Eibarko Ezpalak 2016 jaialdiaren kronika: Ezpaten aho eta ahotsak

2016/10/26
Eibarko Ezpalak 2016 jaialdiaren kronika: Ezpaten aho eta ahotsak
Hitzak bihurtzen omen gaitu gizaki, baina gizatalde bakoitzak bere hizkuntza eta bere hizkera darabiltza ahoan. Antzera suertatzen da ezpaten aho eta ahotsekin ezpata-dantzen lurretan: bakoitzak bere dantzaera dauka, baina ezpata-dantzek "senidetu" egiten gaituzte ezpata-dantzariok. Bi zentzutan hori:

a.- bata, hilt and point (heldulekua eta punta) erako ezpata-dantzak batak heldulekutik eutsi eta ezpata-punta aurreko dantzariari emanda, eta beste eskuan bere atzekoak luzatzen dionari helduta erabat lotuta gelditzen direlako, soka batean lotuta. 

San Bartolome de la Torre (Huelva), ezpata-dantzariak, Eibarko Ezpalak jaialdian, 2016-05-29. Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan.eus CC BY-SA

b.- Bigarren esanahia Ezpalak dantza tradizionalaren jaialdiaren izpirituak gordetzen duena da: aurten ezpata-dantzen bitartez eta aurreko urte guztietan erabili izan ditugun beste gai edo tresnen bidez, elkar ezagutu ondoren, nolabait senidetuta gelditu diren hainbat tradizio dugu. Esan ohi da gizakia den printzeak bere herritarrak ezagutu behar lituzkeela; ezagutzak antzeko trazak nahiz elkarrengandiko aldeak erakutsi behar lituzke, eta helburu horretarako Ezpalak jaialdia plaza ireki eta egokia da, dudarik gabe. 
Argazkia: Iñaki Zugasti - dantzan.eus CC BY-SA

Ezpalak jaialdia bere 11. ediziora iritsi da aurten. Aurren-aurreneko urtean, 2006an, ez gaurko ez beste izenik ez zeukalarik artean, ezpata-dantzei eskaini zitzaien. Jaialdiak zoragarri funtzionatu zuen, baina halabeharrez ezpata-dantza asko gelditu behar izan ziren gure egitarau xumetik kanpora. Beharbada, hemendik urte batzuetara berriz, genion. Aurten izan da eta ez da izan, ikusiko dugun moduan urtea. 

Eibarko Klub Deportiboak antolatu duen LI Euskal Jaiaren barruan, Ezpalak jaialdia maiatzaren 29an, igandearekin, burutu da. Egitarauak eguerdiko 12:00tan jaialdian parte hartzen zuten taldeen kalejira zehazten zuen, Urkizuko plazatik Untzagarainokora. Urtero bezalaxe, aparteko giroa ekarri zuen kalejirak, dantza-taldeetako musikariez gain, Trintxerpeko dultzaineroek, Urolaldeko joaldunek eta Eibarko hainbat eta hainbat trikitilarik girotuta.

Argazkia: Iñaki Zugasti - dantzan.eus CC BY-SA

Argazkia: Iñaki Zugasti - dantzan.eus CC BY-SA

Untzagako plazara iritsi eta, banaka-banaka, segizioan izandako talde guztiek aurkeztu zioten norbere burua beste behin harmailak bete-bete eginda zeukan Eibarko ikusle fidelari. Ordura arte iragarrita zegoen eguraldi eskasak mehatxu baino ez zuen egiten, eta antolatzaileek, jaialdiak plaza betean hartzen duen distiraren aurrean, arriskua hartu eta bertan jarraitzea erabakia zuten. 

Argazkia: Felipe Loiola - dantzan.eus CC BY-SA

Argazkia: Felipe Loiola - dantzan.eus CC BY-SA

Argazkia: Iñaki Zugasti - dantzan.eus CC BY-SA

Dantzan egin zuen aurreneko taldea Eibarko Kezka izan zen. Kezkako parte-hartzaile guzti-guztiek, gazteenetatik nagusienetaraino, euren koreografiak aurkeztu zituzten. Denek ere ezpata-dantzen generoa definitzeko balio duen egiturari eta ezaugarriari jarraituta, hots, dantzari guztiak lotzen direla ezpaten bidez (gorago azaldu dugu: esku baten atzeko dantzariak luzatzen digun ezpataren puntari heldu, eta beste eskuan heldulekutik oratu eta aurrekoari eskaintzen zaio beste ezpata baten punta). 

