Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Zortzikoa soilik dantzatzen dut mozorrotuz gero, bestela ez»

Dokumentuaren akzioak

«Zortzikoa soilik dantzatzen dut mozorrotuz gero, bestela ez»

Maria Pilar Urriza. Irakasle erretiratua

Lantzeko herritarra ez ezik, irakaslea ere izan zen 1992an eskola itxi zuten arte. Aldaketa handiak ikusi ditu hezkuntza ereduan, eta baita haurrengan ere. Herriko inauterien bilakaera ere gertutik ezagutu du, bera izan baitzen txatxoz mozorrotu zen lehenbiziko emakumeetariko bat.
Egilea
Iker Tubia
Komunikabidea
Berria
Mota
Elkarrizketa
Data
2018/06/24
Lotura
Berria
Gezurretakoak izanagatik ere, Miel Otxin eta Ziripot dira Lantzeko pertsonaiarik ezagunenak, seguruenik. Badira kanpoan ezagunak ez izan arren herrian bertan horiek bezain famatuak direnak. Horien artean dago Maria Pilar Urriza (Lantz, Nafarroa, 1942), eskola itxi zuten arte bertako irakasle izan zelako eta, bestela ere, zortzikoa egungo gazte anitzi irakatsi dielako. 2003an hartu zuen erretiroa; orain, bi pasio horiez, hezkuntzaz eta inauteriez, mintzatu da bere etxeko egongelan. Hari so dago bere itxura duen panpina bat, arbela eta guzi.

Asko aldatu da Lantz urte hauetan?

Bai, asko garatu da herriko bizitza, toki guzietan bezala. Hemen jende asko soilik abeltzaintzan aritzen zen, baina kanpoko enpresetara joan ziren lanera. Beste batzuk bietan aritu dira, eta bada abeltzaintzan jarraitu duenik. Dena aldatu da: etxeak konpondu dituzte, kaleak hobetu, jendea autoetan mugi daiteke... Lehen, autobus bat genuen, zortzietan Iruñera joaten zena; bidean herri guzietan gelditzen zen. Oso noizean behin joaten ginen Iruñera, zerbait erosi behar bagenuen. Autobusean muntatzen ziren emakumeek saski handiak eramaten zituzten arrautzekin, oilaskoekin, oiloekin... saltzeko gauzekin. Iruñean zerga ordaintzen zuten horregatik. Hori, dagoeneko, aldatu da erabat.

Orain jende gutxiago bizi da?

Askoz ere gutxiago, bai. 300 biztanletik gora izan ditugu herrian, eta, orain, 151 gara. Baina azken boladan jende gazte asko etorri da hemen bizitzera, eta oso kontent daude. Gainera, gazte asko egonda, haur asko daude; beraz, herrian oso kontent gaude. 1992an, eskola itxi zen, bost haur baizik ez zirelako geratzen. Gaur egun, ia 40 haur dira; aldaketa handia da.

Eskola berriz irekiko da?

Ez. Guraso batzuk saiatu ziren eskola berriz irekitzen, baina oso zaila da, gaur egun ez delako aski irakasle bakarrarekin ikasturte guziak emateko; irakasgai batzuetan espezialistak behar dira. Kontuan izan behar da hau denbora baterako izan daitekeela, eta hemendik urte batzuetara berriz ere aldaketa handi bat izatea. Gainera, gastua eginda dago Larraintzarko kontzentrazio eskolan, autobusak antolaturik, jantokia ere bai... han denetarik dute hezkuntzak egun dituen beharretarako.

Nola hasi zinen irakasle?

Anue ibarreko herri txiki batean hasi nintzen, Aritzun. Han, aldi baterako aritu nintzen urte batez. Iruñean, ikasketetan praktika batzuk egin genituen, baina soilik hiruhileko bateko aste bat edo; lehen, praktika gutxiago genituen, eta orain, gainera, jarraian dira. Bada, Aritzura ailegatzean, nekienetik abiatu nintzen, haurrei transmititu nahian. Egia da liburuetan oinarritzen nintzela, ministeriotik agintzen zuten materia eman behar zelako. Baina hasi nintzenetik asko-asko aldatu da.

Hezkuntza bakarrik, edo haurrak ere bai?

Haurrak ere bai. Ni hasi nintzenean irakaslea figura oso garrantzitsutzat zuten haurrek ere, erabateko errespetua zioten. Beti baziren bihurriagoak ziren haurrak, normala da, haurrek mugitu beharra dute, baina, gaur egun, esanen nuke haurrei gehiegi onartzen zaiela. Gauza bat da irakaslearen eta ikasleen artean gertutasun handia egotea, konfiantza egotea, baina beste gauza bat da irakaslearen gainetik jarri nahi izatea edo errespeturik ez izatea. Niri ez zait gertatu hori, baina badakit askori hori gertatzen zaiela, batik bat ikasleen adin batetik aurrera.

