Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Marisa Barrena Durangoko Aratusteak 2023

Dokumentuaren akzioak

Durangoko Aratusteak 2023

2023/02/18 10:25
Durangoko Aratusteak 2023

Surrandi konpartsa eta hartza

Surrandien konpartsaren 23. edizioa 

2000 urtean irten ginen lehenengo aldiz Kriskitin Dantza Taldeko dantzari eta laguntzaileok Surrandien konpartsan, txistulari eta trikitilarien musika hotsean. Urduritasuna eta ilusioa ziren nagusi gure inguruan. Aspaldiko ohitura bat berreskuratzen ari ginen, kaleratzen, Jon Irazabalek idatziko lerroetatik abiatuta. 

Harrezkero, pandemiak eragotzi zigun 2021. urtean izan ezik, ez dugu hutsik egin. Urtero irten gara. Aurten 23 aldia izango da, urduritasun gutxiago, baina lehenengo urteko ilusio berbera dugu. Gainera, urterik urtera gure konpartsa hazten, handitzen, errotzen doa. Gero eta ezagunagoak dira Surrandiak Durangon. 

Urteokaz, lehen edizio hartan antzeman genituen gabeziak hornitzen joan gara. Gerra aurreko Surrandien konpartsaren musikarik ez zegoenez, herriko musikagile biri enkargatu genizkien doinuak. Eskatu eta egin. Jesus Egiguren eta Ander Ertzillak sortutako musika hotsean irten ginen 2001ean, hitzak berriz, Ixone Aromak eta Unai Iturriagak jarri zituzten. Urtebete beranduago Ane Belaustegik ere sortu zituen musika eta letra konpartsarako. Hartza ere gehitu genuen. 

Egia esan, ez da erraza mundu globalizatu honetan antzinako ohiturak berreskuratzea eta geure egitea, baina ekinaren puruz, utopiak errealitate egitea lor daiteke, beti ere, txiri-txiri, auzolanean edo taldelanean arrakalak konpontzen saiatuz. 

Zorionez, parte hartzaileei dagokienez, dantza taldetik haratago, herriko ikastola, ikastetxe eta euskaltegietara ere heldu da Surrandien deiadarra. Kareta edo maskarak egiten aritu dira han-hor-hemen. Kantak ere ikasi dituzten zenbait tokitan. Surrandiak aurten ETBn ere agertu dira eta Wikipedian ere badaude. Heldutasunera iristen ari diren seinale? Geroak esan beza…

Aurton behintzat, Zapatu Karnabalez irtengo gara. Pozarren. Herritar oro dago gonbidatua kalejirara, ikustera, dantzatzera, abestera, puxikak astintzera. Gurekin izango dira Jaizale Txistulari Taldeko partaideak eta Tabira Musika Bandako musikariak ere. 

Prest ditugu maskara edo karetak, arranak, abarkak, hartza...gogotsu gaude! 

       Surrandi, Surrandi, kalean gora (e)ta behera

       Surrandi, Surrandi gaur Durangon nagusi

 

 

 

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Marisa Barrena

Marisa Barrena