Ez dago hau azal dezakeen esku-programarik

2026/06/08
Ez dago hau azal dezakeen esku-programarik

Atzo, uztailak 3, Tantsupiduren lehenengo bi saioak egin ziren, ordu bietan "entsegu orokorra / saioa" deritzona, eta zazpietan lehenengo saioa, adiera hertsian esanda. Gaur beste biak egingo dira, bigarrena hamaiketan eta hirugarrena, eta azkena, seietan. Goizekorako sarrerak lortu dizkigu Tiiak. Lortu eta oparitu ere. Ondo daki gure jakin-nahi eutsiezinaz, eta desegokitasuna barkaturik, prezioari buruzko gure galderari erantzun dio: 58 euro bana! Harri eta belarri. VIP gunetik ikusiko dugu ala? Ba ez, hamaika mila eserlekuek prezio bera dute.

Hiru saioetarako sarrerak urtarril hasieran jartzen dira salgai eta harik ordu gutxi garrenera agortzen dira. Gehienbat internet bidez erosten dira, kanpoko hotza ez omen baita txantxetako gauza neguan.

Entsegu orokorrerako gonbidapenak ematen zaizkie batzorde antolatzaileetako kideei, dantza-maisuei, errefuxiatuei, familia ugariei, elbarriei, ongintzako elkarteei eta abarrei. Etortzeak baieztatu ondoren, salgai jartzen dira ekainaren hasieran gainerako sarrerak, hiru mila inguru. 

Estadiora heltzea erraza gertatzen da gaur. Hiriburuko lau puntu kardinaletatik etortzen diren herri-arropa jantzitako dantzari-samaldetako bati jarraitzea besterik ez dago.

Oraingoan ez gara atez nahasi eta Tiia, alaba Liisi eta beren beste zenbait familiakoekin elkartu gara. Bizpahiru argazki egin ditugu dantzariekin, eta lasterka egin dute alde beren taldeekin biltzera. 

Ordu laurden falta da emanaldia hasteko; beraz, kuxkuxean ibili gara inguruetan barna. 

Ekialdeko tribunaren atzean edari- eta janari-txosnatxoak jarriak dira. 

Mertxandising-postuak du erosle gehien. Aukera zabala dugu: kamisetak, kasketak, ur-botilak, zirak, galtzerdiak, arropa-zorroak, hozkailuko imanak eta abar luze bat. Antza denez, jaialdiaren logoa duten paparreko orratzek dute tira handiena.

Estoniako Museo Nazionalak Rahvarõiva abi postua jarri du dantzarien eskura, herri-arroparako kanpaina-ospitalea edo. Museoko zortzi langilek egiten dute lan hor, besteak beste, Herri Kulturako Informazio Zentroko kontserbatzaileak, zaharberritzaileak eta kuradoreak, eta Herri-Jantzien Eskolako irakasleak.

Botoiak josi eta ordezkatu, zuloak eta urratuak adabatu, zapata- eta abarka-zolak itsatsi, ezpainetako, makillaje edo beste edozein orban desagerrarazi... Mirari txikiak egiteko gai omen dira.

Herri-jantziak behar bezala janzteko aholkuak ere ematen dituzte; adibidez, gerrikoa lotzen, kapela estutzen edo bitxiak finkatzen erakusten dute.  

Sarrerekin batera, teataja bana ere oparitu digu Tiiak. Jaialdiari buruzko informazio orokorra biltzen duen esku-programa da: Estoniako presidentearen eta kultura-ministroaren agurrak, Laulupidu eta Tantsupiduren historia laburra, aurtengo jaialdiaren leimotivaren azalpena eta abar.

Dantza-atalak badakar zuzendari guztien aurkezpena, eta koreografia bakoitzaren xehetasunak: egilea, noiz sortua, zuzendari eszenikoa, musika, parte hartuko duten talde motak eta koreografiaren une jakin batean ikusiko ditugun figuretako baten irudia. 

Gainbegirada bat emanda, zenbait konturi erreparatu diegu: 

Batetik, 33 koreografietatik hamazazpi sortu dira berariaz edizio honetarako, eta hamazazpi horietatik zazpik badute berariaz sortutako musika ere. 