Beti eskola txikietan ibili zara?

Ez, ez. Oposizioa eginda, beste herri batera pasatu nintzen. Han, lau urte eman nituen, baina haur gehiagorik ez zen, eta itxi behar izan zuten. Beraz, hona etorri nintzen, eta hemen 25 urte eman nituen. Hemen gauza bera gertatu zen: bost haur nituen, eta hurrengo ikasturtean hiru geratu behar ziren; beraz, ez zegoen itxi beste aukerarik. Orduan, Iruñera joan nintzen.

Nola bizi ditu irakasle batek eskolen itxierak?

Pena handia ematen du, baina argi dago ez dagoela beste aukerarik. Beraz, egoerara egokitu behar zara. Ni aise egokitu nintzen. Aurretik ere ikusten nuen biztanleria ez zela hazten, eta, haurrik ez bada, ez da eskolarik.

Aldaketa handia izan zen, ezta?

Niretzat erosoagoa izan zen. Hemen, irakasle lanaz gainera, zuzendaritza lana ere egin behar nuen, lan guziak egin behar nituen. Iruñean, lankideak nituen, zuzendaria, nire mailakoak... soilik nire mailakoetan jarri behar nuen arreta; beraz, errazagoa zen. Eskolak prestatzeko ere errazago, Lantzen maila guzietako ikasleei irakatsi behar izaten nielako. Han lan intentsoagoa nuen, eta hori, orain, ahotsean antzematen zait. Bai, nire eztarriak asko sufritu du. Dena den, eskola batuak badu alde on bat: haurrek hurrengo ikasturtean aditzen dute dagoeneko egin dutena. Ordutegiak ere ez dira hain zehatzak. Matematikari eskain niezaiokeen denbora gehiago ikasleek hala behar bazuten.

Haurrekin duzuen harremana ere ezberdina da herri txikietan edo eskola handietan?

Baita ere. Herrian, atsedenaldian haurrak etxera joaten ziren hamaiketakoa hartzera, eta karrikan jostatzen ziren. Pixka bat zaindu beharra zegoen, baina ez zen auto askorik ibiltzen. Gorputz heziketa ere karrikan egiten genuen, eta askotan landara joaten ginen, batik bat udaberrian, landareak eta animaliak ezagutzeko. Hirian hori ezin da egin. Egia esan, herrian lan egitea asko maite nuen, gauza asko genituen eskura. Noski, alde txarrik ere bazen. Nik ez nekien ingelesa; beraz, ezin nien irakatsi. Frantsesa bai, baina, guzien artean soilik biri irakasten ahal nienez, ba, ezin zen ongi irakatsi.

Hezkuntzak zuri zer eman dizu?

Oso zoriontsu izan naiz, eta asko maite dut lanbide hau. Izan ere, hasieran, karrera ikasten duzunean, ez dakizu gustatuko zaizunetz. Nire irakasleak nola lan egiten zuen maite nuen. Gero, hasi nintzen, eta gustatu zitzaidan, gainera; haurrekin oso gustura aritu naiz. Bada jendea uste duena irakasleek jarrera zehatz bat izan behar zutela, baina ni beti oso alaia izan naiz, musika eta dantza asko maite izan dut, jendearekin mintzatzea ere bai; beraz, ni beti izan naiz naizen modukoa. Hemengo irakasle izateagatik ez nuen bestela jokatu behar.

Lantzeko zortzikoa ere irakatsi diezu askori eskolan. Nola ikasi zenuen?

Nagusiei begira ikasi nuen, gaztetan. Dantzan ikusten nituenean, gustatzen zitzaidan, eta nagusien artean baziren oso ongi dantzatzen zutenak. Navarra las cuatro estaciones [Nafarroa lau urtaroak] dokumentalean ongi ikusten da, bukaeran: zaharrak kaleko jantzita ageri dira dantzan. Itxura, mugimendu eta jarrera diferentea dute oraingoarekin alderatuta. Nik neuk ere, nahiz eta hori dantzatu, jarrera hori ez dut. Urratsak eginen ditut, erritmoa jarraitu, baina haiek bazuten erritmo edo gauza berezi bat.

Inauteriak debekaturik izan ziren 36ko gerraren ondoren. Erabat desagertu ziren?

Inauteriak 1964an hasi ziren. Hala ere, beti ospatu ditugu inauteriak igande, astelehen eta asteartean. Gizonek bazkariak eta puska biltzeak egiten zituzten etxerik etxe. Txistorra, xingarra eta arrautzak ematen zizkieten, ostatuan bazkariak eta afariak egiteko. Merenduak etxerik etxe egiten zituzten. Orduan, emakumeek ez zuten parte hartzen otorduetan. Guretzat dantzaldia akordeoilariarekin, eta haiek jan eta jan. Gerora, etxez etxe lau-bost laguneko kuadrilletan joatearena kendu zuten, oraingo inauteriarekin hasi ginenean jende anitz etortzen zelako. Bazkariak mantendu zituzten, eta hasi ziren txistuarekin eskean joaten, baina talde bakarrean; orain etxeetan sartzen dira 40 inguru batera. Buelta horren ondoren mozorrotzen dira, eta, batzuk oso kontent daudenez, ba, berandu ateratzen dira beti.

