Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Marisa Barrena Durangoko Aratusteak

Dokumentuaren akzioak

Durangoko Aratusteak

2018/02/12 00:45
Durangoko Aratusteak

Surrandien konpartsa

Euriari aurre eginez kalerik-kale ibili gara zapatu karnabalez Durangoko Surrandi Goiztiarrak. Eguerdiko 12etan irten eta Alde Zaharreko kaleetan dantzan, iji eta aja, Trikitixa eta Pandero eskoletako musikariekin. Arran hotsa ere ez da falta izan.  

Arratsaldeko 6etan berriz, Surrandi konpartsa osoa bildu gara Merkatu Plazan. Txokolate beroa hartu ostean puxikak banatu, eta talde argazkia egin ondoren, Jaizaleko txistulariekin batera kalera irten gara, hartz eta guzti. Egigurenek, Ertzillak eta Belaustegik sortutako musika hotsean. Kalejiran puxikak gogoz astindu ostean, Andramariko Elizpean izan ditugu zain Tabira bandako musikariak, urteroko bidelagunak. Ohiko orduan, iluntzeko zortziretan, eman diogu ekitaldiari amaiera.                                 

Herri urbano eta globalizatu honetan ez da erraza aspaldiko tradizioei eustea. Halere, 2000. urtean gogor heldu genion, Durangoko Aratusteetako aipamenetan agertzen den XVII. mendeko Surrandi Konpartsa berreskuratzeari, gerrak moztu eta gerrostean debekatuta egon zen geure karnabala indarberritzeari.  

Harrezkero, hutsik egin barik irten gara kalera. Urterik urtera partaideak gehitzen ari dira. Konpartsa gorpuzten ari da. Aurton 19 urte bete ditu Surrandien Konpartsak. Gazte eta osasuntsu aurkitzen da. 20. ediziorako hitzordua ere jarri dugu, dantzarako eta kanturako prest.               

           Surrandi, surrandi, kalean gora eta behera

           Surrandi, surrandi gaur Durangon nagusi

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Marisa Barrena

Marisa Barrena