Dokumentuaren akzioak
Amets Bidek, 50. urteurrenean ametsetako bat bete zuen
Goizeko eguzki printzek, gure barneko urduritasun eta tximeletak goxatuz hasi zen eguna. Horren urruti ikusten genuen baina konturatzerako iritsi zen eguna: Ordiziako Amets bide dantza taldearen 50. Urteurrenaren ospakizuna.
Ordizian 500 dantzari baino gehiago guztiok batera dantzan, bisitari ditugun dantzariekin batera.
Zaila da hitzekin azaltzea momentu horretan bizitakoa…Denok konpartituko genituen sentimendu ugari…Urduritasun pixka bat, konfundituko ote garen kezka, horrenbeste jende begira (amona, aittona, lagunak, bikoteak, ilobak, birramona edota biloba, kuadrilakoak, familiakoak…), dena ondo aterako ote zen, zenbat kamara eta argazki…
Baina guzti horren gainetik, poza, herria dantzan jarri genuen, satisfakzioa, ensaio guztiek merezi izan dute, primeran dantzatu genuen eta are gehiago, dantzan disfrutatu genuen… 50. Urteurreneko egun gogoangarri hau zurekin konpartitu genuen: bai, zurekin…
Dantza gustuko duzunarekin, ikasketak aurrera atera eta dantza taldeko irakasle lanak baztertu ez dituzunarekin, txistu zein musika jo diguzuenokin, erromeriak egin ditugunean dantzara hurbildu zaretenokin, dantzari eguna antolatzen lagundu diguzuenokin (pankarta jarri duzunarekin, bokatak prestatzen aritu zarenarekin, mahai eta aulkiak jartzen zein paella prestatzen ibili zarenarekin), dantzarako harra sortu eta ikastarora animatu zareten guztiokin, seme alabei euskal kultura transmititzeko dantza taldera apuntatu duzuenokin, jantzi eta diru kontuekin mareatu zaretenokin, herriko tradizioaren alde lanean ari zaretenokin, emanaldietan txalotu gaituzuenokin…zuekin, guztiokin.
Dantzarion eguna zen eta dantzan jarraituko genuen erromeria amaitu bitarte.
Besarkadak banatuz, Izaro Intsausti, Amets Bideko zuzendaria.
Guztiak gogoratu nahi eta baten bat ahazteko arriskua izaten denez beti, ez naiz izenak esatera ausartuko. Baina zuri eskerrak eman nahi dizkizut. Atzoko eguna ahaztezina izan dadin lagundu zenuen horri.
Haur, gazte eta heldu, guztiok batera dantzan ikusteak sortzen didan zirrara, hitz hauek irakurtzen dituen ororekin konpartitu nahi nuke.
Doinu batek sor dezakeen hunkidura zure begietan islaturik ikustea, dantzariei begira zure ahoan irrifarra marraztuta ikustea, urratsak ondo markatzeko ahalegina antzematea, taldekideekin horrenbeste urteren ondoren berriz dantzatzeak sortzen duen ilusioa, dantzari hasiberriei dantzak ikasteko duten harra eta gogoa piztea, transmisioak duen garrantziaz jabetzea, gure kulturan dantzak duen pisuari balorea ematea…
Ohore bat da dantzan bizitzea eta hala jarraituko dugu gure bidean…”Amets bide”ren bidean alegia.
Ametsen bide luze honetan, aurrera goaz eta atzo beste amets bat egi bihurtu genuen.
Zuengatik eta zuentzat,
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Amets Bide
Ordiziako Amets Bide dantza taldea 1964. urtean sortua. 5 urteko dantzari txikietatik hasi eta taldeko beteranoetaraino, talde anitza eta zabala. Zer daukagu amankomunean? Dantzarako gogo eta griña. Aurten gure 50. urteurrena ospatzen ari garen honetan, guztion gonbidatuta zaudete antolatuko ditugun ekintzetara.