Frankismoan ez ziren mozorrotzen, beraz?

Ni txikia nintzenean, mutilak tapatu egiten ziren, maindireekin bada ere; lasterka ateratzen ziren kalera, eta gure atzetik ibiltzen ziren. Ni behin etxe bateko eskailera batean gora harrapatu ninduen mozorro batek, eta esan zidan: «Ez zaitez beldurtu, ez zaitez ikaratu, 'ez dakit nor' naiz». Noski, estalirik heldu ziren, ba, beldurra ematen ziguten! 10 urte nituen! Dena den, esaten zutenean: «Guardiak heldu dira!», orduan denak ezkutatzen ziren. Hemen beti saiatu dira beztitzen. Miel Otxin ez zuten egiten, noski, hori asko ikusten da, baina beztitzen ziren, bai. Baina, guardiak etortzen baziren, mozorroa kendu behar zuten.

Nola gogoratzen duzu barojatarren bisita?

Ni ez nintzen hemen, kanpoan egiten nuen lan; beraz, ezin izan nintzen grabazioan egon, ez nuelako bestarik.

Herrian nola bizi izan zenuten?

Herrian denetariko jarrerak izan ziren. Zaharrek alde batetik jotzen zuten; gazteek, bestetik. Hori grabatzeko zaharrei eskatu zieten gauzak ongi nola egin erakusteko, gazteek ordura arte ez zutelako inauteri hori egin. Horretaz aparte, zerbait nahi zuten ordainetan; beraz, lehenbiziko bi urteetan dirua eman zieten inauterietako bazkarietarako. Lehenbiziko urtean esanen nuke barojatarrek ordaindu zutela, eta hurrengo urtean Nafarroako Gobernuak.

Lehengo inauteriari fidel jarraitu diozue?

Jantziak aldatu dira. Lehen, jendeak erabiltzen zituen batez ere zaiak. Arropen gainetik janzten zuten emakumeen zaia, eta gero galtzamotzak [artilezko azpantarra] hankak babesteko. Aurpegia beti estalirik, mozorroaren azpian, nor den ez jakiteko. Lehenbiziko urtean, askok maskara erosi zuten, inauteriak aditzerakoan hori etortzen zitzaielako burura. Baina esan zieten ezetz, hori ez zela ohikoa, eta bizpahiru urtetan hori baztertu zen.

Gaur egun inauteriak oso sakon bizi dira, ezta?

Oso-oso. Orain 40 urte dituztenek txikitatik bizi izan dute, eta oso haiena da. Besteok ere bai, noski, baina geroago ezagutu dugu; beraz, ezberdina da. Eskolan ere egiten ziren haurren inauteriak, baina orduan ez zegoen musikarik, eta astebete lehenago egiten zen. Ez zuten ez Miel Otxinik ez deus, soilik nesken atzetik ibiltzen ziren erratzak eskuan.

Zu ere dantzatzen zinen inauterietan?

Ni gaztetan dantzatzen nintzen, baina inauterietan ez nintzen txatxoen konpartsan sartzen. Bestetan ere zortzikoa dantzatzen da, plazan. Orain ere ez naiz ateratzen dantzatzera inauterietan, soilik dantzatzen naiz mozorrotuz gero, bestela ez. Bestetako dantzaldian bai.

Emakumeek parte hartzen zenuten inauterietako komitiban?

Ez, hori askoz ere geroago izan da. Ni izan nintzen lehenbizikoetakoa, lagunekin batera.

Nola egin zenuten? Gogotsu zineten?

Bai, gogo handia genuen ateratzeko. Egia esan, hemen ez zen inolako problemarik izan emakumeak onartzeko, beste toki batzuetan gertatu den bezala. Besterik gabe, gu bestetan dantzatzen ginen gaztetatik. Naturalki egin genuen, ez genuen hitz egin ere. Lehenbiziko aldiz, 40 urte ingururekin jantzi nintzen inauterietan. Eta bazkarietan parte hartzearena, hori bai, hori berriagoa izan da. Guk ez genuen ostatuan bazkaltzen, baina hasi ginen bestetan emakumeen bazkaria prestatzen. Geroago, neska gazteak nagusiekin batera sartzen ziren inauterietan; jende gutxi zegoen, eta gazteak ere sartzen ziren. 20 urteak pasa zituztenean, esan zuten: «Eta guk zergatik ez dugu ostatuan bazkalduko?», eta horrela hasi ziren.
JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Dokumentuaren akzioak