Bestetik, koreografia zaharrena aurreko kronikan aipatu genuen Tuljak famatua izango da, ehun urte pasatxo dituena. Bigarren zaharrena 1968koa da, hirugarren zaharrena 1975koa eta laugarren zaharrena 1995koa. Gainerako hamabiak mende honen lehen laurdenean sortu ziren.

Honek guztiak estoniarrek duten dantzaren tradizioaren kontzeptuaz pentsarazten digu. Baina tira, saioa hastear dago eta hobe dugu gure gogoetak geroratzea.

Estadioan gaudenok ez ezik, beste milaka lagun ere zain daude beren telebisten aurrean jaialdia noiz hasiko, Estoniako telebista kate publikoak zuzenean ematen baitu.

2019an jaialdiaren 150 urteurrena zela eta, zuzeneko musika egon zen aurreko edizioan, baina aurtengoan aldez aurretik grabatutako musikara itzuli da.

Hamaiketan puntuan isiltasuna egin eta lehen akordeak entzuten dira.

Dantza joan, dantza etorri... saiatzen gabiltza antzematen noiz osatuko dituzten dantzariek teatajan agertzen diren irudiak.

Ez dago aspertzeko unerik. Tradizionalago ematen dituzten doinuak modernoagoekin nahasten dira.

Batek atentzioa eman digu bereziki, izugarri gogoraerraza gertatu zaigulako.

Dantzak eta doinuak izen bera dute, Kikkapuu (Basaerramua), baina Ipar Europako beste herrialde batzuetan Cicapo edo Kikapoo izenekin ere dira ezagunak.

Kiiora banda estoniarraren bertsioa erabili dute oraingo honetan; baina, zein da jatorrizkoa? Ba Max Oscheit (1880-1923) musikagile alemaniarraren Picador-Marsch (Pikadorearen martxa).

Hasi eta hiru ordu ingurura, azken dantzara heldu gara. Bat, bi, hiru, lau... 10926. Partaide guztiak belarrera irten, Tuljak dantzatu eta azken eman diote goizeko saio honi. 

Dantzariak bazkaltzera eta atseden hartzera joan dira, arratsaldeko saioa gelditzen baitzaie oraindik. 

Gu Askatasunaren Plazara abiatu gara herri-musikaren kontzertua ikustera. Gauza txikia da Tantsupidurekin alderatuta, baina instrumentistei ere protagonismoa eman nahi zaie, dantza-taldeetan eskas omen baitira.

Beroegi jarraitzen du hain gustoko ditugun bi kofi eskatzeko; beraz, bi garagardo eskatu eta berriketari ekin diogu tabernako parrokianoz inguraturik ikusi berri dugunaren inguruan.

Folkloori terviseks!

Oier Araolaza
Oier Araolaza
2026/06/09 08:36
Zur eta lur naukazue zuek kronikak irakurtzen. Estoniarren gaitasuna harrigarria, baina zuen kronikari dohainak ere parekoak. 10926 dantzariak Tuljak elkarrekin dantzatzen ikustea itzela izan behar da zuzenean. Arrateko zelaiko floridadean "hamaika mila aingeru" aipatzen ditu kantuak, eta orain badakigu estoniarrak direla aingeruok. Guk orain gutxi 300 dantzari koordinatzen eta plazan antolatzen izan ditugun lanak kontuan hartuta 11.000 nire buru-neurritik ateratzen den zerbait da. Bide batez, talde bakoitzak zelaian duen kokapenaren inguruan erreferentziarik edo markarik izaten dute?
Bi kofi
Bi kofi
2026/06/18 15:49
Eskerrik asko Oier!! Emozionantea izaten ari da guretzat bidaia berpiztea/berbizitzea eta idazten dugun heinean kontzeptu berriak eta interesgarriak aurkitzen jarraitzea.

Zure galderari dagokionez. Bai, dantza-espazioa zenbakien eta koloreen koordenatuetan banatzen da, baina garrantzitsuena astean zehar parte-hartzaile guztien entsegu eta bizikidetza astea da.

Laster beste sarrera bat argitaratuko dugu.