari zaizkigula sumatzen dugu. Hemen dena da nordikoki neurridun, bare, apatz, egiazki slow. Estoniar kulturak ezagutu dezagun gonbidatzen gaitu lehenengo minututik, itxura. Saiatuko gara itxuratik haratago joaten.
Erdigunera eraman gaituen autobusetik, jaialdia iragartzen duten kartelak eta banderolak nonahi ikusteko aukera izan dugu. Jantzi luzez apaindu da Tallinn, herri-janzkerak eskatzen duen luze-laburrarekin behintzat.
Ondoren, beste tartetxo bat tranbiaz.
Gureak Eerika du izena, baina udal garraio-konpainiak Laulupidu eta Tantsupidu izenak jarri dizkie beste biri.
Tranbiako horma batean itsatsitako kartel batean irakurri dugu:
Baldin eta laulupidu gure herriaren ahotsa bada, tantsupidu gure urratsa da, gure lurrarekiko harremana, gure erritmo komuna. Gorputzean, aldairetan eta oroimenean bizi den mugimendutik sortutako tradizioa da. Tantsupidu ez da ikuskizuna bakarrik - Estoniaren bihotzean belaunaldiak batzen dituen ondare bizia da.
Gaur ekainaren 30a dugu, astelehena. Jaialdiaren lehen ekitaldirako hiru egun falta dira oraindik, baina entseguak gaur goizean hasi dira. Dagoeneko Tallinnen daude bai herrialdeko bazter guztietatik baita diasporatik ere etorritako ia hamaika mila dantzari.
Maletak apartamentuan utzirik, hozkailua apaintzeko zerbaiten bila abiatu gara. Dantza eskola pribatu bat dugu auzokide, eta udako ikastaroaren kartelak begiak talo utzi dizkigu une batez. Sinesgogor begiratu elkarri eta kartelera nahikoa hurbildu gara irudipena baino ez zela ohartzeko azkenik. Pareidolia moduko bat edo, zeinagatik euskal dantzariak nonahi ikusten dituzula uste duzun.

Metro batzuk aurrerago, eta gure sorpresarako, aurrekoaren ahizpa nagusia, MUBA Musika eta Ballet Eskola Publikoa. Eraikintzar beltz dotoreak argi uzten digu zer-nolako garrantzia ematen zaien arteei Estonian.

Afarirakoak erosi ditugun merkataritza-gunean, jaialdiaren edizio guztien logoak azaltzen dituen erakusketa topatu dugu deskuiduan. Oso interesgarria izan zaigu ikustea logoetan irudikatutako sinbolismoak eta xehetasunek agerian uzten dituztela denboran zeharreko aldaketa politiko eta kulturalak.
Supermerkatuko atondoan, bikote jator honekin ere suertatu gara.

Bihar hezur eta mamizko estoniarrekin egoteko gara.
Dokumentuaren akzioak
Oier Araolaza
Erantzun
Bi kofi
Bi kofi, bi lagun, hainbat kontu.


