Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aiko Taldea AIKO Taldeak dantzan jarriko du Basque Fest, martxoaren 31n eta apirilaren 1ean izango diren erromeriekin

Dokumentuaren akzioak

AIKO Taldeak dantzan jarriko du Basque Fest, martxoaren 31n eta apirilaren 1ean izango diren erromeriekin

2018/03/15 14:20

AIKO Taldeak (www.aikotaldea.eus), musika eta dantza tradizionalaren hedapenean eta zabalkuntzan lan egiten duen musikari eta dantza maisu kolektiboak bi parte hartze izango ditu aurten Basque Fest jaialdian, euskal kultura eskainiz Bilboko Aste Santua jarduerez beteko duen hitzorduan. AIKO Taldeak bi erromeria eskainiko ditu Bizkaiko hiriburuko beste bi leku enblematikotan, Plaza Barrian eta Artxanda mendian. Bilbotarrek eta bisitariek giro dibertigarrian eta alaian dantza eginez gozatu ahal izango dute. Horretarako behar den gauza bakarra gogoa izatea eta dantzan egitea da. Sabin Bikandi (txistua eta danbolina), Álvaro García (gitarra), Amaiur Cajaraville (kontrabaxua) eta Txus Aranburu (akordeoia) musikariek eta Patxi Laborda dantza maisuak bertaratutako guztiak alaituko dituzte, dantza egiteko musika errepertorio zabalarekin. Ez dira faltako jauziak, jotak, porruak, mazurkak, pasodobleak, balsak, tangoak, eta abar luzea.

AIKOren bi erromeriak Basque Fest jaialdiaren barruan daude. Kultura, turismo eta gastronomia arloko ekimen handi horrek tradizioa eta modernotasuna, egungo Bilboren nortasun zeinu biak, uztartuko ditu, euskal kulturaren ikuspegi zabala eskainiz Aste Santua gure Hiria ezagutzeko baliatzen duten bisitari ugariei.

Lehenengo hitzordua martxoaren 31ko, zapatuko, arratsaldean izango da, Plaza Barrian, Bilboko Alde Zaharraren bihotzean. Arratsaldeko 18:30etik aurrera egingo den dantzaldian, AIKO Taldeko musikariek notak jarriko dituzte eta dantza maisuek, pausoak ematera eta musikaren erritmora mugitzera ausartzen diren pertsona guztien, bertakoen edo turisten, dantza gidatuko dute. AIKO Taldeak dantza bizitzeko duen pasioak animatuko du, AIKOren ekimen guztiak bezala, erromeria mundu guztiarentzat zabalik egongo da.

Artxanda mendiak beste erromeria bat jasoko du, domekan, apirilaren 1ean, eguerdiko 12:00etatik 14:00etara. Aire librean eta Artxandako begiratokiak eskaintzen dituen ikuspegi bikainez gozatuz, AIKO Taldearen dantza saioak plan bikaina eskaintzen du domekarako: musika eta dantza ingurune naturalean eta ezinbesteko bisita bertaraino Artxandako funikularraren bitartez hel daitezkeen turistentzat. Gainera, Erromeria horretan, Bizkaiko Gaiteroak elkarteak ‘Lizarrako larrain dantzan’ parte hartzera animatuko du jende guztia.

Erromeriei esker, Aste Santuan Bilbora datozen bisitari ugariek euskal dantza ezagunen lehenengo pausoak ikasi ahal izango dituzte eta parte hartze aktiboa izango dute. Horren guztiaren helburua, gure kulturara hurbiltzea eta horren berri ematea da, ahalik eta modurik hoberenean: esperimentatuz.

AIKO taldea, dantza tradizionala pasioz bizi duten musikariz eta dantza maisuz osatutako kolektiboa da, eta hamar urte baino gehiago daramatza dantzaren hedapenean lanean, mota guztietako jardueren bidez: interpretatuz, dantza eginez, irakatsiz, grabatuz, ikertuz… Lan horietan guztietan BBK Fundazioaren lankidetza du.

  • Alde Zaharraren bihotzean dagoen Plaza Barriak hartuko du lehenengo erromeria martxoaren 31ko, zapatuko, arratsaldean (18:30ean) eta Artxanda luxuzko agertokia izango da bigarrenerako, apirilaren 1ean, domekan, eguerdiko 12:00etan

 

  • AIKO Taldeak bere musikarekin eta dantzarekin alaituko du Basque Fest jaialdia, tradizioa eta modernotasuna uztartzen dituen eta Aste Santuan Bilbora datozen turista ugariei euskal kulturaren ikuspegi osoa eskaintzen dien hitzordua

 

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Aiko Taldea

Aiko Taldea

Dantza tradizionaleko hainbat alor jorratzen duen musikari eta dantza maisu taldea: ikastaroak, argitalpenak, erromeriak...