Argazkia: Iñaki Zugasti - dantzan.eus CC BY-SA

Ezpaten ordez, halere, makilek ere balio dezakete (Debako nahiz Lesakako ezpata-dantzetan ikus daitekeen legez, nahiz erratzak ere bai, Beasaingo neskatilei orain dela urteak ikasi genien eran).

Argazkia: Iñaki Zugasti -dantzan.eus CC BY-SA

Talde guztiek burutu zituzten euren mudantzak (parrila edo larrosa ikusgarriak ahaztu gabe), eta izan genituen beranduago aritzekoak ziren Inglaterrako rapper danzarien dantzekin ausartu ziren gazteak. Detaile berri eta polita izan zen, dudarik gabe.

Argazkia: Iñaki Zugasti -dantzan.eus CC BY-SA

Bigarren taldea Nafarroako Berako Gure Txokoa izan zen. Lainoak gero eta sendoago eta ilunago nagusituz doaz. Beran bordoi-dantza egiten dute, hau da, ezpata dantzen generoko dantza, egitura berdintsuarekin, baina bordoi edo pordoiren bidez lotzen dira dantzariak. 

Argazkia: Felipe Loiola - dantzan.eus CC BY-SA
San Esteban egunean (abuztuaren 3an) egiten dute bordoi-dantza Beran, eta bordon-dantza ez ezik, baita makila-dantza sorta ederra ere bai. Eibarko emanaldia makila-dantzatik ekin diote, eta hainbat aldaira eskaini digute. Eta makila-dantzaren amaierarekin batera, aurreneko euri-tantak bota ditu, ai! Arin baten bordon-dantzari ekin diote eta, euripean bada ere, errematatzeko borondatea izan dute beratarrek. Eskertzen diegu! Baina hortik aurrera...
Argazkia: Felipe Loiola - dantzan.eus CC BY-SA

Argazkia: Felipe Loiola - dantzan.eus CC BY-SA
Hortik aurrera, ulergarria denez, ikusleek alde egin dute Untzagako harmailetatik. Jaialdiari buruz, erabaki eta iragarri da ahal duten dantza-taldeek euren erakustaldia musikariek jotzen ari diren oholtza handi samar eta estalian egingo dutela. Euria gogor ari du kanpoan. Ikusle asko Untzagako dorrearen azpiko arkupeetan babestu dira, oholtzatik 50 metrora. Gutxi batzuek aterkia hartu eta hurreratu dira, baina gutxitxo dira. Ai! Ez, ez da berdin! Halere, jaialdiak aurrera jarraitzen du.
Argazkia: Josu Garate - dantzan.eus CC BY-SA

Oholtza gainera Huelva probintziako San Bartolome de la Torre herriko dantzariak igo dira. Gure jaialdira Andaluziatik datorren estraineko taldea da, eta bezpera egunean Iruñean ikusi dugunez, ez gara erratu. Euskal Herrikoen aldean, desberdina da, baina Euskal Herrikoak bezain irmoa, solemnea, dotorea. Lerro baten bederatzi danzaor-ez osatutako taldea da, artean aurretik buruzagiaren, buruaren funtzioa betetzen duen dantza-maisua eta atzen-atzenean rabeador (dantza-buztana), libreago aritzeko baimena izan eta erabiltzen duen dantzaria dituela.

Argazkia: Josu Garate - dantzan.eus CC BY-SA

Dantza San Bartolome (abuztuaren 24an) eta San Sebastian (urtarrilaren 20an) egunetako prozesioetan ateratzen dute herrian, eta bere nortasuna musika tokeak gaitak (txirulak) eta danborren hots izugarri indartsuak, dantzarien seriotasun eta zehaztasunak eta darabilten jantzi nobleek azpimarratzen dute. 

Hainbat figura edo mudantza eskaini digute oholtzatik kanpoko aldera euria bota ahalean ari duen bitartean. Une berezia izan da.

Argazkia: Felipe Loiola - dantzan.eus CC BY-SA

Andaluziatik Irrintzi dantza taldea ikustearren Zumarragara itzuli gara. Santa Isabel egunean, uztailaren 2an, Antioko ermitan irudikatu dugu geure burua, eta Antxianko Ama txistulari-banda ederrak lagunduta, bertako soka-dantza eta ezpata-dantza ederrak ikusi ditugu, neurri baten ermita traza ere badaukan gure oholtza gainean. 

