Dokumentuaren akzioak
Lea Artibai Ikastetxeak jasoko du Aiko Taldeak Markinan-Xemeinen eskainiko duen dantza ikastaro berria
Markina-Xemeingo Lea Artibai Ikastetxeak, Dantzaldi Ibiltariaren, urritik ekainera AIKO Taldeak Euskal Herriko hainbat lekutan dantza tradizionala zabaltzen laguntzeko, eskaintzen duen dantza ikastaroaren, edizio berria jasoko du datorren asteazkenetik, urriaren 5etik, aurrera. Dantzaren metodologia ezagutzeko eta dantzan ikasiz gozatzeko interesa duten pertsona guztiei zuzenduta, AIKO Taldeak partaidetzan oinarritutako erakusketa tailerrak eskainiko ditu hilabete honetan Lea Artibai eskualdean. Klaseak Ainhoa Odiaga dantza maisu markinarrak eskainiko ditu. Igande honetan, irailaren 25ean, goizeko 11:00etan, Ziortza-Bolibarren (pilotalekua); astelehenean, 26an, Aulestin, 18:00etan (Pilotalekuko psikomotrizitate gelan) eta datorren ostiralean, irailaren 30ean, 19:00etan Munitibarren (Udaletxean).
Horrela, erakusketa tailerren ostean, Dantzaldi Ibiltariaren edizio berria hurrengo asteazkenean, urriaren 5ean, hasiko da, Lea Artibai Ikastetxearen instalazioetan, AIKO Taldearekin sinatutako lankidetzarako akordioaren ostean. Ikastaroa, urritik ekainera bitarteko asteazken guztietan eskainiko da, bi mailatan: 18:00etatik 19:30era lehenengo pausoak eman behar dituztenei egongo dira zuzenduta eta 19:30etik 21:00etara euren teknika hobetu gura duten dantzazaleen txanda izango da. Matrikularen prezioa 160 eurokoa da (110 € Lea Artibai Ikastetxeko ikasle edo langileentzat eta 14 eta 29 urte arteko gazteentzat). Lehen kontaktua izan nahi dutenentzat, eskolak doakoak izango dira urrian, eta ikastaro osorako matrikula horren ondotik egin ahal izango dute. Matrikula www.aikotaldea.eus webgunean edo 634 423 539 telefonora deituz egin daiteke.
Erromeria Lea Artibai Ikastetxean larunbatean, urriaren 8an, Urriko Azokan
Ikastaro berriaren aurkezpen gisa, AIKO Taldeko musikariek eta dantza maisuek erromeria herrikoia eskainiko dute larunbatean, urriaren 8an, eguerdiko 12:00etan, Lea Artibai Ikastetxean bertan, sarrerako plazan, eta Landa Garapenerako Elkarteak antolatzen duen Urriko Azokaren programazioaren barruan. Oso hitzordu berezia izango da AIKOko kideentzat, euren erromerietan beti ahalegintzen direlako antzinako jaien zaporea berreskuratzen, eta hori nagusi izango delako zapatuan Markina-Xemein beteko duen giroan, azoka egun tradizional horretaz gozatzera etorriko diren herritarrei eta bisitariei esker.
Markina-Xemeinez aparte, Dantzaldi Ibiltaria Bilbon (Bizkaia Aretoa, UPV/EHUren paraninfoa), Donostian (Victoria Eugenia Antzokia), Durangon (Plateruena Kafe Antzokia), Galdakaon (Urretako Eskola), Gernikan (San Fidel Ikastola) eta Berastegin (Udaletxea) egingo da.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Aiko Taldea
Dantza tradizionaleko hainbat alor jorratzen duen musikari eta dantza maisu taldea: ikastaroak, argitalpenak, erromeriak...