Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka V. Pasaiako Dantza Festibala "espazio berriak konkistatzera" dator

Dokumentuaren akzioak

V. Pasaiako Dantza Festibala "espazio berriak konkistatzera" dator

Ekainaren 8an hasiko da PDF. Ohi bezala Antxon izango dira emanaldiak, baina agertoki berrietan. Antolatutakoen artean, Murillori omenaldia.
Egilea
Olaia Gerendiain
Komunikabidea
Oarsoaldeko Hitza
Tokia
Pasaia
Mota
Albistea
Data
2023/05/26
Lotura
Oarsoaldeko Hitza
Iazko festibaleko argazkia.

Bosgarrena da aurtengo Pasaiako Dantza Festibala, eta, berritasun aski badakartza ere, ohi bezala Antxon hartuko du lur. Ekainaren 8an hasi eta 11ra bitarte (ostegunetik igandera, beraz) dantzarekin lotutako hogei bat jarduera eskainiko dituzte, doan.

Sortzaile berrien eta atzetik ibilbide luzea duten dantzarien ikuskizunez gain, tailerrak, erakustaldiak eta “zenbait sorpresa” ere promestu dituzte Iurre Aranburu eta Aiert Beobide antolatzaileek. “10 ordu baino gehiago dantzan, eta dena doan!”.

Hain epe laburrean Euskal Herri mailan erreferentzialtasun nabarmena lortu duen proiektua da PDF, inguruko nahiz nazioarteko ikusleak herrira erakarri izan dituena. Dantza estilo bateko zein besteko zaleak hurbildu izan dira Antxora PDFz gozatzera, izan ere, dantza garaikidetik hasi eta, flamenkoa, dantza bertikala, dantza antzerkia, balleta, euskal dantzak, performancea, dantza urbanoak ere eskaini izan baitituzte.

Kultur jaialdiaren helburuak argi dituzte antxotarrek: “Festibalak ez du euskal konpainia ospetsuek beren azken sorkuntzak erakusteko edukiontzi bat izan nahi soilik, baita tokiko proiektuen pizgarri ere”. Horren erakusle, sortzaile berriak izango dira aurtengo egitarauaren lehen eguneko protagonistak.

Agertoki berriak
Pasai Antxoko topoa lurperatzeko lanek sortu duten testuingurura egokitu behar izan da aurten baita PDF ere. Obrek hartutako espazioak erabili ezina erronkatzat hartu dute aranburu eta Beobidek: “Espazio berriak konkistatzea izango da erronka, eta horrelakoak gustuko ditugu!”.

Agertokiak bost izango dira: Biteri plaza, Katuen Etxadia, skate parka, skate parkeko harmailak, Luzuriagako parkea, eta Eskalantegiko (Luzuriaga) udal lokala. Euririk egingo balu, emanaldiak Ibaiondo pilotalekura lekualdatzea aurreikusi dute.

Egitaraua
Esan bezala, osteguna sortzaile berriena izango da. Ostiralean arratsalde osoko egitaraua irekiko du Haatik etxeko konpainiak, Biteritik Luzuriagara arteko bidea egingo dutelarik, skatepark ingurutik igarota. Larunbatean, nabarmentzekoa, Iker Murillo dantzari antxotarrari egingo dioten omenaldia, oholtzak utzi izanaren harira. Igandean, goizeko eskaintza Katuen Etxadian eta Biteri plazan.

Xehetasun guztiak PDFren webgunean topa daitezke. Horra hor egitarau osoa:

  • Ekainak 8, osteguna (sortzaile berriak)
    • 19:00. Ground zero. You are not machines. Skate parkean.
    • 19:30. Jone Amezaga eta Manu Gaigne. Remedios vals. Skate harmailetan.
    • 20:00. Unity kolektiboa. Biak bat. Biteri plazan.
  • Ekainak 9, ostirala
    • 18:30. Haatik. Ezkiula. Biteri plazan.
    • 19:00. Akira Yoshida. Burial of the bark. Skate parkean.
    • 19:35. Mizel Theret. Komunikazio inkomunikazio. Skate gradetan.
    • 20:30. Osa eta Mujika. Bueltaxka. Luzuriaga parkean.
    • 21:00. Lokke. Doppel-Leo. Luzuriaga parkean.
    • 21:30. Paula Parra. The bleedings issue. Luzuriaga parkean.
  • Ekainak 10, larunbata
    • 11:00. Dantza familian tailerra. Irakasleak: Jone Amezaga eta Manu Gaigne. Luzuriagako udal lokalean.
    • 13:00. Ekitaldi berezia: Iker Murillo dantzariari omenaldia. Biteri plazan.
    • 17:30. Iker Murillo Studio 24. Erakustaldia. Biteri plazan.
    • 18:30. Alkartxiki. Alkartasuna Dantza Taldea. Biteri plazan.
    • 19:30. Qabalum. La medida que nos ha de dividir. Skate parkean.
    • 20:00. Cia. Hiriko. X2. Skate gradetan.
    • 20:45. Amaia Elizaran. Ihir. Luzuriaga parkean.
    • 21:30. Kresala. Amoria & Dolore. Luzuriaga parkean.
  • Ekainak 11, igandea
    • 12:00. Barra klasikoa. Iker Murillo Studio 24. Katuen Etxadian.
    • 13:00. Herri ekimena. Zanga handia. Biteri plazan.
    • 13:30. Ttipika. Dantzaldi gidatua. Biteri plazan.

Dokumentuaren akzioak