Argazkia: Felipe Loiola - dantzan.eus CC BY-SA
Argazkia: Iñaki Zugasti - dantzan.eus CC BY-SA
Orain arte ez dugu aipatu, baina bai Eibarko, bai Berako, bai Zumarragako, bai gero jardutekoa zen Iruñeko Duguna taldeetan, orain urte batzuek arte mutilek bakarrik betetzen zituzten dantzari-postuetara neskak ere igaro dira, eta pozgarria da geroa orain arte bezalakoa edo lehena bezain oparoa izan dezaketela dantza-protokolo hauek. 

Argazkia: Josu Garate - dantzan.eus CC BY-SA

Azkenaurreko Ingalaterrako Newcastle hiriko Kingsmen ezpata-dantza taldea izan dugu Ezpalak jaialdian. Talde hau Ingalaterrako ipar-ekialdeko rapper erako ezpata-dantzetan ezpezialdua dago. Rapper “ezpata” hauek motzak, malguak eta heldulekua eta punta izan beharrean, bi helduleku dituzte,  eta dantzariak bi heldulekuetatik oratuta lotzen dira batzuek beste batzuekin.
Argazkia: Iñaki Zugasti - dantzan.eus CC BY-SA

Bost edo sei lagunez osaturiko taldeak dira rapper-dantzarienak, eta ospakizun edo jai alaitsuen testuingurua dute berezkoena; sarri, tabernaz tabernakoa. 

Hain talde txikia izaki, Untzagako plazako oholtza gainean egoki aritu ziren, arrabita, soinu txiki eta bandoneoi are eta txikiago baten musikapean.

Argazkia: Felipe Loiola - dantzan.eus CC BY-SA
 Rapper dantzen erritmoa bizi-bizia da, eta etengabeko korapilatze eta askatze prozesu baten inguruan aritzen dira, modu ezjakin baten esatearren. Ezpatekin osatutako izarrak, akrobaziak eta txiribueltak ere ez dira falta izaten. 

Argazkia: Felipe Loiola - dantzan.eus CC BY-SA
Halere, ezpata-luzeen tradizioa ere ezagutzen dute Ingalaterran eta, seinale gisa, mock combat motatako ezpata luzeak hartuta ekin zioten euren emanaldiari. Beharbada, ez da gehiegi izango jaialdiko ezpata-dantza guztien arteko desberdinena Kingsmen taldearenak izan zirela.

Jaialdiko azken emanaldia jaialdia antolatzen duten bi taldeen emankizun komuna zen izatekoa: Iruñeko Duguna eta Eibarko Kezka taldeek eta “Aunitz Urtez” ezpata-dantza. Juan Antonio Urbeltzen gidaritzapean antolatutako koreografia ederra da, Iruñeko San Fermin Aldapako eta Eibarko Arrateko Amaren ezpata-dantzak hartzen dituena bere barruan. Handiegia suertatzen da, ostera, gure oholtza gainean sartzeko baino, eta ezin izan zen emanaldian dastatu. Dena dela, jaialdian bertan adierazi zen beste baten dantzatu ahal izateko nahia, eta eguna hilabete baino lehenago etorri zen.

Eibarko San Juan jaien barruan, San Juan eguneko gauean (ekainaren 24an) soka-dantza atera ohi du Kezka dantza-taldeak. Bada, aurtengo soka-dantzak sarrera ikusgarria izan du: lehen zorretan gelditu zitzaigun Aunitz Urtez ezpata-dantza. Hantxe ikusi genituen bandera arboltzen, bi buruzagi parrilla gainetan dantzan eta zortzi bakarlari, zortzi izar ederren parekoak. Denak Iruñeko musikari bandak gidatuta.
Argazkia: Felipe Loiola - dantzan.eus CC BY-SA

 

Argazkia: Aunitz Urtez ezpata dantza Iruñean (Ezpalak, 2016). Argazkia: Josu Garate - dantzan.eus CC BY-SA

 

Argazkia: Felipe Loiola - dantzan.eus CC BY-SA

Eskerrak eman nahi dizkiegu Iruñeko lagunei gure proposamena hain prestu eta hain gogotsu onartzearren. Urte askotarako!        

Etor dakizkigula Ezpalak edizio berriak! Beharbada ezpata-dantzen beste edizioren bat ere ikusteko gaude hemendik urte batzuetara, nork daki. Ezpata-dantzen generoa loraldi berri bat ari da ezagutzen Euskal Herria, eta mundu zabalean asko dugu ikusteko. Gure egunotan eta gurean behintzat aniztasuna osagarritasunaren sinonimo izan dadin. 

Hona hemen Josu Garate, Iñaki Zugasti eta Felipe Loiolak egindako argazki gehiago:

Ezpalak 2016